Arkitektoak

Zarranz Pueyo, Joaquin

Arkitektoa. Iruña, 1905; Teruel, 1938.

Joaquin Zarranz Pueyo arkitekto nafarra bere probintziaren eremuan lan egin zuen Gerra Zibilaren aurreko urteetan, bere arkitekturan modernotasuna eta arrazionalismoaren alde apustua eginez.

Joaquin Zarranz Pueyoren inguruko datu gutxi bildu izan dituzte oraingoz ikerlariek, baina Nafarroako arkitekturaren historia XX. mendearen hirugarren herenean lantzen duen liburuetan beti agertzen dira bere lanaren inguruko aipamenak , bereziki etxebizitzaren tipologian, Gerra Zibilaren aurreko urteetan arlo honetan lan handia egin baitzuen. Berez, Zarranzen lana tamalez beste arkitekto batzuekin gertatu den bezala urte akotan isilpean egon da, liburu eta gida askotan egin zituzten eraikuntzengatik tartea izanik, baina beraien inguruko ikerketa sakonik egin gabe. Eta arkitekto euskaldun hauen lana Gerra Zibila aurreko eta ondorengo hamarkadetan ez zen bakarrik ezinbestekoa izan garaian gizarteak hain beharrezkoak zituen etxebizitzen beharrak asetzeko, baizik eta gainera, beraien estiloarekin egun ezagutzen dugun gure lurraldearen paisaia arkitektonikoa definitu zutelako. Estilo horren ezaugarri dira eklektizismoari egin zioten muzina eta modernotasunaren eta arrazionalismoaren aldeko apustua.

Joaquin Zarranz Pueyoren inguruko datu gutxi biltzea lortu bads ere, bere lanen inguruko informazioek argi erakusten dute bere ibilbidea eraikuntza eta proiektu kopuruaren aldetik oparoa izan ez bazen ere, behintzat oso lan interesgarri bat egitea lortu zuela: Iruñako Udal Aurrezki Kutxaren eraikina (1934), kontutan hartuta batez ere garaia eta testuinguruaren zailtasunak. 1931n Madrilen Arkitekturako Goi Eskolako titulua lortu ondoren bere lehen lanak bere jaioterrian egingo ditu, Iruñan, nahiz eta hainbat proiektu ere Bilbon aurkeztuko dituen Juan de Madariaga Astigarraga arkitekto bizkaitarrarekin batera. Dena den, lehen aipatu bezala eta bereziki bere kasuan, ez du ibilbide oparoa izango ,tamalez 1938an Gerra Zibilan bizitza galduko duelako.

Zarranz Euskal Herriko arkitektura garaikidearen historian bere leku propioa izateko eskubidea irabazi du bi arrazoiengatik. Lehenengoa, modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua egin zuen lehen arkitekto nafarra izan zelako -1932ko urtarrilean GATEPAC (Grupo de Arquitectos y Técnicos Españoles para el Progreso de la Arquitectura Contemporánea) elkarteko kide egin zen eta, harrezkeroztik, AC aldizkaria (Documentos de Arquitectura Contemporánea) elkartearen buletina, bere estudioan jasotzen hasi zen- eta bigarrengoa, etxebizitza eraikin motari erakutsi zion begirunearengatik.

Lehenengo arrazoiarekiko, aipatu Zarranz Iruñan azaldu arte bere ikasketak 1931an Madrilen amaitu ondoren, Nafarroan modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua nahiko xumea izan zela. Horren salbuespen adierazgarrienak Javier eta José Yarnoz Larrosa arkitektoen zenbait lan -Nafarroako Aurrezki Kutxaren egoitza nagusia eta Foru Ogasunaren eraikin nagusia, biak Iruñan bertan (1932)- eta Serapio Esparza San Julian arkitektoaren Vazquez de Mella Ikastetxea (Iruña, 1934), dira. Hala ere, adibide hauetan modernotasuna modu apalean ulertzen zen, art deco estiloaren eraginez eraiki baitziren. Azken finean, garai horretan, hogeitamargarren hamarkadan, Nafarroan arkitekturaren esparruan pertsonaia garrantzitsuena Victor Eusa izan zen. Izan ere, bere arkitektura, estilo eklektiko eta berezian egina, beste profesionalen lanen emaitzetan eragin handia zuen eta, neurri handi batean, nafarroako arkitekto gehienek estilo hau modernotasuna eta arrazionalismoarekiko alternatiba gisa bereganatu eta barneratu zuten. Horregatik, Joaquin Zarranz lurralde honetan hogeitamargarren hamarkadan azaltzen denean, Iruñako Udal Aurrezki Kutxarako Eraikinaren txapelketa 1934ean irabazten duenean -epaimahaian Yarnoz anaiak eta Serapio Esparza egonik- eta bere eraikuntza modernoa eta arrazionala altxatzea lortzen duenean, orduan bai esan daiteke Nafarroan arkitektura ulertzeko modu hau momentu horretan hasi zela, bere lana eta bere eraikinari esker.

Iruñako Udal Aurrezki Kutxarako Eraikina (Sarasate Pasealekuan, 4. zenbakia) lehen solairuetan Aurrezki Kutxaren bulegoak eta azkenekotan etxebizitzak jasotzeko prest egon behar zuen . Iruñako pasealeku ospetsuan kokatuta, eta Diputazio Jauregitik -Jose de Nagusia arkitekto gipuzkoarrak XIX. mendearen erdi aldean eraikita- eta Foruen omenez altxatutako monumentutik oso gertu egonik -Manuel Martinez de Ubago arkitektoaren lana XIX. mendearen amaieran-, Zarranz gaztearen apustua guztiz desberdina izan zen. Eraikin monumentala eta historizista egin beharrean, sinpletasuna eta soiltasunaren aldeko apustua egin zuen, era berean kokalekua berezia zuela eta ordezkatzen zuen erakundea Nafarroako ekonomian eta gizartean esanguratsua zela ahaztu gabe. Beraz, eraikin soilik funtzionala egin beharrean nolabaiteko monumentaltasuna atxikitzen saiatu zen, alde batetik eraikinaren angelua indartuz eta horretarako forma bertikalak azpimarratuz - eraikina modernotasunak eta arrazionalismoak hain gustukoa zuten itsasontzietako estetikara hurbilduz-, baina bestetik ere bi alboetako formak kurbadunak bihurtuz horrela ere eraikina adierazgarriagoa eginez, hamarkada bat lehenago Alemanian Eric Mendelsohn arkitektoak egin zuen antzera. Bestela, eraikinean ez da apainketarik aurkitzen eta soilik detaile txiki batzuk kokatzen dira azken solairuetan art deco estetikatik hurbil daudenak. Hala ere, nahiz eta Zarranzek azken solairuak atzeratu eraikinari mugimendua eta arintasuna txertatu nahian, azkeneko solairua ez da Zarranzen lana baizik eta 1958an atxikitutako estaia, eraikinaren konposizioa eta oreka tamalez hautsiz.

Bigarren arrazoiari dagokionez, aipatu beharra dugu Zarranzek kezka berezia erakutsi zuela etxebizitza eraikin motarekiko. Izan ere, 1929an oraindik ikasle zenean, Juan de Madariaga Astigarraga arkitekto bizkaitarrekin batera Espainiako Etxebizitza Minimoei eskainitako lehiaketara hainbat proiektu desberdin aurkeztu zituen. Bertan argi ikusten da bi arkitekto gazteen kezka ez zela soilik mugatzen eraikinen kanpoko itxurara, baizik eta hausnarketa bera planteatzen zutela eraikinaren oina eta funtzionamenduarekiko, modernotasuna eta arrazionalismoaren printzipioak etxebizitzaren tipologian aplikatuz. Bere lana aipagarria izan zela argi geratzen da. Izan ere, 1931n Zarranzek Bilboko Solokoetxe etxebizitza proiektuaren lehiaketan epaimahaiko kide izan zen; bertan C. Emiliano Amannen proiektu izan zen irabazle.

Hiru urte beranduago, 1934ean, eta orain ere Juan de Madariaga Astigarragarekin batera Bilbon bertan Tomas Meaba Hezkuntza Eraikin lehiaketara aurkeztu ziren. Oraingoan ere funtzionalismoaren aldeko apustua nabarmena zen, baina honako honetan formak leuntzen saiatu ziren. Zenbait detailetan Euskal Herriko ohiko arkitekturaren eragina antzematen da, adibidez, eraikinaren sabaiak antolatzeko orduan. Urte horretan bertan, baina Iruña hirian, Iruñako Udal Aurrezki Kutxarako Eraikinarekin batera Zarranzek Larraina Elkartea altxatu zuen, oraingoan ere modernotasunaren aldeko apustu garbia egin gabe, ziurrenik bezeroek hizkuntza arkitektoniko garaikidearen aldeko apustuak ez egitea nahiagoko zutela pentsatuz.

Tamalez Joaquin Zarranz Pueyoren ibilbide interesgarria Gerra Zibilak moztu egin zuen, 1938an Ebroko gudan bizia galdu baitzuen borrokatzen zegoen bitartean. Berarekin batera, gerra ondoren Nafarroan modernotasuna eta arrazionalismoaren aldeko apustua ere desagertu egin zen testuingurua bera ere aldatu egin zelako. Frankismoak eklektizismoan orokorrean eta zehazki historizismoan oinarritutako arkitektura bultzatu zuen. Ezin ukatu, Nafarroak geroago gertatu zen hizkuntza arkitektoniko garaikideen berreskurapenean garrantzi handia izan ahal zuen pertsonai interesgarri bat galdu zuela 1938 urte hartan.