Politikariak eta Kargu publikoak

Vidarte, Juan Ignacio

Bilbao, 20-02-1956.

Deustuko Unibertsitatean Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu ostean graduondoko ikastaro bat egin zuen Massachussetseko Institutu Teknologikoan (MIT), Cambridgen (Estatu Batuak).

Hainbat kargu bete ditu Bizkaiko Foru Aldundian: 1986-1988 bitartean Bizkaiko Lurralde Azterlanen Institutuko Zuzendaria izan zen. Urte hartan Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Ekintzako Zuzendari Nagusi izendatu zuten eta kargu hartan mantendu zen 1989. urtera arte, orduan Politika Fiskal eta Finantzarioko Zuzendari Nagusi izendatu baitzuten.

Bilboko Guggenheim Museoa abian jartzeko beharrezkoak ziren esku-hartzeak garatzeko helburuarekin 1992. urtean euskal erakundeek eratu zutenetik Bilboko Guggenheim Kontsortzioko zuzendari izan zen. 1996an Bilboko Guggenheim Museoko Zuzendari Nagusi izendatu zuen bere Fundazioko patronatuak. Kargu hori alboratu gabe, 2008. urtetik aurrera Solomon R. Guggenheim Foundation fundazioko Estrategia Orokorreko Zuzendari Nagusi modura aritu da.

Vidartek artikulu ugari argitaratu ditu eta hitzaldi asko eman ditu, besteak beste, Museoaren funtzionamenduaren edota inpaktu ekonomikoaren inguruan. Halaber, "Efecto Guggenheim" izeneko hitzaldia eman zuen.

Orobat, Estatuko nahiz nazioarteko forotan parte hartu du, horien artean aipagarriak dira 2001eko Bruselas Capital de Europa izeneko seminarioa, Los encuentros para la Europa de la cultura, 2005ekoa, edo New Yorken egin zen Cumbre del Liderazgo Creativo Global izenekoa, 2008an.