Dantza

Zapatain-dantza

Zapatain dantza Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan lehenago ematen zen irri dantza da, bizar dantza, argi dantza, matelota, kadira dantza eta beste zenbaiten parekoa. J.-M. Guilcher-ek Uztaritzen eta Luzaiden bildu zuen dantza horren testigantza (Guilcher, 1984). Bere informatzaileek zioten dantza 1900 inguruan galdu zela. Alduden eta Zalgizen, aintzinako belaunaldiek ematen zutela oroitzen ziren. Aita Donostiak (Donostia, 1933) argitaratu zuen Violet Alford ikerle ingelesak Ainhoan 1929an bildutako bertsio bat. Dantza joko hori gau beiletan, arto zuritze, eztei eta ostatuetan ematen zen. Aita Donostiak dio bere garaian dantza hori oraindik ematen zela, besteak beste, Getarin, Donibane Lohitzunen, Hendaian, Hazparnen eta Miarritzeko Saint-Martin auzoan. Pili Taffernaberry Bidarteko xirribikariak, eta Pierre Socodiabehere "Xatorra" Arruntzako soinulariak bi gerlen artean oraindik komuzki erakusten eta emaiten zuten Zapatain dantza, beste irri dantzekin batera (Truffaut, 2004).

Ainhoako bertsioan, zapatain dantza errondan ematen zen, dantza jauzietan bezala. Dantzariak belaunikatu egiten ziren, eta airearen lehen partean, zapatainaren lana eskarniatzen. Eskuineko eskua orratza balitz bezala erabiltzen zuten airean, beharrean igurtziz, eta beste eskuak irudikatzen zuen zapatan sartuz. Haria bildu, eta tiratzen zuten. Soinua berriz hasten zen hastapenetik, eta esku eskuinarekin jotzen zen belaunaren gainean tinko zen ukabilaren gainean, mailu batekin bezala. Gero eskuineko eskua itzulikatzen zen ukabilaren gainean. Zapata berriz jo eta, dantzariak zutitzen ziren eta polka urratsetan segitzen. Guilcher-ek dioenez, dantzak bertze aldaerak bazituen. Uztaritzen, dantza bakarka ematen omen zen. Dantzaria belaunikatu egiten zen eta, belauna ingudia balitz bezala erabiliz, alegiazko zapata pausatzen zuen, mailuskarekin jotzen zuen, orratza sartu eta haria tiratzen zuen ikusteko ea aski azkarra zen, korapilatzen zuten, eta abar. Kantuak bazituen bere hitzak, gaskoineraz. Alduden, zapatainak bazituen bi laguntzaile, eta ustegabetarik jotzen zituen haria tiratzerakoan. Dantzan.com web atarian azpimarratzen dutenez, zapatain dantzaren hainbat bertsio aurki daitezke Europan, adibidez Austrian, beti polka erritmo berarekin (dantzan.com, 2011).

  • Dantzan.com. "Zapatain-dantza, zapatarien polka Euskal Herrian eta Europan". Eibar: Dantzan.com. [Kontsulta data: 2011ko uztailak 10].
  • DONOSTIA, Aita. "Apuntes de folklore vasco. Danzas de oficios". Yakintza. 1933, 1 zbk. (urtarrila-otsaila), 75-76 orr.
  • DONOSTIA, Aita. Cancionero vasco. Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1994.
  • GUILCHER, Jean-Michel. La tradition de danse en Béarn et Pays Basque français. Paris: Maison des Sciences de l'Homme, 1984.
  • TRUFFAUT, Thierry. "Un siècle de danse. Pili Taffernaberry et Xatorra, derniers mainteneurs de la tradition des sauts basques en Labourd ". Ekaina (coll.) Bidart. Saint Jean de Luz: Ekaina, 2004, 420-433 orr.