Musikakoak

Zortziko

XIX. mendean zehar, zortziko punttudun hau euskal ikono musikal nagusi bihurtu zen batere dudarik gabe. Prozesu hau oso ezaguna ez izan arren, pentsatzekoa da partehartze oso garrantzitsua hartu behar zuela Jose Maria Iparragirrek. Urretxuko bardoak bateratu zuen zortziko erritmo bitxi estereotipatua eta bere estrofa berrikuntz musikal erromantikoekin: tonaltasuna eta bimodalitatea batetik, Iparragirreren kasuan kromatismo, modulazio eta tonu aldaketa ugarirekin. Eta erritmo aldetik, konplexotasun erritmiko erromantikoak tradizio zaharrarena ordezkatzen du: abiaduraren pixkanakako aldaketak (rallentando eta accellerando, alegia gero eta astiroago edo gero eta azkarragoa), kalderoiak (nota hormatuak erritmoan)... bere garaiko bel cantoren ezaugarriekin nolabait.

Bere obrarik famatuena, Gernikako arbola, segurki aldaketa horien adibiderik onena ere izan daiteke: dirudienez, Durangoko Merinaldeko dantza doinu tradizional bat hartu zuen eta gustu erromantikoaz moldatu. Tradiziozko doinuaren erritmo konplexua, ia ezpata-dantzarena, zortziko estereotipatu bihurtu kalderoi batekin, eta txistuaren eskala bitxia maior moduan garatu zuen, modulazio eta tonu aldaketa batzuekin. Crescendo melodiko-harmoniko bat ere badu, Iparragirrek lortu nahi zuen enfasi foruzale-abertzalerako zalantzarik gabe oso egokia (Sánchez Ekiza s.f.).

Gernikako arbola, dakigun bezala, askatasun foralen ikurra bihurtu zen berehala, eta, musikak bakarrik lor dezakeen moduan, bera kantatzeak, talde batean eta modu publikoan bereziki, euskal nortasunaren adierazle eta gauzatzeko era hoberenak suposatzen zituen. Baina Iparragirreren trebezia euskal tradizioa eta musika erudito europarra bateratuz, eta bere garaiko gustu musikalekiko egokitasunak arrakasta herrikoi ikaragarria lortu zuen. Gaur egun ere, ehun eta berrogeita hamar urte geroago, beste obra batzuk hagitz popularrak dira: gehienak 5/8 zortzikoak dira, hala nola Gitarra zartxo bat, Nere amak baleki edo Ezkongaietan; baten bat 6/8 zortzikoa, Ume eder bat kasua, eta beste batzuk oso erraz zortiko bihurtuko lirateke, Ara nun diran adibidez.

Edozein kasutan, abesti hauekin euskal musika egiteko eredu bat finkatu zen, arrakasta oso handia lortuz bai jendearen artean bai ikono gisa. Zortziko honekin, alegia, euskaldunen moduan musika egiteko gida bat sortu zen: garaiko errekurtso estilistiko guztiak erabili zitezkeen euskal erritmoa mantentzen bazen. Garaiko deskribapenetan, izan ere, aspektu hauek azpimarratzen ziren: bere erritmoaren misterioa bat zetorren euskararenarekin eta, modu erromantikoan, euskaldunen nortasun sinple eta soilarekin, baita bere herriko paisaia hostotsuarekin ere. Egitura berri hau mila konposizio egiteko erabili zen, eta, Iparragirreren ondoren, errekurtso estilisto batzuk errepikatzen ziren: modulazioak, adibidez, askotan maior eta minor moduak txandakatuz, eta Isabel Díaz Morlanek (2005) emoziozko tontor gisa funtzionatzen duten puntu gorenak deitu dituenak. Beraz, Iparragirreren figura, gutxienez momentu honetan dakigunaren arabera, ezinbestekoa izan zen zortziko estereotipatuaren garapenean.

Eredu hau hartuko du ekintza musikal publiko mailan protonazionalismo musikalean Pablo Sarasatek konposizio batzuk egiteko, beste estereotipo batzuekin egin zuen bezala, hala nola jota eta musika zingara. Baina, batez ere, etxe giroan interpretatzeko erabili zen, giro burgesean, pianoaren laguntzarekin. Giro horretan bereziki zabaldu zen euskal berpizkunde kulturalaren barne, eta horregatik bere komunikabide nagusian, aldizkarietan, adibide ugari aurkitzen dira. Euskal-Erria aldizkarian, kasu, 1880 (sortu zen urtea) eta 1899 artean, berrogeita bost pieza musikal argitaratu ziren: ia erdiak, hogeita bi, 5/8 zortzikoak izan ziren.

Arrakasta horrek ez zuen bakarrik euskarazko zortzikoak lortu: gaztelaniaz ere franko egin ziren, baina horretarako zortziko txikiaren metrika moldatu behar zen. Euskaraz hain arrunta den zazpi eta sei silabetako bertsoen alternantziak ez zuen zentzurik izan gaztelaniaz, baina irtenbidea ez zen zaila: gaztelaniaz, sei silabetako bertso bikoitien azken hitza oxitonoa izango dira, eta beraz, hizkuntza honen arau metrikoen arabera, zazpikotzat ere jotzen dira. Hona hemen, adibide gisa, gaztelaniazko jatorrizko hitzak dituen zortziko famatu bat, aipaturiko estruktura duena, eta bere euskaraketa, jakina, zortziko txikian azken hau:

Gabak zabaltzen ditun
izarren bidetan,
zure irudi maitea
dator ametsetan.
Egunak galtzen ditu
izar eta ametsak;
hala hondatzen nau ni
zu nerekin ezak.

Lejos de aquel instante,
lejos de aquel lugar
mi corazón amante
siento resucitar.
Vuelvo tu imagen bella
en mi memoria a ver
como un temblor de estrellas
muerto al amanecer.