Lexikoa

BIKUÑAK ETA BASKONGADOAK

Lehenak andaluziarrak, Extremadurakoak, mantxarrak, gaztelarrak eta portugaldarrak ziren, konkistatzaileen izpirituaz animatuak. Abenturazaleak ziren gehienetan, meategi eta etxaldeetako lan neketsuari gutxi emanak. Kreoleen, mestizoen, beltzen, mulatoen eta indiar mitaioen sinpatia izan zuten, baskongadoek azken horiek esplotatzen baitzituzten. Bikuña izena hartu zuten, Andeetako animalia horren artilez egindako kapelak eramaten zituztelako

Baskongadoak euskal hiztunak ziren, praktikoak, tematiak eta sutsuak. Haienak ziren zilar-meategiak. Monarkia zilarrez hornitzeaz arduratzen ziren eta udal-boterea monopolizatu egiten zuten. 1623an Gipuzkoako agintariei bidalitako idazkian, talde gisa definitzen dira, eta honako hau salatzen dute: "Lotsagabekeriaz jasaten ditugu gizalegerik gabeko demasiak, Espainiako probintzien izenean bandera egin eta elkarrekin konfederatu baitira gizon bihozgabe batzuk, zuen seme-alaba hauen aurkako jazarpen nabarmena eragiteko. Bizkaiko Jaurerri noblearen, Arabako Probintziaren eta Nafarroako Erresumaren zuen seme-alaben kontra altxatu dira; gure artean inolako bereizketarik gabe, baskongado izena hartzen dugunon kontra, alegia”. Ikusi VASCONGADO. Baskongado horien arteko elkartasuna erabatekoa da. Charcasko Auzitegiaren kontakizun anonimo baten arabera: "Bizkaitarrak gutxi dira, baina jendea elkartuta dago, eta elkarri laguntzen diote, bai beren pertsonekin, bai beren ondasunekin..." Crespok dioenez, baskongadoek "Indietako konkistaren zentzu utilitarioa zuten, Extremadurakoek edo andaluziarrek baino maila altuagoan, eta, orokortzerik ez badago ere, ez zuten azken horien jarrera heroiko berbera."

II. Gerra Karlistaren amaieran, bikuñen eta baskongaden arteko liskar horiek eta elkarrekiko gorrotoa areagotu ziren, batez ere gerraren ondoren gertatu zen erasoaldi publizitarioaren kausaz. Justo Zaragozak 1876an argitaratu zuen Castellanos y vascongados liburuan, kontakizun anonimo bat sartu zuen, 1624ko uztailaren 1ean idatzitakoa, orduko gertakarien beroaldian, (Tratado breve...). Han egileak zalantzan jartzen zuen baskongadoen leialtasuna Koroarekiko. Zaragozarentzat halako leialtasun falta konstante bat izan zen, eta karlismoarekin berpiztu egin zen. Liburu hura oso interesgarria da bi aldeen pentsamoldeak ezagutzeko; izan ere, Burgosko herritar batek eta Bilboko beste batek nork bere arrazoiak azaltzen ditu bertan. Lehenengoaren arabera, euskal herritarrak (gipuzkoarrak, bizkaitarrak, nafarrak, arabarrak eta Indietako kolonoak) beti izan dute Koroaren babesa, iskin egiten diote gaztelarren botereari eta "Indietako zilarra" xahutu egiten dute: “Frantziara bidaltzen duzue,  hangoak auzokide baitituzue, haiekin ezkontzen eta ahaidetzen baitzarete, eta haiekin partekatzen baitituzue maitasuna eta edaria”. Euskal familia horretakoak dira "Indietan gure artean dabiltzan frantses euskaldunak". "Haserretzen zaretenean, esaten diguzue Bizkaiari ez zaiola senarrik faltako" baina "Andaluzia da zuen Indiak eta zuen paradisua". Bizkaitarrak beren nobleziaren eta hidalgiaren argudioa erabiltzen du, bere odol-garbitasuna, Inperioaren meneko izateko modu berezia justifikatzeko ("erregearen espainiarrak"). Bikuñen gorrotoa "bilauak hidalgoekin duten gorrotoa naturala" dela dio. Bizkaitarraren arabera, horren guztiaren jatorria da euskaldunak Tubalengandik datozela  ("gu gara Espainiako lehen biztanleak"), eta hortik dator euskara (hebreera ustela). "Gure lurra inoiz konkistatu ez izanak" indartu egiten du baskongadoen izaera. Foruen sistema egoera horretatik sortu omen da, baita "Espainiak iparraldean duen harresia" izatetik, eta euskaldunak "Itsasoko jende ospetsua" izatetik ere. Gaztelarrak, ordea, euskararen eta euskaldunen izaera semitikoa onartzen du, baina jatorrizko hidalgia godoen seme-alabena dela aldarrikatzen du (hidalgit; eqhidalgo), euskaldunak noble godoen esklabo juduen ondorengoak direla argudiatuz, Kristoren gurutziltzatzaileak. Bere ustez,  hortik datorkio euskaldunari  eskribau, armero eta lukurrero gisa duen trebetasuna, eta hortik dator euskal toponimia (Fuente-Rabia), izena bera (vizcaines izenak horixe esan nahi baitu: Cain-en imitatzaileak), azentua edota judu izaera. “Horregatik erretzen baitzaituzte, Logroñon, Gasteizen, Iruñean edota Biarnoan, egunero Espainiatik kontatzen diguten bezala” -dio, Durangoko herejeen kasuari edota fede-autoei erreferentzia eginez.

Noblezia unibertsala "astakeria da, denok zaretelako nobleak". Ikusi NOBLEZA. "Euskaraz hitz egiten duten frantsesei buruz”, hau da, Indietan beren hegoaldeko "ahaideekin" kausa komuna egiten duten horiei dagokionez, gogoratu behar da Nafarroaren konkista eta banaketa gertuko gertaera zela, eta paparrean lys lore bat eramatea susmagarritzat jotzen zela oraindik ere. Ikusi NAVARRA. Gogoratu behar da, halaber, Aragoiko Koroaren menekoek ez dutela parte hartzen Amerikaren konkistan eta kolonizazioan. 1622. urtean Oyanume kapitainak Sebastian de Goicolea kontulariari bidalitako gutun batek euskal bandoaren indarrak zehazten ditu: "Gure gudarostea ehun zaldik eta 60 herrikidek osatzen dute, zahar eta gazteen artean; 40 nafar eta lurralde berriko 80 kreole, gure herrikideen seme-alabak; Quito, Lima eta beste lurralde urrun batzuetatik etorriak. Horrez gain, gure lagun Jorge frantziarrak, bere kontura, 60 gizon utzi dizkigu, Kataluniakoak, Erronkarikoak eta atzerritarrak. Mondragonek, bestalde, 50 gizon eta 20 zaldi bidali dizkigu Tucumanetik, Sanchillo bere semearen agindupean, herrikideak eta beste lurralde batzuetatik etorritakoak.