Dantza

Zinta-dantza

Maiatzeko zuhaitzak (Gurutze Santuaren antzekotasun kristauarekin) mozten dituzte tokiko gazteek. Hala berezko habitatetik (basoa) erauzi eta, behin apaindu edo bedeinkatu ostean, leku garai eta ikusgarri batera eramaten dituzte, komunitate osoa babes dezan. Gauza bera esan daiteke, San Joan jaiegunean (ekainak 24) eta zonalde ugaritan egiten diren tokiko jaiegunetan komunitateen begietara paratzen diren zuhaitz edo adarren inguruan. Azken kasu horretan gazteek herriko plazan altxatzen dute zuhaitza, hainbat produktuz hornitu edo apainduta. Halaber, sarritan, jaietako nasapuntako gisa erabiltzen dira.

Orobat, tokiko gazteen artean ohikoa izan da zuhaitz horien errepikak paratzea haien "maitasun leiala" erakusteko, neskatxa baten ezkontza iragartzeko edo, are, komunitateko usadioen aurkako jarreraren bat zigortzeko.

Agian jatorrian hala izango zen. Dena den, dantza-maisua agertu zenean (XV. mendean), gortesauen artean egiten zuen lan estimatuarekin, izaera koreografikoa duten estanpa eder edo bereziak sortu ziren. Ondoren, klase herrikoiak konposizio horiek kopiatu edo erreproduzitzen zituen bere jaialdietan.

Hori dela eta, zinta-dantza horietako asko dantzaldi- edo antzerki-saio handien barnean agertzen dira (errepresentazio eszenikoak, "danceak" edo "pastoradak" eta haietako elkarrizketa ugariak nahiz mairu eta kristauen arteko alarde edo antzezpenak). Bestela, errituzko dantza-ziklo batzuekin lotzen dira, tokiko gazteek edo artisauen gremioak dantzatzen dituztenak jaiegunetako prozesio ospetsuetan (Gorpuzti eguna, herriko jaiak edo gremio-jaiak, bisita garrantzitsuak, etab.). Hala ere, sarritan hura dantzatzeko era eta bere jatorria komunitatearen barnean jazotako gertakizun zehatz batekin lotzen dira (gaizkile edo etsaiak preso hartzea, irabazitako borrokak, gertakari azpimarragarriak, etab.).

Orokorrean, horrela dantzatzen da zinta-dantza: masta baten puntan hainbat apaingarri (liliak, landareak, traste mekanikoak edo panpinak) jartzen dira. Apaingarri horietatik kolorezko hainbat zinta zintzilikatzen dira eta zinta horiek dantzari kopuru bikoiti batek eusten ditu (8, 12, 16, etab.). Dantzari horiek lekuan bertan zenbait pausu antzezten dituzte eta, ondoren zintak mastan txirikordatzeko mugimenduak egiten dituzte. Behin guztia txirikordatuta, kontrako aldera mugitzen dira zintak askatzeko. Zenbaitetan, kapitain (buruzagia), morroi-nagusi edo makila-gizon batek zuzentzen du zinta-dantza hori, , etab.

Zinta-dantza Euskal Herriko Pirinioen azpiko probintzietan ezagutzen da, izan ere, Pirinioez iparraldean ez da harren arrastorik. Jarraian, zinta-dantza agertzen den probintzietan dantzak dituen berezitasunak ikusiko ditugu.