Arkitektura

Valdespinako Markesaren Jauregia. Ermua

Barrokoa XVII. mendearen erdialdean hasi zen zabaltzen Euskal Herrian, eta XVIII. mende osoan zehar luzatu zen. Beste lurralde batzuekin konparatuz, estiloa berandu iritsi eta motel egokitu zela esan daiteke, baina azken fasean, hau da, XVIII. mendean, obrarik garrantzitsuenak egin ziren.

XVIII. mendean Bizkaian eraiki ziren jaueregietatik, Valdespinako Markesaren jauregia izan da deigarrienetako bat. Etxaleku hau Ermuako hirigune historikoan kokatzen da, Valdespinako Markesaren kalean, hain zuzen ere. Jauregia Santiago parrokia-elizaren aurrean dago eta deigarria da eraikuntza honekin daukan harremana. Bizkaiko errenazimenduaren eredu onenetariko bat da Santiago parrokia-eliza baina, kanpandorreari dagokienez, aldi barrokoko ezaugarriak ikus daitezke, Valdespina jauregiaren parekoak, izan ere, bi eraikinak arkitekto berak, hots, Sebastian Lekuonak egin zituen.

Erdi Aroko jatorrizko etxebizitzak ia ez dira mantentzen Ermuan, baina jakina da herri sarearen egitura partzela estuetan antolatzen zela garai hartan, hortaz, litekeena da Valdespina jauregiko orubea horietako partzela batzuen elkartzearen emaitza izatea. Etxaleku urbano hau leku pribilegiatu batean proiektatu zen, ez bakarrik hiribildura irekita egoteagatik baizik eta zelaira ere. Gogora dezagun, XVIII. mendeko barrokoaren pentsamoldeari jarraiki, garai honetako jauregiak altxatzeko landarez inguratutako bizilekuak aukeratzen zirela edo, orube preziatuenek, behintzat, naturarekin harreman zuzena zeukatela, eta Valdespina jauregiaren kasuan adibide ona dugu.

1729an Andres Orbe eta Larreategik, Valentziako artzapezpikua eta inkisidore nagusiak, sustatu zuen jauregi honen eraikuntza eta Ermuako parrokia-elizaren kanpandorrea. Sebastian Lekuona arkitektoarekin hitzartu zituen obrak eta artzapezpikuaren mezenasgoari esker aurrera eraman ziren egitasmo hauek, etxalekua eta kanpandorrea. Aipatutako arkitektoa ezaguna zen lurraldean, zeren, garai hartan Loiolako santutegiko obretan aritu baitzen eta Elgoibarko udaletxeko trazatuan ihardun baitzuen. Hala ere, Sebastian Lekuona 1733. urtean zendu zen eta bere koinatua, Jose Zuaznabar hargina, arduratu zen lanetaz, 1759an bukatuz.