Irakasleak

Zipitria Irastorza, Elbira

Gerra Zibila bukatutakoan, Donostiara itzuli zen. 1942an Dawn sindromea zeukan Miguel Maria Eguia gazteari klaseak ematen hasi zen. 25 urtez eginiko lanari esker ikasleak kultura orokorrean oinarri sendoa lortu zuen eta euskara eta frantses hizkuntzak ikasten hasi zen. Urte hartan neska bati ere klase partikularrak eman zizkion. Baina Zipitriak ikasle talde sendo bat nahi zuen, euskaraz modu egonkor eta jarraituan irakatsiko ziona. Hau, 1943an lortu zuen. Ikasgaiak Donostiako etxe partikular ezberdinetan ematen ziren. 1946tik aurrera Fermin Calbeton kalean zeukan bere etxean eman zituen klaseak. Ikasle kopurua handitzen ari zitzaion gutxika eta ondorioz euskarako irakaskuntzara irakasle berriak gehitzeko beharrean aurkitu zen.

Hemen hasten da Zipitriak gerra ondorengo ikastolen mugimendua bultzatu eta sortzeko lan ikaragarria. 1949an Amale Arzelusi ikastolara joaten ziren euskaraz ondo ez zekiten haurren hezkuntzaren ardura hartzeko eskatu zion. Amalek bere lana utzi eta ikasgaiak etxean bertan ematen hasi zen. Urte bat geroago Itziar Arzelus, Amaleren ahizpa eta tituludun irakaslea, hilabete batzuek Elbiraren klaseetara joan zen eta honen pedagogi-metodoa ikasi ondoren, bere etxean bertan hiru eta lau urte bitarteko haurrentzat ikastola bat eratu zuen eta hala Zipitriak bost urtetik bederatzi urte bitarteko haurren heziketaz bakarrik arduratu ahal izan zen. 1953an ikastolen mugimenduan Faustina Karril gehitu zitzaion. Hiru hilabetez Elbiraren pedagogi-metodoa ikasten igaro ondoren, Faustinak, alokairuko gela batean, hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat ikastola ireki zuen. Karmele Esnalek ere, gero Santo Tomaz Lizeoaren erakuntzan funtsezko papera eduki zuena, andereñoaren ikastolara joan zen 1952-1953 ikasturtean.

Elbira Zipitriak euskararen irakaskuntzan irakasle gazteak birziklatu eta prestatzen jarraitu zuen etengabe 1968ra arte. 1956an Mª Karmen Mitxelenak egin zituen praktikak Elbirarekin eta urtebete beranduago ikastola bat sortu zuen Donostian. Bilboko lehen ikastola ere, 1957an San Nikolas parrokiako lokal batzuetan eratua, Zipitriaren eskolakoa zela kontsideratu daiteke: Mª Carmen Garaik Bilboko zentroaren zuzendaritza hartu aurretik hilabete pasa zuen Donostian Elbira andereñoaren metodoa ikasten. Ondorengo urteetan eta sistema bera jarraituz, Mª Karmen Lasarte, Kontxi Beitia, Arantxa Arrazola, Maritxu Marizkurrena, Izaskun Busto, Koro Aldanondo, Miren Terese Aleman, Arantxa Mendizabal eta Begoña Goyak beste ikastola batzuk sortu zituzten Gipuzkoako herri ezberdinetan, Pasaian, Hernanin eta Lasarten. Bestalde, Elgoibar, Lazkao, Beasain eta Añorgako ikastolek Zipitriaren metodoak erabili zituzten, andereño batzuk Mª Karmen Mitxelenarekin ikasi zutelako, aipatu bezala, Zipitriaren ikaslea 1956an.