Kazetariak

Uriarte, José Rufo de

1867ko abuztuaren 27an Bermeon jaiotako kazetari, editore eta idazlea. Faustino de Uriarte herriko semearen eta Busturiako Paula de Inchaustiren semea. 1932ko azaroaren 27an hil zen.

1889an Argentinara joan zen amarekin batera, zazpi anaia hil egin baitziren.

1893an Francisco Grandmontagne-rekin batera La Vasconia aldizkari euskaldun-argentinarra sortu zuen, gerora, 1903an euskal grafiaz izendatu zutena (La Baskonia). Bertako zuzendaritzan lan egin zuen 1932an hil zen arte. Aldizkari hori 1943ra arte argitaratu zen eta Argentinako eta Amerikako beste herrialde batzuetako euskal kolektiboarentzat erreferente garrantzitsuenetako bat izan zen. Grandmontagnek, Luis Jaizquibel izengoitia, bere deitura edo inizialak erabiliz berrehun biografia baino gehiago argitaratu zituen euskaldunen inguruan; horrez gain, hainbat ipuin eta eleberri ere argitaratu zituen, 1901ean Uriarterekin zituen ezadostasunak zirela medio aldizkaria utzi zuen arte. Zuzendarikide kargu hori Luis de Lizarralde medikuak hartu zuen 1903. urte amaieran.

La Baskonia aldizkarian hainbat idazle entzutetsuk argitaratu zituzten lanak, esate baterako, Florencio de Basaldua, Arturo Campion, Pio Baroja, Miguel de Unamuno, Tomas de Otaegui, Carmelo Echegaray, Aita Donostia, Ramiro y Maria de Maeztu edo Ruben Dariok; zerrenda hori asko luza daiteke. Aldizkari horren orrialdeak euskal artelanen edo kultura unibertsaleko lanen erreprodukzioz hornitu ziren, beste askoren artean, Victoriano Iraola, Txiki, Pepe Arrue, Cabanas edo Oteiza aipatu behar dira bertako karikatura-egileen artean.

Euskal kulturaren adierazpen oro zabaldu ziren aldizkariaren bidez: hizkuntza, pintura, eskultura, musika, politika, gizarte gaiak eta umorea beste gai askoren artean.

Imprenta baten jabea izan zen, Buenos Aires hiriko Belgrano 1893 kalean kokatzen zena; inprentaren izena ere La Baskonia zen. Inprenta hartan, aldizkaria editatzeaz gain, idazle argentinar ugariren eta herrialdean finkatutako idazle atzerritarren lanak argitaratu ziren: Leopoldo Lugonesen lehen poesia-liburua eta "Las montañas de oro" (1897) lana, Ruben Dariok idatzitako "Los raros" (1896), Francisco de Grandmontagneren "Teodoro Foronda" -Argentinako gizartearen eboluzioak- (bi liburukitan) eta "La Maldonada" eleberria, Enrique de Gandiaren "Nuevos datos para la biografía de Juan de Garay" lana (1927) eta Florencio de Basalduaren hitzaldiak (1911). Urte batzuk geroago Andrea Moch-en hiru lan: "Del Cantábrico al Plata" (1909), "Impresiones de mi viaje a Norteamérica" (1923) eta "Páginas Vividas" (1925); 1910ean "Los baskos en el Centenario" argitaratu zuen, Argentinako mendeurrenarekiko euskal kolektiboaren atxikimendu gisa. 1916an Independentzia Deklarazioaren mendeurrena zela-eta "Los baskos en la Nación Argentina" argitaratu zuen, 1919an berrargitaratu zena. Ia 700 orrialdez osatutako lan horretan Euskal Herriari, Argentinako probintziei eta hartzen dituen lurralde nazionalei buruzko informazio historiko eta geografikoa barneratzen da; halaber, Uruguaien finkatutako euskaldunak, literatura gaiak, artea edota biografiak ere aztergai dira, eta pertsonaia ospetsuen argazki-galeria garrantzitsu bat ere barneratzen da. 1930ean ¿Quiénes son los baskos? Idatzi eta editatu zuen. Aldizkariko oharretan aipatzen zenez "euskal gaiak hedatzeko liburua da, euskal arraza eta herriaren alderdi anitz eta interesgarriak hedatu eta ezagutarazteko helburua duena".

Liburu horiei hogeita hamar almanaka liburuxken edizioa (La Baskonia) gaineratu behar zaie, egunero kuota bat ordaintzen zuten aldizkariko bazkideei zuzendutako sari gisa. Kazetari modura egindako lanean iritzi-oharrak, ipuinak, Beti-Bat izengoitiarekin sinatutako bidaia-kronikak, euskaldunen herriari buruzko aipamen historikoak eta Argentina gorestea xede zuten orrialdeak barneratu behar dira; aberriarentzat garrantzitsuak ziren egunetako protagonistak.

Argentinaren mendeurren ospakizunak prestatzen ari zirela-eta (1910) 1908an Andree Moch eskultore eta pintore frantziarra (Paris 1879, Buenos Aires 1953) iritsi zen herrialdera.

Frantzian eta Espainian aurrekari profesional azpimarragarriak zituen artista hark aurkezpen-gutunak ekarri zituen Uriarterentzat eta Buenos Aireseko egunkari ezagunetako zuzendarientzat. Lehenengoak euskal kolektibo anitza bateratzen zuen Laurak Bat delakoarekin lotzen zuen artista. Bertan, artista frantziarrak (euskaraz hitz egiten zuen) bere lanak erakutsi zituen, eta horietako askotan Euskal Herriko paisaiak, baserriak eta pertsonaia herrikoiak irudikatzen ziren. Erakusketa hark arrakasta izan zuen eta, ondorioz, hainbat pertsonaia ezagun erretratatu eta zizelkatu zituen, esate baterako, Florencio de Basaldua, Daniel de Lizarralde, Florencio Constantino eta Jesus Guridi. Horrez gain, beste lan askoren artean Juan Pedro Passicot-i egindako bustoa azpimarratu behar da. Andrea Mochek (izena gaztelaniaz ezarri zuen) Uriarterekin maitasunezko harreman bat izan zuen eta Uriartek amarekin batera artistaren departamentu-lantegian kokatu zuen bere bizilekua, Avenida de Mayo 1480 delakoan. Urte horietan editore-kazetaria lan bat taxutzen ari zen: "Los baskos en la Nación Argentina". Lan horretan frantziarrak aktiboki kolaboratu zuen, hainbat ohar eta pintura inprimatuta. 1909az geroztik Andrea Moch "korrespontsal grafikoa" izan zen. Jardun horretan bi hamarkada baino gehiagoan aritu zen euskal kulturaren alde, hala, aldizkariari kutsu kultural nabarmena eman zion.

1931ko uztailaren 14an, lau hamarkada baino gehiagoan ezkutuan egon ostean, Uriartek Europara bidaiatu zuen Asturias lurrunontzian. Hainbat hilabete eman zituen Euskadin eta bertako herri eta hiriak zeharkatu zituen garai hartan aldizkarian Donostiako korrespontsal modura lan egiten zuen Martin de Angiozarrekin (Martin de Berraondoren izengoitia) batera. Hilabete horietan museoak, fabrikak, lantegiak, hondartzak eta interes publikoko hainbat instituzio bisitatu zituen Bilbotik kronika kostunbristak eta bestelako intereseko gai puntual batzuk bidaliz.

Kazetariak 1924etik 1932raino luzatu zen gaixotasuna izan zuen, miokarditis kroniko baten ondorioz, halaxe jasotzen da medikuaren heriotza-ziurtagirian. Urte horietan Andrea Mochek ordezkatu zuen lanean eta pertsonalki arduratu zen haren zaintzaz. Europatik itzuli eta urtebetera, 1932ko azaroaren 27an hil zen artistaren etxean, 65 urte zituelarik. 1933ko abuztuan eskultoreak hura oroitzeko egin zuen brontzezko plaka bat eraman zuen Bermeora, honako hitzok zizelkaturik zituena: "Obra cultural baska realizada en América durante cuarenta años. José R. de Uriarte-Bermeo, 1867-Buenos Aires, 1932". Herri horretako udaletxean entregatu zuen plaka eta udal-eskolaren parean kokatu zuten, han ikasi baitzituen kazetariak lehen letrak.

Ez bata eta ez bestea ez ziren ezkondu eta ondorengorik ere ez zuten izan.

  • Jose R. de Uriarteren jaiotza- eta heriotza-aktak
  • -Andree Mochen jaiotza- eta heriotza-aktak
  • La Baskonia aldizkaria. Urazandi bilduma (1893-1932)
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. "MOCH, Andrée". Estornes Lasa Entziklopedian txertatutako ahotsa, 2007.
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. Andrea Moch. Promotora de la cultura baska en la Argentina, azaroa, 2008. Euskosare
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. GRANDMONTAGNE y OTAEGUI, Francisco. Estornes Lasa Entziklopedian txertatutako ahotsa, 2007.
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. José R. de Uriarte. Un olvido incomprensible. Euskosare, 2008ko ekainak 9.
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. La Baskonia, su historia y su legado (1893-1930). Euskal Herria Mugaz Gaindi III. Nazioarteko Seminarioa, 2004ko maiatza. Montevideo.
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. El arte y la construcción de una identidad vasca. La Baskonia (1893-1920) (I / II) Euskonews & Media, 2007ko martxoa
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles Historia, Cultura y Memoria en la obra Francisco de Grandmontagne (1893-1903) Eusko Ikaskuntza, 2007
  • de DIOS ALTUNA de MARTINA, Ángeles. La Baskonia. Revista Ilustrada (1893-1943) EUSKOSARE
  • MOCH, Andrea. Del Cantábrico al Plata. La Baskonia argitalpenak, Buenos Aires, 1909
  • MOCH, Andrée. Andanzas de una artista, Aniceto López argitalpenak, Buenos Aires, 1939
  • MOCH, Andrée. Bocetos de mi viaje a Norteamérica. La Baskonia argitalpenak, Buenos Aires, 1923.
  • MOCH, Andrée. Impresiones de Buenos Aires. Aniceto López argitalpenak, Buenos Aires, 1939.
  • MOCH, Andrée. Páginas Vividas. La Baskonia argitalpenak, Buenos Aires, 1925
  • MOCH, Andrée. Soliloquios de Vida y Arte. Aniceto López argitalpenak, Buenos Aires, ekaina, 1948
  • URIARTE, José Rufo Los Baskos en el Centenario, La Baskonia argitaletxea, Buenos Aires1910
  • URIARTE, José Rufo Los Baskos y la Nación Argentina ,. La Baskonia argitaletxea, Buenos Aires, 1916
  • URIARTE, José Rufo ¿Quiénes son los baskos? La Baskonia argitaletxea, Buenos Aires, 1930