Pintoreak

Uranga Diaz de Arcaya, Pablo

Margolari arabarra, 1861eko ekainaren 26an Gasteizen jaioa eta 1934ko azaroaren 6an Donostian hila.

Jaio zen hirian jaso zuen artearen inguruko lehen hezkuntza Soubrier irakaslerean eskutik eta, ondoren, Arte eta Ofizioen Eskolara joan zen. Jerez de la Fronteran ere aritu zen ikasten Rodriguez de Losada maisuarekin eta pintura arloko trebakuntza Madrilen osatu zuen, San Fernando akademian. Oñativia margolariaren aitaren ikaskide izan zen han. Prado museora maiz joaten zen eta han zeuden hainbat lanen kopiak egin eta nahiko prezio onean saldu zituen gero.

Ignacio Zuloagarekin eta Rusiñolekin bizi izan zen Parisen eta hango egonalditik itzulitakoan Elgetan (Gipuzkoa) jarri zen bizitzen. Paisaiak eta gai historikoak pintatzen egin zuen lan. 1924an eta 1925ean, orduan ere Zuloagarekin, Estatu Batuetan eta Kuban izan zen. 1897an erakusketa bat jarri zuen bakarka, Parisen, eta han arrakasta itzela lortu zuen han jarritako laurogeita hamabi lanekin. Hemen eta atzerrian ere jarri zituen erakusketak eta beti jaso izan zituen kritika onak eta salmentak ere ondo joan zitzaizkion.

Pablo Uranga margolari bikainaren bizitza pasadizo hunkigarriz eta bitxikeriaz josia dago. Flores Kaperotxipi margolari eta idazleak Urangari buruzko biografia bikain bat argitaratu zuen: Pablo Uranga (Vida, obra y anécdotas del pintor Pablo Uranga). Auñamendi argitaletxeak argitaratu zuen 1963an.

Ondorengo hauek dira lan esanguratsuenetako batzuk: Posada de las Animas - Logroño (Andres Garmendiaren bilduma, Buenos Aires), Elgueta en 1920, bilduma berekoa, Prueba de bueyes (Bilboko museoa), Uranga y Zuloaga pintando en Segovia (Daniel Zuloagaren oinordekoen jabetzakoa, Segovia), A los toros (Garmendiaren bilduma), El garrochista (Ameriketako Estatu Batuak, bilduma pribatua), La catedral vieja (Gasteizko Udala), Paisaje de Martutene (Garmendiaren bilduma), Romería (Donostiako San Telmo museoaren jabetzakoa), Retrato de hombre (Donostiako San Telmo museoan dago), La despedida del buñolero (bilduma pribatuan, Estatu Batuak), En el campanario de Elgueta (bilduma pribatua, Estatu Batuak), La vuelta de Iparraguirre (Garmendiaren bilduma), El Cristo de Vergara (Garmendiaren bilduma), La catedral vieja (Gasteizko Udala), Zuloaga leyendo (Luxenburgoko museoa, Paris), El guardia civil eta Pablo Urangaren familiak, jabetzan, dituen lanak: Aizkolaris, La vendimia, Bodegón, Ergobia, Tipos segovianos, Banderillas del Ostion, Sokamuturra, La procesión en Elgueta, El anticuario, La comida, El cañonero, marrazkiak eta apunteak. Muralista gisa Azpeitiko (Gipuzkoa) parrokian dauden bere margolanak aipagarriak dira.

Kritika anonimoa (Bilbo, 1934):

"Urangak oraindik, beste askok bezala, eragin frantsesa du eta inpresionismoan murgilduta dago. Joera horren baitan garatu ditu lan guztiak. Hori ez da nahikoa, hala ere, Urangaren pintura-kontzeptua azaltzeko, inpresionismoaren barruan ere, Urangaren arteak izaera oldarkorra eta erasokorra du, eskola hartako maisuen bereizgarri izan ziren argitasunetik eta araztasunetik oso urrun. Urangarentzat, pintura ez da formen multzo bat, formen muntaketa bat; baina ez da tonu garbien eta argien bateratze bat ere. Urangaren pintzelkadak trebeegiak eta indartsuegiak dira neurri zorrotzaren eta hurbilketa eta gainjartze metodikoen bidez lortzen den bateratzearen menpe egoteko. Arrazoimenaren bidetik baino, bere aldarte izugarriak sortutako bulkaden bidez margotzen du. Horregatik dira margolanak hain indar handikoak. Kontrasteak kolore-masa zirraragarrietan urtzen dira eta formak ozta-ozta daude mugatuak eta trazu zabal eta etenekin daude bereizita". (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Waldo Aguiar (1973):

"Urangaren margolanetan, pintzelkadak eta kolore beroak bere trazu bikainen emaitza dira. Aparteko trazu hori aberatsa da iradokizunetan, margolanak ikusten dituen margolarientzat estimulatzaileak dira eta edukiak sutsuak eta biziak dira, zuzenean bihotzeko dardaratik sortuak eta ez errepikapenetik. Norbaitek iparraldeko margolariek duten gaitasun koloristari buruz zalantzarik izango balu, Urangak ezohiko mamia eta aberastasuna duten bere lanen bidez, baliabide soilak erabilita, zalantza hori uxatuko dio, erabiltzen dituen koloreak beti gailentzen baitzaizkie formen balioei eta horrek berak, justifikatu egiten du Urangaren lanen maila".

Carlos Riberaren iritzia (Donostia, 1949):

"Urangak lotura nabarmena izan zuen inpresionismo -ez da Frantzian batere ohikoa- ilunarekin, museoetakoarekin, esango nuke; historiaren margolariak esaten zaienen estiloa zuen; esaterako, Pinazo eta Francisco Jimeno, margolari katalan bikaina, merezi gabe ezezaguna dena. Frantziarekin izan lezakeen antzekotasuna naturalistetan bilatu behar da; Courbet, Millet, eta horrelakoetan; baina berriro esan nahi dut, Espainiako margolariei lotuago ikusten dut nik. (...). Pintzelarekin gauzen sakon-sakonera joaten da Uranga, ukitu solteak eginda, pintzelkada labur eta, batzuetan, urduriekin. Anekdota txikienek ere garrantzia hartzen dute, bizimodu xumeari dagozkion gai arruntak goi mailako artearen kategoria plastikora igoaz". (Itzulpen moldatua gazteleratik).

Ana de Begoña, Mª Jesus Beriain eta Felicitas Martinez de Salinas (Gasteiz, 1982):

"Kostunbrismo etnografikoa eta tradizionala daude Urangaren lanetan, baina bat-bateko pintzelkada askeak dituen teknika baten bidez."

"Urangaren kostunbrismoa Valeriano Becquerren kostunbrismo erromantikoarekin eta Eugenio Lucasen kostunbrismo beltzarekin lotu daiteke. XIX. mendeko lehen erdiko margolariak izan ziren bi horiek." (Itzulpen moldatua gazteleratik).