Marinelak

urdaneta, Andres de

1565eko ekainaren 1ean irten ziren Espainia Berrirantz (Mexikorantz), Urdaneta eta berrehun bat pertsona, nabigazioaren historian garrantzi izugarria izango zuen aurkikuntza baten atzetik. Ordura arte egindako bidaiarik luzeena izango zen; 7.644 milia nabigatu zituzten bide ezezagun batetik. Bidaia garrantzitsu hau 18 urteko mutil baten agindupean eta 57 urteko fraide baten zuzendaritza teknikoaren menpe egin zen. Lehena, Legazpiren iloba Felipe Salcedo zen eta bigarrena, berriz, Andres Urdaneta. Ordiziarrak ematen zuen konfiantza erabakiorra izan zen garai hartan ausarkeria suizida hutsa izango zena ahalbidetuz.

Esan bezala, ekainaren 1ean San Pedro ontzia Cebutik abiatu zen, baina Ozeano Bareko benetako nabigazioa 9an hasi zen, San Bernardino itsasartetik ateratzean. Udako montzoiak bultzatuta, abuztuaren 14ra arte ipar-ekialdera nabigatu zuten Acapulcoraino eramango zituen Kuro-Shivo itsaslasterra bilatuz; 39ºko ipar-latitudea 170ºko mendebal-longitudean, 32º iparrera jaitsi, eta, irailaren 4an, 39º 30' iparraldera igo ziren berriz ere. Nabigazioa 'alferrik' luzatzen zuten bi 'mutur' horiek ere ez ziren ezustekoak izan: Urdanetak egiaztatu egin nahi zuen longitudea, garai hartan koordenatu menderaezina baitzen, baina Ozeano Barea zeharka gurutzatzeko ezinbestekoa.

Kalkuluekin bete-betean asmatu zuen ordiziarrak. Irailaren 18an Kaliforniako Santa Rosa uhartea begiztatu zuten, eta honenbestez amaitzen zuten Itzulbidaia, Ozeano Barea mendebaldetik ekialdera zeharkatuz egindako lehen bidaia. Eskifaia oso nekatuta zetorren, baina marinelak jateko eta edateko premia handirik gabe iritsi ziren. Egun hartatik aurrera, azkar jaitsi ziren kostaldetik Urdanetak hautatutako herriraino, Acapulcoraino, hain zuzen ere. Urriaren 8an porturatu ziren. Bost hilabete behar izan zituen Navidad izeneko portura iristeko eta, 8 egun barru, Acapulcora. Hemen ere, Urdanetaren hitzak ditugu bidaia argitzeko:

"A primero de Octubre llegamos en frente del puerto de la Navidad; é no queriendo entrar en él, pasamos al puerto de Acapulco, por ser muy mejor puerto, y estar muy más cerca de México que no el puerto de la Navidad con más de 45 leguas. Pasamos mucho trabajo á la vuelta Con tiempos contrarios y enfermedades. Murieron seis hombres hasta surgir en el puerto, y después de llegados á él otros cuatro, y más un indio de las islas de loS Ladrones que envió el General Con otros tres indios que envió de la isla de Zubu. Vino por capitán de la nao Felipe de Salcedo, nieto del General, el cual se hubo cuerdamente en su cargo...".

Espinosa pilotuak, berriz, hurrengoa dio:

"Lunes quando amanesció á 1º de Octubre, año del nacimiento de nuestro Señor y Salvador JesuChristo de 1565 años, amanescimos sobre el puerto de la Navidad, y á esta hora miré en mi carta y vide que había andado 1.892 leguas desdel puerto de Zubu fasta el puerto de la Navidad, y á esta hora me fuí el Capitán y le dige que á dónde mandaba que llevase el navío, porque estabamos sobre el puerto de la Navidad, y él me mandó que lo Ilebase al puerto de Acapulto y obedesci á su mandato, en que en la nao al presente no había más de diez hasta diez é ocho hombres que pudiesen trabajar, porque los demás estaban enfermos y otros diez y seis que se nos murieron. Allegamos á este puerto de Acapulco Lunes á 8 deste presente mes de Octubre con harto trabajo que traía toda la gente".

Acapulcora iritsi zirenean, Espainia Berriko (Mexikoko) Real Audienciak ohore handiz hartu zituen eta, ondoren, Espainiarantz bidali zuten Erregeari Itzulbidaiaren berri emateko.

Sanlucar de Barramedan lur hartu zuten eta 1566ko apirilean Filipe II.aren aurrean zegoen Valladoliden, mapak eta nabigazio liburuak erakutsiz.

Erregea informatu eta, 1566ko urriaren 8an Parecer del P. Andrés de Urdaneta agiria idatzi zuen; 1567ko udaberrian Espainia Berrira (Mexikora) itzuli zen eta 1568ko ekainaren 3an San Agustin komentuan hil zen.

Itzulbidaia aurkikuntza handi bat izan zen mundu guztian. Kuro-Shivo itsaslasterra jarraitzen zuen iparraldeko 42ºtako latitudean eta berehala konturatu ziren, Filipinak Espainiaren mende izateko eta Asia, Amerika eta Europaren arteko harreman komertzialentzako aurkikuntza honek zuen garrantziaz.

Nabigazio lerro bat ezarri zen berehala Asia eta Amerika artean. 1566ko maiatzean Manilako Galeoiaren garaia hasi zen, San Jeronimo ontzia Acapulcotik irten zenean eta, Filipinak eta Espainia Berriaren (Mexiko) arteko garraioa eginez mende batzuk iraun ondoren, 1815ean itxi zuten, Magallanes galeoiak azken bidaia egin zuenean.

Jarraitutako bidea beti izan zen bera: 12º iparraldean Guameraino joan ohi ziren zuzen-zuzen eta handik iparralderantz, Manilaraino. Itzulera Urdanetaren bidea edo Itzulbidaia jarraituz egin ohi zen, iparraldean 42ºko paralelora iritsiz, Kaliforniaraino jarraituz eta, kostan zehar, Acapulcora. Espainia Berriko (Mexikoko) urrea Txinako zetak eta portzelana garestiak erosteko erabili zuten eta tabakoa, kakaoa, artoa, kafea edo patata mexikarrak Filipinetara iritsi ziren. Onerako edo txarrerako, mundu globalizatuaren hasiera izan zen.

1565ean Andres Urdanetak egin zuen bidaia hura etekin handienetako bat eman zion inbertsioa izan zen errege espainiarrarentzat eta, materialak hemendik hara eta handik hona lekualdatzean, euskaldunak egin zuen aurkikuntzak gizarte ezberdinen arteko harremanen eta ohituren zabaltzea eta nahastea ekarri zuen.