Abeslariak

Zabalbeasain, Matilde

1910ean Pasaian jaiotako abeslari liriko gipuzkoarra. Bilbon hil zen 1975ean.

Eusko-Abesbatzako soprano bakarlaria eta Donostiako Orfeoian egindako emanaldiengatik ezaguna.

1933an Bilboko Arriaga Antzokian, Donostian eta Iruñean Amayaren emanaldian abestu zuen Eusko-Abesbatzarekin, eta 1934ko apirilaren 12 eta 14an Bartzelonako Gran Teatro Liceon Amayaren papera antzeztuz, eta bere arreba Josefina Amagoyarena, Gabriel de Olaizola, Cristobal Antonio Cortajarena eta Altuberekin batera.

1936ko gerrak erbesteratuta, Gabriel Olaizolak eraman zuen Baionara, Eresoinkako kide izateko, eta lehen soprano gisa aritu zen bertan. Euskal Abesbatza Nazionala 67 ahots mistok osatu zuten, 1937ko abenduan Parisko Pleyel aretoan abestuz, eta Matilderi egokitu zitzaion Oñazezen interpretazioa, 1929an hil zen Constantino Esnaolaren omenez. Zuzendaria Gabriel Olaizola eta Jose Etxabe izan ziren abesbatzarako, Jesus Esnaola dantza talderako eta Enrique Jordá Gallastegui orkestrarako. Parisen ostean, Bruselan, Brujasen, Amsterdamen, Hagan eta Rotterdamen aritu zen Eresoinka. Amsterdamen, Matildek beti bezala abestutako Oñazez zenbakiarekin batera Jordá aritu zen pianoan, orkestrak lirismo guztia kenduko zion beldurrez. Belgikan eta Holandan hilabete eta erdiko bira egin ondoren, Eresoinka Parisera iritsi zen berriz 1938ko martxoaren 25ean. Apirilaren 6an, Zabalbeascoa bakarlari gisa aritu zen bere kantu gogokoenarekin, horretan espezializatu baitzen, eta publikoak hala eskatuta errepikatu zen; hori, berriz ere, hilaren 9an eta 10ean gertatu zen. Parisko emanaldiek hilaren 19ra arte jarraitu zuten. Londresen, Pepita Embilek interpretatzen zituen Lore eta Oñazez abestiak kendu zituzten, programan agertzen ez zen orkestrarako laguntza behar zuelako. 1945ean egin zuen debuta Maria Teresa Hernandez Usobiagak sortutako Maitea abesbatzarekin.

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Bidegileak bilduman informazio gehiago dago eskuragarri Matilde Zabalbeaskoari buruz.