Dantza

Zinta-dantza

"Brokel-dantza" izeneko dantza-zikloa errituzko hainbat dantzaz osatzen da. Zenbaitetan tresna osagarriak erabiliz egiten da eta beste zenbaitetan haiek baliatu gabe. Ziklo horren barnean egiten da "Zinta-dantza" izenekoa. Juan Inazio de Iztuetak aipatzen digunez azken dantza hori 12 gaztek egiten zuten tradizionalki, buruzagi baten zuzendaritzapean. Lehenik eta behin lekuan bertan dantzatzen zuen taldeak eta, ondoren, zintak txirikordatu eta askatzeko mugimenduak egiten zituzten.

Dantza hori probintzia osoan hedaturik zegoen (Zaldibia, Errenteria, Donostia, Antzuola, etab.) eta, zenbaitetan, muturrean kaiola esferiko baten itxura zuen tramankulu bat zintzilikatzen zuten. Kaiolaren barnean bi uso egoten ziren eta kaiola irekitzean ikusleek hegaztien hegaldi aske ikusgarri edo ustekabekoa ikusten zuten.