Kontzeptua

Uztarria

Euskal uztarria adar-uztarria da, eta garondoaren gainean doa, adarretara lotuta. Caro Barojaren arabera, mendialdean, Asturiasen eta Aragoin erabiltzen denaz oso ezberdina da.

Egurra erabiltzen zuten ekoizpenean: ehun urtetik gorakoa eta bustia, landu ahal izateko. Ohikoena pago-egurra zen, nahiz eta urkia, haltza edo gaztainondo zuria ere erabiltzen ziren. Gaztainondo beltza, ordea, ez zen egokia, egur ahula baitu. Enborrak 1,90 metroko zirkunferentzia izan behar zuen gutxienez. Lau zatitan banatzen zen, eta zati bakoitzean, uztarri bat zizelkatzen zuten.

Uztarria pieza bakarrekoa zen: banakakoak 80 zm zituen, eta bikoitzak, 120 edo 130 zm, idien uztarria behiena baino zertxobait handiagoa zelarik. Banakako uztarria Europa Erdialdean oso hedatuta zegoen, baina Euskal Herrian oso urria zen.

Uztargileak honako tresna hauek erabiltzen zituen: aizkora, opatxurra (aitzurra), trintxa, kubia (azalera kurbatuetarako gubia), taatulua (birabakia), egurrezko mazoa eta arraitza (zorrozteko harria).

Ereak edo edeak (uztar-hedea) uztarria elkartzen du, eta idi edo behi larruz egin ohi zen. Espiralean mozten zenean, pieza bakarra zuen, eta, bestela, jostiako tira zuzenekin osatuta zegoen. Uztarri bikoitza honela osatzen da: ertzak edo belarriak (muturrak); lau adar-zulo (adarrentzako krokadurak) eta bi buru-leku.

Adar-zuloez aparte, beste bi zulo daramatza (hede-zuloak), uztar-hedea lotzeko, eta atzeko partearen gainean, zenbait kanal (lepo-hedeak), abereak lotzeko uztar-hedea bertatik pasatzeko. Erdiko zuloa (kurteriarentzako zuloa) ezkila-formakoa da, eta bertatik, kurteria bi aldeetara zintzilik dago.

Kurteria larru-tira txirikordatuz eginiko uztai bikoitza da, eta bertan pertika, timola (goldearen endaitza) eta lardaia sartzen dira, kabilekin helduta. Lardaia idi-demak egiteko erabiltzen da. Heldulekuaren gainean, bi zulo daude, eta, bertan, arku itxurako haga bat lotzen da, tradizioz ardi-larruz estali ohi dena.

Baxenabarren, Arakilgo haranean, Iruñeako arroan eta Ollaranen, hiru behi batera eramateko adar-uztarriak erabiltzen ziren. Makal-egurrez egiten zituzten, material oso arina baita, eta behi edo idi gazteak trebatzeko erabiltzen ziren. Tresna hainbat atalez osatuta zegoen, horien artean honako hauek nabarmentzen direlarik: kopetekuak (kopetakoak) eta endaitzak, uztarrira pertikarekin eta burdinazko edo egurrezko zenbait uztairekin lotuta zeudenak. Endaitzari barcia deitu ohi zaio Estellerrian, bardia Arroan eta maspiril Ameskoan. Kanpoaldean, orri eta lore irudiak, gurutzeak eta abere-buru estilizatuak zizelkatzen ziren, begizkoetatik babesteko ahalmen magikoa zutela sinesten baitzuten. Irudi horiek euskal uztarriaren ezaugarri bitxienetako bat dira. Uztargilearen ofizioa lehen artisautzaren eremuan errotuenetako bat zen arren, XX. mende erdialdetik aurrera desagertuz joan da.

Erref. Juan Garmendia Larrañaga: Artesanía Vasca, I, Donostia, 1970.