Kontzeptua

Upeltegiak. Arkitektura

Euskal Herrian ardogintzaren lehen testigantzak Erromatarren garaiarekin lotu behar ditugu, ager vasconum eremuan ardoaren ekoizpenaren arrastoak aurkitu baitira. Ondorengo garaietan ekoizpenak eta kontsumoak aurrera egin bazuen ere, eremu pribatuetan besterik ez zen garatu eta horren ondorioz XIX. mendera arte itxaron beharko dugu tipologiaren sorrera ikusteko.

Kasu honetan, beste askotan gertatu den bezala, hasieran tipologia kanpoko faktoreen eraginez sortu zen. Filoxera izeneko gaixotasunak Frantziako mahatsondo gehienak hil zituen heinean, Araba eta Nafarroako ardoaren eskaria nabarmenki igo zen Europan eta orduan sortuko dira lehen upeltegi garrantzitsuak. Horiekin batera, lehen eraikin handiak gauzatuko dira ardoaren prozesuari eskainiak. Hain zuzen, Arabako Errioxa aldean Marques del Riscal izango da sortzen den lehen upeltegia. Lehen eraikin horiek, nahiko arruntak dira. Gehienetan eraikin bakar bat izan ordez, bi edo hiru eraikinez osatuta zeuden, funtzionaltasun xumez eta soilez eraikiak, industriarako eraikinen ezaugarriak landa eremuetako etxeen ezaugarriekin uztartuz.

Egoera hori eta ezaugarri nagusiak XX. mendean zehar bere horretan mantenduko dira. Baina azken hiru hamarkadetan sektoreak aldaketa handiak jasan ditu. Kalitatezko ardoen kontsumoa gora egin duen heinean, Euskal Herriko upeltegi ospetsuenak eraikin berriak gauzatzen hasi dira, ez bakarrik ardo hobeagoa egiteko asmoarekin, aipatu ditugun zerbitzu berriak ere eskaintzeko asmoz, hau da, bisita gidatuak, ardo dastaketak edo otorduak. Horretarako bezeroen arreta guneak, tabernak, jatetxeak eta hotelak eraikiko dituzte. Gainera, hedabidetan doako publizitatea aurkitu nahian, upeltegi gehienek ere arkitekto ospetsuengana jo dute, izarrak kontsideratzen diren arkitektoak alegia. Printzipioz eraikin on bat lortu nahian, baina baita ikusgarria eta mediatikoa ere.

Eredu asko aurki baditzakegu ere, ospetsuenak honako hauek dira: Frank Gehryren hotela Eltziegon Marques del Riscal upeltegirako, Ysios upeltegia Biasterin Santiago Calatrava arkitekto valentziarraren eskutik, Viña Real upeltegia Biasterin ere Philipe Mezier arkitekto frantziarrak eraikia, eta Araban ere, Iñaki Aspiazuk euskal arkitektoak eginiko lana, Baigorri upeltegia Samaniegon. Nafarroari dagokionean, hiru eredu azpimarratuko ditugu: Erriberrin Marco Real upeltegia Patxi Mangadok eraikia, Aberin -Lizarra ondoan- Rafael Moneok zaharberritu eta burututako Chivite upeltegia, eta Etxaurin Otazu upeltegia, Jaime Gaztelu, Paloma Baranjuen eta Ana Fernandez de Mandiak elkarlanean eraikia.

Eraikin horietan, gehienetan, ardoaren prozesua grabitatearen irizpidearen arabera antolatuta dago eta aurreko garaietako eraikinetan ez bezala, oraingoan eraikinak inguruan duen paisaiarekin bat egiten du. Arkitekturaren inguruko hizkuntzari so eginez, aniztasuna da nagusi. Horrela, zenbait upeltegietan eraikinaren espresioa bilatu bada ere, orokorrean, eraikin gehienek funtzionaltasuna errespetatzeaz gain, forma erakargarriak bilatu dituzte, naturarekiko adierazkortasuna eta errespetua modu egokian uztartuz.