Marrazkilariak

Urmeneta, Mikel

Mikel Urmeneta Otsoa-Errarteko, 1989.eko abenduaren 25ean jaio zen Iruñan. Artista, eta Kukuxumusu-ko sortzaile nahiz sormen-zuzendari New York eta Iruña artean bizi da.

Bere jaioterriko Jesusen Bihotzaren Misiolarietan eta Cristo Rey eskoletan egin zuen OHO, eta ondoren Ximénez de Rada eta Ermitagañako institutuetan burutu zituen ikasketak. 2. BBB amaitutakoan, bere bizitza nola bidera zezakeen pentsatzen hasi zen.

Horrela, Dekorazioko lehen ikasturtea egin, eta freelance gisa hasi zen lanean, Nafarroako hiriburuko publizitate agentzia batzuentzako marrazkiak eta maketazioak eginez. Hortik ateratako diruarekin, eta kredituren bat tarteko, bost kontinenteetan barna bidaiatzen aritu zen. Pascuako uhartea, Polinesia frantsesa zein Iruñarekin senidetuta dagoen Yamaguchi hiri japoniarra bezalako leku exotikoak ezagutzeko aukera izan du.

Mugitzeko eta gauza berriak ezagutzeko grinak, eta pertsona irekia eta kosmopolita dela kontuan izanik, beste zaletasun batzuk ere destakagarriak lirateke, argazkilaritza nahiz kartelgintza hala nola. Sanfermin jaietako kartel lehiaketan bi aldiz irabazle suertatu da, Donostiako Musika hamabostaldia, Gasteizko Jazzaldia, San Lúcar de Barramedako Zaldi Lasterketak, Euskal Turismoko edo ta Euskal Pilota Mundu Txapelketaren berri eman duten kartelak ere egin ditu. Berriki Sanferminetako Zezen Peria 2013ko eta Madrilgo San Isidro 2013ko kartelak diseinatu ditu.

Baina bere arrakastarik handiena, inolako zalantzarik gabe, Kukuxumusu da. Sektore ezberdinei sormena ematen ahalegintzen den empresa izanik, 90 herrialde baino gehiagotan merkaturatzen dituen kamiseta nahiz beste euskarri batzuetan eginiko marrazkiei esker oso ezaguna da. Mikel Urmeneta, Koldo Aiestaran eta Gonzalo Domínguez de Bidaurreta, hiru lagunen artean suertatutako ideiari erantzuna emanaz sortu zen Iruñan 1989.urtean. Kukuxumusu, Sanfermin jaietako ereferente bihurtu da.

Kukuxumusurekin lan ezberdinetan parte hartu du, Microsoft, Schweppes, Nesquik, Port Aventura, etab. bezalako markekin, Amnistía Internacional edo Greenpeace bezalako erakundeekin, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuarekin edo ta Sir Edmund Hillary, Dalai Lama, Juan Luis Arsuaga, Jane Godall edo Eduardo Punset bezalako pertsonaia ezagunekin elkarlanean arituz.

Mikel Urmeneta arte munduan murgildurik aurkitzen da, Moisés Pérez de Albéniz galeristaren eskutik Welcome Home bakarkako erakusketa eta honen galería bertan eginiko "Kukuxumusu relocated" bezalako ekimenen bidez arte mundura itzuli ostean.