Xabier Unzurrunzaga, 1937ko irailaren 17an Zarautzen jaiotako arkitekto gipuzkoarra.
Zarauzko erdigune historikoan dagoen Sotelo (gaur egun Ipar) kaleko etxebizitza batean jaio zen. Nortasun nazionalistako familia osatzen zuten sei anai-arrebetatik laugarrena da. Ama, Maria Goikoetxea, Markinan jaioa, Patxi Unzurrunzagarekin ezkondu zenean etorri zen herrira. Aitak, arte grafikoetan aritzen zen zarauztarrak, Itxaropena inprimategi-argitaletxea sortu zuen Santa Marina kalean 1932. urtean.
1939. urtetik aurrera, Gerra Zibilaren ondoren, euskararen alde lan egiten zuten askok erbesterako bidea hartu behar izan zuten, baina bere aitak familia aurrera ateratzeko bertan geratzea eta isilpean lan egitea erabaki zuen, errekisei aurre eginez eta zentsura eta errepresioaren menpe. Gerraostean euskarazko argitalpenekin euskal kulturari eusteko egin zuen lana arriskutsua[1] izan zen.
Inprenta-argitaletxea berrogei, berrogei eta hamar eta hirurogeiko hamarkadetan euskal hizkuntza eta kultura sustatzeko interesa eta grina zuten hainbat jenderen elkargune klandestinoa izan zen. Imanolek Patxi Unzurrunzaga (1906-1984) aitari eskainitako liburuan gogoratzen duen bezala, hilean behin bildu ohi ziren Gipuzkoako Foru Aldundiko liburutegian besteak beste, bere aita, José de Artetxe (idazlea, Aldundiko artxibozain eta liburuzain izandakoa), José María Busca Isusi, Zirikiain Gaiztarro, Valverde, Fausto Arozena, Pelay Orozko, Carlos Santamaría, Oteiza, Tellechea-Idígoras. Hauek guztiek bultzatuta, 1963an argitaratu zen, gobernu diktatorialak ezarritako adierazpen askeko oztopoak gaindituz, J. Oteizaren Quosque Tandem,,,,,!
Hauek eta Gipuzkoako beste intelektual asko, hala nola Koldo Mitxelena, José Miguel de Barandiaran, Luis Martín-Santos, Julio Caro Baroja, Ignacio María Barriola, Luis Peña Basurto eta abar, esparru profesional desberdinetakoa, Gipuzkoako lurraldeko benta edo herri txikietan biltzen hasi ziren Euskal Herriko alderdi kulturalei buruz eztabaidatzeko. Ideologia eta konbikzio politiko desberdinetako intelektualen taldeak antolatutako jarduera horiek, Euskal Herriko kultura eta artea berreraikitzeko helburu komuna zuten topaketa ibiltari horiek, Akademia errante izena hartu zuten. Euskal Herriko kulturaren ordezkari ospetsuen artean berrogeita hamarreko eta hirurogeiko hamarkadetan antolatutako bilera erdi-klandestinoak 1964an amaitu ziren, poliziaren jarraipena zela eta. Xabier, aitarekin batera, lagunen topaketa haietako konplizitate batzuen lekuko izan zen.
Haurtzaroko lehen urteak Zarautzen bizi izan zituen, La Salleko anaiekin ikasi zuen, hezkuntza katolikoaren ideien pean. Batxilergoan sartzeko azterketa bat zegoen, ondoren zazpi ikasturte, eta horietatik azken bostak Capuchina ordenako Lekarozko Nuestra Señora del Buen Consejo ikastetxean barne-erregimenean eman ondoren, Zaragozan emandako batxilergo titulua lortu zuen. Unibertsitatean sartzeko aukera izan zuen Estatuko azterketa gainditu ondoren, azken nahikotasun-proba. Unibertsitateko ikasketak burutu zituen familiako lehena izan zen, ondoren Juan Cruzek, zuzenbide ikasketak egin zituen, eta Maitek arkitektura.
1954an Madril eta Bartzelona ziren arkitektura ikasteko aukera ematen zuten penintsulako bi hiriak, eta Xabier Madrilera joan zen sarrera prestatzera; prestakuntzak barne hartzen zituen batetik zientzia zehatzei buruzko bi kurtso, kalkulu integrala eta diferentziala, eta marrazketako azterketa bat. Marrazketako azterketa ikasle bakoitzak bere kabuz landu behar zuen, eta horretarako 1954-1959 bitartean Revuelta izeneko akademikan eman zituen orduak, Madrilgo Sagasta kaleko hogeigarren zenbakian. Han bertan aritu zen Cesar Portela, Rafael Moneo, Daniel Fullaondo eta Emilio Mendivilekin, besteak beste. Bertan bost urteko egonaldia egin ondoren, 1959an Bartzelonako Arkitektura Goi Eskolan sartu zen. Bartzelonan bat egin zuen beste arkitekto hauekin: Manuel de Solà-Morales, Joan Margarit, Josep María Montañola, Jaume Sanmartí, Lluis Doménech, Marcial Echenique, Oscar Tusquets, Lluis Clotet; eta inguru hurbilago batetik garaikideak izan ziren Miguel Mieg, Enrique Guinea, eta Javier Salegui euskal arkitektoak.
Esan daiteke, garai hartan karreraren hastapen-fasea hain zaila zela, eta, oro har, hainbeste luzatzen zela, batez beste 6,9 urte, ezen, behin proiektua aurkeztuta, goi-mailako gradu akademikoa aitortzen baitzitzaien, eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak arkitekto-doktore titulua ematen baitzien. Horrela, X. Unzurrunzagak arkitekto titulua lortu zuen Bartzelonan 1964. urtean eta 1968an, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak (MEC) emandako doktore titulua.
ARKITEKTURA
1964an Bartzelonako unibertsitate-ikasketak amaitu ondoren, etxera itzuli zen, giro soziopolitiko asaldatuan; aldi autarkikoaren ondoren, mendebaldeko mundura zabaltzearekin batera eraldaketa, bilakaera eta hazkunde ekonomikoa eman ziren, garapen industrialari eta turismoaren bultzadari esker, eta horrek aldaketak eragin zituen gizartean. Diktadurako erregimen sozio-politiko baten pean bizi baziren ere, hirurogeiko hamarkadaren bigarren erdialdetik aurrera mugimendu ezkertiar eta nazionalistak aktibatu ziren, eta egoera berri baterako trantsizioa hasi zen. Parisko 68ko maiatzeko gertaerekin bat etorriz, zentsuratua izan zen euskal kulturak, arte sortzaileen diziplina desberdinak hartzen zituenak, bere bideari ekin zion, eta klandestinitatean urteetan egindako jarduerak aukera berriak eskaintzeko gidatuak izan ziren.
Harremanak sortu ziren arkitekto, musikari, poeta, eskultore eta hainbat artisten artean; aipatzekoak dira Xabierrekin harremanak saretu zituzten artista hauek: Ez dok Amairu (1965-1972) taldea, Josean Artze poeta, Eduardo Txillida, eta arestian aipatutako Jorge Oteiza bera.
Arkitekturaren esparruan, Luis Peña Gancheguiren inguruan, helburu sozio-kulturalak partekatzen zituen talde aurrerakoi bat sortu zen. Talde horretan X. Unzurrunzaga, J. Marquet, L. Zulaica arkitektoak, E. Aranzabal, J. Caballero eta I. Galarraga arkitektura ikasleak eta M. Garai zeuden; hartan Garai L. Peña Gancheguiren estudioan aparejadore lanetan zebilen. Arkitektura euskal kulturaren mundura hurbildu eta bertan sartzen saiatuz, euskarazko arkitekturari buruzko artikulu bat idazten hasi ziren Zeruko Argia aldizkarian, oraindik astero argitaratzen dena, Argia izenarekin.
X. Unzurrunzagak kultura arkitektonikoaren esparrutik euskara eta bere nortasun-ezaugarriak sustatzeko frankismoaren amaieran hainbeste herritan antolatzen hasi ziren hainbat ekitalditan parte hartu zuen: musika-emanaldiak, pintura-erakusketak, filmen proiekzioa, arkitekturari eta hirien historiari buruzko hitzaldiak, etab. Zalantzan jarri zituen erregimenak bultzatutako planeamendu-proposamen batzuk, hala nola R. Martínez Anidok 1966an Zarauzko hiribildurako proposatzen zuen antolamendu-plan orokorra. Horretarako, Oriol Bohigas, kataluinako arkitektoa gonbidatu zuen Zarauzko Modelo Zinemara hirigintzari buruzko hitzaldia eman zezan, eta onartzear zegoen Zarauzko Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorraren gabeziak adierazi zituen.
Baikortasun-giro batean, zeharkakotasunak sortu ziren artista gazte horien guztien artean, eta kultura-praktika eta -adierazpen desberdinetatik abitatuta bizi zuten egoerarekiko desadostasuna agertu zuten. Aldaketaren alde borrokatu ziren, talde gisa suspertzen ari ziren mugimendu anitzetan integratuta, erregimenari aurre eginez, berezko nazio-nortasunaren aurrerabidearen eta eraikuntzaren mesedetan, euskararen defentsan.
MARQUET, UNZURRUNZAGA, ZULAICA 1964 - 1969
Unibertsitate ikasketak amaitzearekin batera hasi zen X. Unzurrunzaga jarduera profesionalean, eraikuntzaren sektorea gailurrean zenean. Batetik, sektore industriala sustatzeko asmoz, Garapen Ekonomiko eta Sozialerako lehen Plana (Laureano López Rodok sortua) abian jarri zen, garapen-polo berriak sortuz, eta bestetik, hiru urte lehenago, 1961-1976 Etxebizitzaren Plan Nazionala onartu zen, etxebizitzaren defizitari erantzun bat ematearren eta halaber, merkatu hura normalizatzeko.
Karrera amaituta, taldean lan egitea erabaki zuen Javier Marquet eta Luis Zulaica arkitektoekin, eta Joseba Leizaola ingeniariarekin lankidetzan. Berria izan zen lanbidearen lehen urteak jorratzeko modua, belaunaldi bereko hiru arkitektoen baturarekin, izan ere, ohikoa zen arkitekto gazteenak beteranoren batek zuzendutako esperientziadun estudio bat bilatzea.
Enkargu ugari izan zituzten haiserako urte haietan. Gipuzkoako etxebizitza-eskaera handiari aurre egiteko, berrogeita hamar arkitekto inguru baino ez ziren. Proiektu gehienak antzeko diseinuarekin ebazten ziren bizitegi-eraikinak ziren, sistematikoki ideiatuak eta eraikiak. Ikasitako lanbidea praktikan jartzeko aukera izan zuten, lehen proiektu xumeen ondorioz. Dorreak eta/edo hormarte bikoitzeko etxebizitza kolektiboen blokeak eraikitzeko joera zegoen, eta hura bihurtu zen tipologia errepikakorra han eta hemen. Akaberari dagokionez, bistako adreilua gailentzen zen. Hori horrela, Marquet, Unzurrunzaga, eta Zulaicaren lehen urteetako eraikuntak bat zetozen Mugimendu Modernoaren irizpideen interpretazioarekin. Hala ere, nolabaiteko borondatea sumatzen da geroagoko proiektuetan forma arkitektoniko berriak sortzeko. Proiektu horietan hondo gutxiko ohiko blokeen linealtasuna hausten saiatu ziren, lurzatien mugetako lerrokaduretan atzeraemanguneen bidez, fatxaden altuerako aldaketa bolumetrikoen bidez, gorputz hegadunen bidez argi- eta itzal-jokoak sortuz eta testurak zainduz.
Garai honetakoak dira esaterako Santo Tomas Lizeoa, (1967, Donostia), Eliz kaleako etxebizitza eraikina, (1968, Usurbil), edota Altamirako etxebizitzak (1969, Ordizia). Azken proiektu honengatik EHAEOk eskainitako Aizpurua saria jaso zuen.
Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, 1968. urtean, Marquet, Unzurrunzaga, Zulaika estudioko bi enkargu garrantzitsuenak iritsi ziren; Donostiako Urumea eraikinaren proiektua, eta Tolosako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren berrikuspena (1968-73). Erronka berriei aurre egiteko, Xabierrek bi arkitekto gazteren lankidetza proposatu zuen: Rafael Moneo eta Manuel de Solà-Morales, hurrenez hurren.
Batetik, aukera paregabea izan zuen arkitekturan birziklatzeko, hormarte bikoitzeko bloketik eta Atenasko Gutunetik haratago, beste eraikuntza-tipologia batzuk aurkitu baitzituen Moneoren eskutik. Bestetik, hiri-proiektuari ekiteko, espazio-eskala handiago baten esparruan berariazko ikaskuntzaren hastapena izan zen Tolosako esperientzia.
M. de Solà-Moralesek, L. Quaroniren ikasleak, arkitekturan oinarritutako hiriaren azterketa-azterlanen metodologia erakutsi zion X. Unzurrunzagari, zeinaren jatorria Italiara baitoa atzera.
Hirurogeiko hamarkadaren amaieran, Marquet, Unzurrunzaga, Zulaika (MUZ) estudioa SIADECOrekin lankidetzan aritu zen; diziplina anitzeko taldea, ekipo tekniko-zientifiko batek osatzen zuena, eta izaera sozioekonomikoko fenomenoak aztertzen aitzindari izan zena. Elkarlanean aritzeko aukera Arrasateko Udalak eskaini zien 1968. urtean, izan ere kezkatuta baitzegoen desarrollismoagatik hiria pairatzen ari zen arazoekin; hori horrela gizarte, ekonomia eta hiriko fenomenoen azterketa egiteko enkargua luzatu zien bi taldeei.
Raleighko ikasketak, 1970/71
Arrasateko estudioaren enkargua bat etorri zen Iñaki Zubizarreta arkitektoak Marquet, Unzurrunzaga eta Zulaikari Raleigheko (Ameriketako Estatu Batuetan) Arkitektura Eskolan hiri-diseinuko graduondoko ikastaro bat ikasteko egin zien gonbidapenarekin. Iñaki Zubizarreta Venezuelan erbesteratutako arkitektoa zen, Joseba Leizaola lankidearen koinatua, eta Ipar Karolinako Arkitektura Eskolan irakasle ari zen, Raleighen.
Testuinguru horretan, X. Unzurrunzagak ez zuen aukera galdu nahi izan hiri-diseinuaren alorreko ezagutza handitzeko, eta horrela hasi zituen Ameriketan paisaia- eta lurraldeari buruzko ikasketak. Raleighen, Ipar Carolinan, 1970/71 ikasturtean, Peter Batchelor irakaslearen tutoretzapean, Arrasateko hirigintza diagnostikoa izeneko lana garatu zuen.
Hiriaren azterketa hiru mailatan egin zuen, hiria bere ingurune geografikoan deskribatzen eta identifikatzen saiatuz: eskualde-eskala, Euskal Herriko lurralde-eremua hartzen duena; bailarako-eskala, Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara eta Oñati udalerriek osatzen dutena; eta tokiko eskala, hirikoa, Arrasate. Eskualdeko egitura fisikoaren azterketaren ondorioz, hainbat faktore agertu ziren Debagoienako eta Arrasateko udalerriko hazkunde-dinamikan eragina zutenak; zerbitzuak eta, batez ere, komunikazio-sareak.
X. Unzurrunzagak Urban design ikastaroan egindako marrazkiek hainbat gairi buruzko lehen kezkak erakusten dituzte, hala nola paisaia, eta bailarako hirien arteko egituraketa naturan integratutako elementuen bidez; hiri-fenomenoetan sakontzeko irizpide eta jarraibideen planteamenduan lurralde-eskala aintzat hartzearen beharra; eta hiriaren esanahia, bere alderdi formalen definiziotik, lotura estua duela inguruko espazioarekin, lurraldearekin.
Kongresu txikiak
X. Unzurrunzaga, bere lanbidearen hasieratik, abangoardiekin harremanetan egon zen, kultur kezka ukaezina erakutsiz. Hasieran, ikasketak amaituta, L. Peñaren eskutik Espainiako eta Portugalgo estatuko beste profesional batzuekin harremanetan jartzeko aukera izan zuen. Profesional horiek kezkatuta zeuden arkitekturaren berrikuntzarekin eta bilakaerarekin, bai eta Europako kulturan eta nazioarteko mugimenduan integratzearekin ere. Horretarako, hirurogeiko hamarkadan penintsulan zehar topaketa ludiko-profesionalak antolatu ziren eraikitzen ari zen arkitektura garaikidea kritika-saioetan aztertzeko, eztabaidatzeko eta zabaltzeko. Profesionalen arteko foro horiek, Kongresu Txikiak izenekoak, Oriol Bohigasek eta Carlos de Miguelek (Arquitectura aldizkariaren zuzendaria izan zenak) sustatu zituzten, eta hainbat jarduera biltzen zituzten, hala nola bidaiak, bisita gidatuak, erakusketak, hitzaldiak,e.a. hamarkada batez iraun zuten, 1969an Sitgesen desagertu ziren arte.
Kongresu Txikien bidez zabaldu zen penintsulara eskola italiarraren mugimendu berria, Tendenza izenez ezagutzen zena. Xabier 1967an Tarragonan egin zen Kongresu Txikira joan zen, eta bertan Aldo Rossik (1931-1997) parte hartu zuen bere liburua aurkezteko, «L´Architettura della Città» (1966), funtzionalismoaren printzipioen arabera eraikitako hiriari egindako kritika bat zen, non hiri-arazoak zentzu urbanoarekin arkitekturaren bidez konpon daitezkeela dion hipotesia formulatzen zuen. Tendenzak definitzen zuen kultura arkitektonikoaren benetako alderdiak izan ziren X. Unzurrunzagari eragin ziotenak; gehiago daudenak lotuta hiri-dimentsioarekin, analisiari dagokionez, lengoaia arkitektoniko jakin batekin baino.
Harrezkero, inguru geografiko honetan zabaldu egin zen hiri historikoan esku hartzeko ideia, eraikuntza-motak aztertuz; metodo tipologikoa azterketa-bide konplexu eta neketsua izan zen, hiri-gertakarien ezagutzan sakontzeko prozesu zientifiko bat zehazten saiatzen zena, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko Gipuzkoako Ordezkaritzako kultura-batzordeak antolatutako jarduerei esker mamitu eta hedatu zen. Jarduera horien artean aipatzekoak dira Julio Caro Barojarekin egindako txangoak eta Arkitektura Asteak.
Beraz, esan daiteke, esperientzia hauek izan zirela X. Unzurrunzagarengan hirigintza-eskalarekiko interesa piztu zutenak: Donostiako Urumea eraikinaren proiektua eta Tolosako esperientzia, arkitektura proiektuaren hirigintza-dimentsioa ulertzeko, eraikuntza tipologien ezagutzatik abiatuta; Batzar/ Kongresu Txikietan sortutako hareman profesionalak, hiri-arkitekturaren alderdiei buruzko eztabaida eta aldarrikapen kulturaletan murgilduta zeudenak, eta Raleighko egonaldia, non paisaiaren eta lurraldearen azterketari hasiera eman zion, eskalen arteko zeharkako ikuspegi batekin.
X. Unzurrunzaga desarrollismoaren ondoren hiriek jasan zituzten ondorio negatiboak arintzeko sistemak eta metodoak birplanteatu beharraz jabetuta, eta berreskuratze-prozesu horretan arkitektoak izan behar zuen rola sumatuta, bere jarduera profesionala hirigintzara bideratzea erabaki zuen, hiri-prozesuak arkitekturatik ulertzen saiatzen den diziplina gisa ulertuta, hiri-espazioaren eraikuntzaren adierazpen formal gisa. Hiriak zabaltzeko sistematizatu ziren teknika multzoa aintzat hartu gabe, hiriak birgaitzeko esku-hartzeen garrantziari erreparatu zion, eta, bestetik, hiri-artea berrezartzeko eta praktikan jartzeko beharrari. Hiria osatzen duten elementuen artean sortzen diren harremanak ezagutzeko eta identifikatzeko interesarekin, bere ahalegin profesionalak hiria proiektatzeko esku-hartzetara bideratu zuen, arkitektura oinarri zuela; eraikinak eta espazio publikoa, hain zuzen ere.
Marrazketak, lan-tresna gisa, arkitekturatik abiatuta, soluzio historikoen hiri-forma ulertzeko aukera eman zion, eta marrazkiaren bidez desarrollismoak sustatzen zuen hiri ereduaren alternatiba modura uler zitekeen hiria proiektuak ideatu ahal izan zituen.
Hurrengo etapan, arkitektura ulertzeko modua beste erreferentzia-esparru batetik jorratu zuen, espazio-esparru zabalago batetik, hiri-eremutik, hain justu. Erronka honi jarraiki bere profesioan eskala aldaketa bat eman zuen, eta SEISS estudioko kideekin partekatu zuen esperientzia; sei arkitekto aitzindari izan ziren Gipuzkoan, arkitekturari izaera hiritarra ematen, hau da, objektu gisa ulertutako arkitektura alde batera utzi zuten, baita Lurzoruko Legeak aurreikusten zituen eskema espantsionistak ere, eta gizarte alderdia aintzat hartzen zuen arkitektura oinarri hartuta hiriaren proiektazioari ekin zioten, hiri-arkitekturara jauzia eman zuten, hiri-eskalara.
HIRIA ESTUDIO SEISS 1970-1978
Arkitektura proiektuetatik hiri proiektuetara egin zuten eskala-jauziak aukera berriak zabaldu zizkion lan talde berri baten eskutik. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasieratik, Xabier Ameriketako Estatu Batuetatik itzuli zenean, SEISS estudioa sortu zen; 1971ko abendutik aurrera Javier Zubiria arkitektoa sartu zen, eta 1972an Ángel de la Hoz eta Eduardo Ruiz de la Riva, biak Santanderrekoak; eta ondoren, Francisco de León eta Alberto Zabala. Lankidetzan aritu ziren beste diziplina batzuetako profesionalekin, hala nola SIADECOrekin, gizarte-alderdiekiko eta hiri-prozesuekiko nolabaiteko kezka erakutsiz; ERAIKI ingeniaritzarekin eta herri-lanekin, eta HERRILAN aholkularitza juridikoarekin.
Hirurogeita hamarreko hamarkadan atzeraldi bat gertatu zen mundu mailan, 1973ko udan petrolioaren lehen krisia gertatu zenean. Krisialdi horrek industria-sektoreari zuzenean eragin zion, eta ondorioz, baita eraikuntzari ere. Ondorioz, hirurogeiko hamarkadan arkitektura munduan nagusitu zen lan egiteko modu hura ere eraldatu egin zen. X. Unzurrunzagak, aurreko etapan proiektuak ohikotasunez eraikitzeko aukera izan zuen, leku batean zein bestean; aldiz egonkortze aldian, estudio SEISSko kideekin batera, gogoetatsuagoa zen etapa batean murgildu zen. Gainera, urte haietan, arkitektura-proiektuekin batera, bereziki hirira hedatu zen esku hartzeko eremua; hiria pentsatuz eta proiektatuz, lana pausatuagoa izan zen. X. Unzurrunzagari Arrasateko udalak 1972an Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko enkargua proposatu zion; Raleighen egin zuen Arrasateko azterlan soziourbanistikoaren ondorioetan oinarrituta. Ordutik aurrera, bost urtez, sei arkitektoek, eskualdeko hainbat udal hirigintzari buruz aholkatzeaz gain, Debagoieneko lurralde-eremuan plangintza-lan batzuk egin zituzten hiri- eta lurralde-eskalata desberdinetan.
Eskualdeko hirigintza-azterketari ekiteko, estudio SEISSko kideek Udalak banatu zituzten; kide bakoitzak proiektu edo enkargu baten ardura zuen, eta astean behin, asteazkenetan, bildu egiten ziren proposamenen bilakaera eztabaidatzeko eta bateratzeko. Lanbidearen helburuak lortzeko talde-lanaren ezaugarri nagusia konfiantza, dedikazioa eta mugarik gabeko entrega izan ziren.
Garai haietan, eraikitako hiriari inolako arretarik ez zitzaion jartzen eta hiriak hedatzen ziren erritmo bizian, sprawl fenomenoa bezala ezagutzen denez; eta ikuspegi funtzionalista honen baitan, erakundeak zoning teknikan fidatu ziren.
Testuinguru horretan, sei arkitektoak metodologia berria praktikan jartzen ahalegindu ziren, hiri-proiektuaren eraikuntzari ekinez, arkitekturatik eta espazio publikotik abiatuta. Proiektazio-faseari ekin aurretik, esku hartu behar zen hiriaren jatorrian eta bilakaeran sakondu ohi zuten, eta hiri-espazioaren osaera aztertzen zuten aldi historiko bakoitzari dagozkion eraikuntza-tipologiak identifikatuz eta ikertuz.
Garrantzi berezia hartu zuen tokia ezagutzeko analisi-faseak; batetik, lurraldearen deskribapenak, eta bestetik hiriek historian zehar izan zituzten aldaketak. Plano militarrak eta Geografia Institutu Nazionalaren Zuzendaritza Nagusiak argitaratutako 1: 25.000 eta 1: 50.000 eskalako mapa topografikoak erabili zituzten lurralde-azterketarako oinarri gisa. Erliebearen, orografiaren eta arro hidrografikoen behaketarekin eta interpretazioarekin errealitate fisikoaren eta morfologikoaren ezagutza lortzen zuten, eta beraz, korridore natural handien eraketa eta ondorengo urbanizazioa ulertzeko oinarri sendoa. Lurraldea eraikitzeko prozesu historikoa kontuan hartuta, ingurune fisikoaren interpretazioari jarduerak, hau da, giza ekintzari dagozkionak gainjarri zitzaizkion. Horrela, haranaren pixkanakako okupazioa, hiri-kokaguneen bilakaera historikoa eta horiek komunikatzen dituzten sareak aztertu zituzten.Hiria eraikitzeko prozesuaren azterketan hiri-bilbearen edo tramaren eta monumentuen (parke edo berdegune handiak edo eta herritarren zerbitzura dauden zuzkidurak) arteko elkarrizketa ere aztergai izan zen. Hiriaren formaren kontzeptu hartatik abiatuta, hiri-hazkundearen formak identifikatu ziren, urbanizazioaren (kaleak, azpiegiturak), partzelazioaren (orubeak, partzelak) eta eraikuntzaren (etxeak, motak) loturaren bidez. Hori guztia M. De Solà-Moralesen irakatsiari jarraiki.Era berean, hiri-diseinuaren diziplinak hiria antolatzeko aukera ematen zuten tresnak ezarri zituen, ezaugarri espazialak eta hautemangarriak aztertuz, egitura funtzionalari ez ezik formalari ere arreta jarriz. Diziplina hori sortzaileagoa zen metodologikoa edo sistematikoa baino, eta soluzioak ebaztea ahalbideratzen zuen, hirigintza-eskemaren eta arkitektura-eskalaren artean xedatzen zirenak, hiri-multzoaren eta forma arkitektonikoaren artean.
Txangoak, Euskal hiribilduen ondarearekiko interesa: Julio Caro Barojak gidatutako txangoak, 1973
1973ko udan, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko arkitekto gazte batzuk, Miguel Garaik eta José Ignacio Linazasorok, Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako hiribilduak eta hiri planifikatuak bisitatzeko eta aztertzeko asmoz zenbait txango egitera gonbidatu zuten Julio Caro Baroja. Gipuzkoako Ordezkaritzako Kultura Batzorteak antolatutako txango hauek berresten zuten Donostian, hirurogeita hamarreko hamarkadaren lehenengo urte haietan zegoen kultur giroa.
J. Caro Barojak euskal hiribilduen eraketari eta bilakaerari buruz hainbat ikerketa lan eginak zituen, eta Erdi Aroko ehun hiribilduek osatzen zuten ondare arkitektonikoa ezagutarazi zien arkitekto gazteei. Hauek paisaian guztiz identifikagarriak ziren, eta elementu naturalekiko lotura agertzen zuten, topografía konplexuari egokitzen zitzaien sortzez, tokian tokiko berezitasunek zentzua ematen ziotelarik barne egituraketari. Halaber, euskal eta nafar lurraldean kultura eta gizarte egiturekin zuzenean lotutako paisaiaren unitateak bereizten zituen, eta denboran zehar haien bilakaera ere aztertu zuen, garai bakoitzeko paisaia bereizgarria deskribatuz.
Esan daiteke J. Caro Barojak hiribilduak eta hiriak testuinguru geografiko, kultural, sozial eta historiko batean identifikatu zituela eta horri buruzko dokumentazio grafikoa nahikoa ez bazen ere, Erdi Aroan sortutako herrixken inguruan zekiena erakutsi zien jakin-min aparta agerrarazi zuten arkitekto gazteei. JI Linazasororen Permanencias y arquitectura urbana liburuaren hitzaurrean gogorarazten zuen moduan J. Caro Barojak (1978. urtean), txangozaleetako batzuek, garai hartan hiribilduen inguruan zegoen dokumentazio grafiko eskasa gainditzeko borondatea erakutsi zuten.
Landa ikasgai haiek lurralde esparruaren eta asentamentuen formaren eta arkitekturaren arteko harremanak ikertzeko motibazio izan ziren arkitektoentzat. Hori horrela, hiribilduen hasierako zirriborroak izaera tekniko-zientifikoa hartu zuten txango haietan hirien interes historiko, kultural, sozial eta paisajistikoa partekatu zuten arkitektoek marraztu zituztenean. Ildo honi jarraiki, X. Unzurrunzagak Tolosako eta Arrasateko hiri-bilduen analisia eta jasotze planoen marrazketa burutu zituen.
Arkitektura asteak 1973, 1974, 1976
Ilusioz eta gogotsu jarraitzen zuen lanean Gipuzkoako Ordezkaritzak, Roman Azcue lehendakari zela, eta JI. Linazasoro eta M. Garai kultura batzordeko zuzendari zirela. Haien ahaleginei eta ekimenari esker, Donostian 1973an, 1974an eta 1976an hitzaldi-ziklo batzuk egin ziren, Arkitektura Asteak izenekoak, eta nazioarteko arkitekto ezagunek parte hartu zuten.
Aldo Rossik, Arkitektura Asteen bitartez, Tolosako (1969-1973) eta Arrasateko (1972-1976) hirigune historikoetako jasotze planoak ezagutu zituen, berak Venezian hasi eta Milan eta Pavian jarraitu zituen lanekin bat zetozenak; hiriaren eta eraikuntza tipologien arteko harreman formala aztergai zutenak.
Galiziako Arkitektoen Elkargo Ofizialak X. Unzurrunzaga gonbidatu zuen, Proiektu eta Hiri Historikoari buruzko lehenengo SIACen (Seminario Internacional de Arquitectura en Compostela) parte hartzera, A. Rossiren zuzendaritzapean gauzatu zena Santiagon, 1976ko irailaren 27tik urriaren 9ra, eta nazioartean oihartzun handia izan zuena. Bertan X. Unzurrunzagak Arrasateko hirigune historikoan esku hartzeko proiektuaren aurkezpena egin zuen, eta L. Peña Gancheguirekin joan zen, zeinak Donostiako hiri-garapenari buruzko ohar historiko batzuk eman zituen.
EHAEOko dekano presidentea 1976ko urtarrila - 1977ko maiatza
Hainbat mugimendu soziokulturaletan parte hartzeaz gain, 1976an bertan hartu zuen lehen kargua Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialean (EHAEO). EHAEOk Dekano Presidente izendatu zuen X. Unzurrunzaga Espainiar estatuko trantsizio politikoaren hasieran, lehenengo hauteskunde demokratikoetan hain justu.
Une historiko honetan X. Unzurrunzagak Euskal Herriko (erderaz, vasco-navarro) Arkitektoen Elkargoko ordezkari gisa, beste ordezkaritza batzuen nahiekin bat eginez, C. Portela idazkari zen galiziarrarena kasu, elkargo periferikoei autonomia handiagoa emateko lan egin zuen. Elkargoaren barne-funtzionamendua berritzea eta egokitzea lortu zuten guztien artean, Juan González Cebrián Arkitektoen Elkargoen Kontseilu Goreneko presidentearen ikuskaritzapean idazten ari ziren estatutuak egokituz.
Euskararen elebitasuna, berreskurapena eta normalizazioa sustatzeko, Euskaltzaindiarekin adostu zen lanbideari lotutako hiztegi tekniko bat formalizatzea; egoera sozio-kulturalak eskatzen zituen eskakizun berrietara egokitzeko, eta arkitekturan (eraikuntzako materialak) eta hirigintzan espezializatutako hizkuntza teknikoa zabaltzeko. Josemari Aranbururi eskatu zitzaion Elhuyar taldeko kideekin lankidetzan aritzeko, zientzia eta teknologia euskaraz zabaltzeko euskal lexiko historikoaren azterketetan oinarritutako arkitektura-hiztegi espezifiko bat egin zezaten.Halaber, lau ordezkaritzetako bakoitzean liburutegiak eta hirigintza-informazioko bulegoak gaitzea erabaki zen, eta artxibo bat egiten hasi zen barruti bakoitzari buruzko hirigintza-plangintzako dokumentazioarekin.Arkitekto-lanbidea arautzeko lau ordezkaritzei ahalorde osoak eman zitzaizkien hainbat jarduketa burutzeko; udalen aurrean beharrezko kudeaketak egin zitzaten udal-arkitektoen plazak hornitzeko batetik, eta bestetik, profesioaren bateraezintasunen gaia bideratzeko.
Arkitektura ikastaroa eta unibertsitatea, 1977
1977an, Gipuzkoako Ordezkaritzatik, Iñaki Galarragak, Miguel Garaik, José Ignacio Linazasorok, Luis Peña Gancheguik eta Xabier Unzurrunzagak, EHAEOren laguntzarekin, 1977ko irailaren 5etik abenduaren 7ra bitartean egin zen arkitektura-ikastaroa antolatu zuten, Estructura urbana y desarrollo residencial. Análisis y Proyecto en ciudades del País Vasco. Hiri-egitura eta bizitegi-garapena. Analisia eta Proiektua Euskal Herriko hirietan.
Gipuzkoako Ordezkaritzak antolatutako kultura-jarduera aitzindariak funtsezkoak izan ziren 1977. urtean Donostian Arkitektura Eskola sortzeko. Horretarako, jakintzaren adar egituratu bat garatu nahi izan zen, oinarrizko kontzeptu batzuk definitu eta transmititu ziren, bai eta arkitekturaren eta hiriaren fenomenoak aztertzeko eta hiriaren eraikuntzan esku hartzeko metodoak ere, behaketan eta esperimentazioan oinarritutako ondorio gisa.1976an L. Peña Ganchegui irakasle laguntzaile izendatu zuten Bartzelonako Arkitektura Eskolan, eta Oriol Bohigas arkitektoa zen bertako zuzendaria. Biek sustatu zuten proiektua hauxe izan zen: arkitektura ikasketetako azken ikasturtea, bosgarrena, Gipuzkoako hiriburuan emango zuen irakaskuntza-unitate bat ezartzea, Bartzelonako Unibertsitatearen babespean, L. Peña izan zen ikastaroaren koordinatzailea. Horrela, urtero ikasturte bat gehiago eman zen, irakaskuntza osatu arte. I. Galarragak gogoratzen duen bezala, Unibertsitate Instituzionalizazioari ekin zitzaion, irudimen karga handiarekin.
1977ko azaroaren 15ean, Villa Yeyetten, Bartzelonako Goi Eskola Teknikoaren mende zegoen Donostiako Arkitektura Eskolako ikasturtea hasi zen.
Piztu egin zen Oteizak Euskal Unibertsitate bat sustatzeko zuen ideia iraultzaile hura, hirurogeiko hamarkadan Bartzelonako Unibertsitatean aldarrikatua izan zena, zeinetan arkitekto gipuzkoar beteranoenek ikasten zuten; hauek izan ziren hamarkada batean Oteiziarren ametsa errealitate bihurtzea lortu zutenak.
Donostiako Arkitektura Eskola hau ezartzen lagundu zuten arkitektoak, proiektuen irakasgaiaren eta hirigintzaren ardura hartu zuten; L. Peña Gancheguiren zuzendaritzapean, proiektuen irakaskuntzaz arduratu ziren M. Garai eta JI. Linazasoro, eta hirigintza ikasgaiaren zuzendaritza I. Galarraga, A. Martin eta X. Unzurrunzagaren eskutik gauzatu zen.
Elkarlanean aritu ziren J. Caro Baroja, euskal hiribilduei buruzko lehen ezagutza aurkeztu ziena; eta puntualki L. Semerani eta G. Fabbri irakasleak. Era berean, tokiko beste profesional batzuen laguntza bilatu zen, Victor Rubio eta Luis Ulacia, eraikuntza eta obren antolaketa irakasgaietarako, hurrenez hurren.
Xabier hirigintzako irakaskuntzaren arduradun egin zen Eskolaren hasieratik. Hirigintza, proiektuekin batera, funtsezko zutabeetako bat izan zen, arkitektoaren prestakuntza akademikoan. Eta hori guztia, bat zetorren Bartzelonako Hirigintza Laborategikoan aplikatzen zen antolaketa eta metodologiarekin, beti ere, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-testuingurura egokituz.
Gipuzkoako arkitekto gazte konprometitu hauek Espainiako panoraman oihartzuna izan zuten; ordura arte Bartzelonako eta Madrilgo ospetsuenekin batera, izan ere, Madrilgo Arkitektoen Elkargo Ofizialak argitaratutako Arquitectura aldizkariak haien berri eman zuen 1977. urtean. Hala, 206-207 zenbakiak eskaini zizkien eta arkitekto gazte hauen hainbat lan argitaratu ziren.
LURRALDEA. GOBERNUAREN XEDE DEN LURRALDEA
Administrazio publikoan: gobernuan eta Foru Aldundian; 1978-1986
Hiri-legeriaren erreforma[2] bat etorri zen Espainiako Estatuaren trantsizioarekin; erreforma politiko horrek autonomia-erkidegoen berregituraketa eta hirigintza-eskumenen deszentralizazio administratiboa ekarri zituen.
1978-1986 urteetan X. Unzurrunzagak erantzukizunak onartu zituen hasi berria zen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren hirigintza-politikaren zuzendaritzako hainbat kargutan; berregituraketa administratiboaren hasierako lanetan ordura arte erakundeak kontrolatzen zituzten eredu teknokratikoen desagerpena bideratu zen.
Demokraziak baliabide ekonomiko berriak, finantzaketa propioa eta araugintza-gaitasuna ekarriko zituen, eta halaber, aukera paregabea izan zen hirigintza-plangintza antolatzeko, euskal hirietan lurraldea eraikitzeko prozesua birbideratzeko eta hiri-antolamenduko politika berri baten oinarriak finkatzeko. Baliabide material eta giza baliabide eskasekin, 1978. urtean, oraindik Ekonomia Itunaren araubidea berrezarri gabe zegoela, X. Unzurrunzagak Gipuzkoako Lurralde Antolamendu eta Hirigintza Zuzendaritza hartu zuen bere gain.
Erreforma politikoak Autonomia Erkidegoaren berregituraketa eta hirigintza-eskumenen deszentralizazio administratiboa ekarri zituen. Euskal Kontseilu Nagusiko lehendakari Ramón Rubial Cavia zela, hirigintza-transferentzia onartu zen. 1978ko azaroaren lehenean hasi zen autonomiaren aurreko erakundea, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusia, hirigintza-arloan transferitutako eskumenak gauzatzen. Ordura arte, erantzukizun horiek Estatuko Administrazio Orokorrean edo haren organo eskuordetuetan zeuden, hau da, Hirigintzako Batzorde Probintzialetan; 1975.ean ezabatua izan zen Etxebizitza Ministerioaren organo eskuordetuetan.
Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Ingurumen sailburu Juan José Pujana Arza zela, hirigintzako hiru zuzendaritza sortu ziren, bana lurralde historiko bakoitzean, eta Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Ingurumen zuzendari izendatu ziren Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian: Iñaki Galarraga Aldanondo, Xabier Unzurrunzaga Goikoetxea eta Anton Aguirregoitia Arechavaleta, hurrenez hurren.
Euskal Autonomia Erkidegoko Kontseilu Nagusiko Lurralde Antolamendu, Hirigintza eta Ingurumen Sailak adierazpen programatiko publikoa egin zuen; Euzkadiko hirigintzaren deskribapena, ondoren helburu batzuk zehazteko. Hirigintzaren ikuskera berrituak indar politikoa hartu zuen eta manifestu politiko horretan gauzatu zen, Euskal Herriko Kontseilu Nagusiaren adierazpena, I. Galarragak idatzia.
Antolaketa-politika gisa, Lurralde Zuzendaritzak indartzea erabaki zen, gutxieneko langileak emanez. Horiek Foru Aldundien lokaletan kokatu ziren; Gipuzkoan, Aldundiaren jauregiko liburutegi zaharrean, José de Artetxek lan egin zuen tokian. Barne-deszentralizazioak arreta hobea eskainiko zuela uste zen, eta erakunde historikoekiko balizko loturak zabalduko zituela. Hiria behetik gora eraikitzearen aldeko apustua egin zuten tokiko erakundeek, eta hirigintzaren arloan erabakiak hartzeko boterea eman zitzaien, besteak beste handik gutxira berrikusi beharko ziren hiri-antolamenduko planak kudeatzeko.
Behin-behineko ponentzia teknikoak eratu ziren, beren lana eta denbora profesionala eskaintzen zuten pertsonen laguntza desinteresatuarekin; helburu bakarra sortzen ari zen Administrazioari laguntzea baino ez zen. Udalen demokratizazioarekin eta tokiko botereekiko deszentralizazioarekin, erronka nagusiak hauek izan ziren: planeamenduaren berrikuspena eta hirigune historikoen birgaitzea. Hala ere, haserako urtetan oso zorionekoak izan ez ziren jarduketa batzuren lekuko izan ziren; hain justu, Erdi Aroko hiri-kulturaren aztarna zen kokaleku historikoaren multzoa osatzen zuten eraikuntza-unitate batzuk eraisteko lehen esku-hartzeena.
EAEko administrazio-sarea eratzeko prozesuan, Lurralde Politika eta Herri Lanetako sailburu Javier Lasagabaster Etxarri zela, 1980ko ekainaren 30eko Dekretuaren bidez, Lurralde Politika eta Herri Lan Saileko organo periferikoetako titularrak izendatu ziren, eta hauek izan ziren Hirigintzako lurralde-zuzendariak: Bizkaikoa Anton Aguirregoitia, Arabakoa Iñaki Galarraga eta Xabier Unzurrunzaga Gipuzkoakoa. Ondoren, urte bereko abenduaren 30ean, Ibon Areso Mendiguren Bizkaiko Hirigintzako zuzendariorde izendatu zuten. Beren titularrak ziren organoak desagertu arte bete zuten kargua. 1982ko otsailaren 1ean kendu zituzten kargutik, eta egun horretan bertan hartu zituzten beste zuzendaritza-ardura batzuk berregituratutako gobernuan. Hartan Carlos Garaikoetxearen mandatuan, Lurralde antolamenduko sailburuorde José Miguel Abando Ereño zen, eta X. Unzurrunzaga izendatu zuten Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politika eta Herri Lan Saileko Etxebizitza Zuzendaritzako titular, I. Galarraga Arkitektura zuzendari, eta A. Aguirregoitia Lurralde Politika eta Herri Lan Saileko Lurralde Ekintza eta Hirigintza zuzendari. Josemari Aranburu Gipuzkoako Etxebizitza Zerbitzuko buru izendatua izan zen. Ibon Aresok hartu zuen kargu Hirigintza, Etxebizitza eta Arkitekturako Bizkaiko ordezkaritzan eta José Ramon Estomba Goikoetxeak Gizpuakoakoan.
Jarduteko politika berriak Etxebizitza zuzendaritzatik. (1982-1983)
Eraikuntzaren jarduera ekonomikoak atzeraldi larria bizi zuen krisi energetikoaren ondoren. Aurreko hamarkadetan etxebizitzaren sektoreak jasan zuen zabaltze prozesuaren alternatiba gisa, ekonomia eta, zehazki, eraikuntzaren sektorea suspertzeko politika berriak beste bide bat hartu zuten; jarduketa gehienak obra publikora eta ekipamenduen eraikuntzara bideratu ziren. Ekipamenduen defizita nabarmena zen eta oreka bat bilatu nahi izan zen.
Era berean, arkitektura- eta hiri-ondarea birgaitzeko politikak jarri ziren abian Hiri Antolamenduko Plan Orokorren berrikuspen progresiboa sustatuz. Oinordetzan jasotako hiri-hedadura egituratzeko asmoz ikuspegi morfologiko batean oinarritutako planak sustatu ziren. Halaber, zerbitzu publikoen, azpiegituren eta ekipamenduen gabeziak estaldu ziren, urbanizazioak hobetu eta hirigune historikoak birgaitu ziren. Hirien hedadura kontrolatu ahal izan zen, eta finkatutako hiriko esku-hartzeak gailendu ziren.
Transferentzien bidez jasotako lurzoru-ondareak baldintzatu egin zuen Eusko Jaurlaritzaren jarduna hasierako urtetan. Etxebizitza sozialaren zuzeneko sustatzaile izaki ondare gisa jaso zituen aurreko urtetan garatzen hasi ziren hainbat eremu.
Aurreko erakundeek ez zioten orubeak sortzeari ekin eta etxebizitza-eskaerari erantzun zioten aldez aurretik lurzorua prestatu edo urbanizatu gabe. Ondorioz infra-urbanizatutako eremuak zeuden, behar adinako hiri-zerbitzu nahikorik eta espazio libre nahikorik ez zituztenak. Lurzorua sustatzeko eta prestatzeko politikarik egin ez zirenez lurzoruaren etengabeko altxatze espekulatiboak eragina izan zuen etxebizitza-produktuen azken kostuan. Gauzak horrela, EAEko autogobernuaren lehen etapan helburu izan zen gizarte-premia berri horiei erantzutea, lurzoruaren sustapen publikoa sustatzea eta etxebizitzak finantzatzea. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurralde historikoetan probintzia-ordezkaritzak zituen MOPUk, nahiz eta etxebizitza-kudeaketa eta -politika Madrilen zentralizatzen zen. Etxebizitzaren eskumenaren transferentziarekin, Eusko Jaurlaritzak ex novo sortu behar izan zituen bere zerbitzu propioak; erakunde berberak tokiko teknikariek bete behar izan zituzten.
INVk desjabetutako poligonoak kudeatzeko legatua jaso zuten, eta horiek antolatzeko plangintza, eremu batean edo bestean, garapen-fase jakin batean aurkitzen zen. Administrazio berriak etxebizitza batzuk eraikitzen jarraitzea erabaki zuten, eta onartu behar izan zituzten sistema berrituekin esleitu zituzten. Beste esku-hartze batzuetan, aldiz, plangintza partziala berrikusi eta aldatu ahal izan zuten. Antolamendu berrien irizpideek ingurunea errespetatzen zuten, eta kaleei lotutako eraikinen antolaketa tradizionalean oinarritu ziren; antolamendu trinkoak ziren, eta hirian zegoen berdeguneen defizita asetu zuten. Halaber, iraunkortasun-irizpideak zaindu zituzten, lurzoruaren okupazioa murriztuz eta eraldatutakoa hobetuz edo berrerabiliz. Konfiantzazko profesionalei agindu zitzaien hirigintza-plan berrien idazketa. Ez zen erraza izan horrelako erabakiak hartzea. Hala ere, JM. Abando, sailburuorde zela, esparru jakin batzuetako egitura-aldaketak onartu eta horien aldeko apustua egin zuen, hala nola Bilboko Txurdinagako eremuaren antolamendua, Abando Ziarbanako El Casaleko antolamendua edo Gipuzkoako hiriburuko Intxaurrondokoa; eta bai I. Aresok, bai X. Unzurrunzagak, behin erabaki birorientatzaileak onartzat hartu zirenean, eragindako auzo eta auzo-unitate horien kalitatea optimizatzeko eta dibertsifikatzeko lan egin zuten.
Arkitektura- eta hiri-ondarea birgaitzeko politikak: zentro historikoak zaintzeko irizpideek lege-maila hartu zuten, 1983.
X. Unzurrunzagak eta I. Galarragak, boterean zeuden ordezkari teknikoek, J. Caro Barojaren eskutik lortutako ezagutza, lurraldearen, hirien eta hiribilduen ezagutza zehatza, oinarrizkoa izan zen dimentsio sozial, kultural eta ekonomikoa zuten plangintza eta araubide berriak martxan jartzeko. Tresna berri hauek ahalbideratu zuten balio arkitektoniko berezia zuten eraikinak eta hirigune historikoen trazatura hondatuak birgaitzeko politika puntualak hedatzea.
Arte Ederren Zuzendaritzaren jarrera defentsiboak, ondarearen kontserbazio zorrotzaren zaintzan, Erdi Aroko zentroak osatzen zituzten eraikinen hondamendia besterik ez zuen sustatzen, eta, ondorioz, zati historiko horien bazterketa. Kontserbazionismo hertsiaren aurrean, Eusko Jaurlaritzako Arkitektura Sailak 1983an onartutako Birgaitze Dekretuaren idazketa sustatu zuen, ondare historikoa berreskuratzeko politika sozioekonomiko berriak bultzatzeko, Boloniako Planaren idealekin bat egiten zuena.
Boloniako Hirigune Historikoa Birgaitzeko Plana Pier Luigi Cervelattiren zuzendaritza teknikoarekin egin zen, eta Roberto Scannavini eta Carlo de Angelisen ahalegina ere aipatzekoa da (1969/73). Plana idazteko lan-metodologia azterketa historikoa izan zen, eta hirigune historikoaren forma definitu zen multzo osoaren eraikuntza-tipologietatik abiatuta. Hiri-sarearen alderdi morfotipologikoak zaintzeaz gain, planak gizarte- eta ekonomia-politikak abiaraztea aurreikusten zuen, hirigune historikoa inbertsio publikoen bidez birsortzeko eta biziberritzeko.
Italiako politika haiek euskal lurraldearen testuingurura eramaten saiatu ziren, eta bertan errotu zuten, bereziki honako gai honek: hirigune historikoetako hiri-sarea zehatz-mehatz deskribateko eta aitortzeko kultura.
Euskal Autonomia Erkidegoko Birgaitzeari buruzko Dekretua onartu zenean, 1983an, gune horien berreskurapena sustatzeko jarduketen sekuentzia honako hauetan oinarritzen zen: azterlan soziourbanistiko bat egitean, Birgaitze Integratuko Area mugatzean eta Zentro Historikoa Birgaitzeko Plan Berezia idaztean. Plan horretan, urbanizazioko, eraikinetako edo eraikuntzetako jarduketak definitzen ziren, babes-mailaren arabera.
Altxamendu zehatzak egin ziren, eta ondare arkitektoniko horri kultura-balioa aitortzen zitzaion, hain zuzen ere, hiri-paisaian funtsezkotzat jotzen ziren alderdi morfo-tipologikoengatik.
EAEn dirulaguntzak jaso zitzaketen birgaitzeko esku-hartzeak, urbanizatzaileak zein eraikuntzakoak, Eusko Jaurlaritzak ARI izendatutako eremu batean sartzen zirenak izan ziren. Eraikinetan baimendutako esku-hartzeak interes arkitektonikoaren araberako eraikinaren kalifikazioari lotuta zeuden. Dekretuak plan berezien zehaztapenak gauzatzeko (kudeatzeko) birgaitzeko hirigintza-sozietateak sortzea planteatzen zuen, eta Eusko Jaurlaritzak, Udalarekin lankidetzan, sustatutako esperientzia pilotua Gasteizen hasi zen, José Ángel Cuerda alkate zela. Udalak orubeak jarri zituen, eta Eusko Jaurlaritzak sustapen publikoko etxebizitzak egikaritzeko proiektu batzuk egin zituen.Hiri historikoaren morfologia eta diseinua berreskuratzea zen helburua, bizigarritasunean hobekuntzak txertatuz eta birgaitzea bultzatuz, Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien erakundeen finantza-laguntzarekin.
Honako hauek izan ziren Boloniako Plana, eredu izan zena, zaharkitua geratu izanaren arrazoi batzuk: Plan Berezien helburu ziren hiri-zati horien azterketa morfotipologikoak ahalegin handia eskatzen zuen; Planean proiektatutakoa gauzatzeko zailtasunak handiak ziren, izan ere, Planak azalera eraikigarria murrizten zituen hainbat lursailetan, inolako konpentsaziorik gabe, eta bestetik plan berezietan jasotako esku-hartzeak garatzeko gabezia sozioekonomikoak nabarmenak ziren, Udalen menpe sortzekoak ziren birgaitzeko hirigintza-sozietaterik ez zelako egituratu. Azkenik aipatzekoa da ere, Bolonia Plana Plan Berezi askotara egokitzeko izan zen zorroztasuna. Horrek guztiak azken finean hiria berroneratzeko politikei ekiteko asmoak mugatu zituen.
Eraikitako ingurune horietako kultura-nortasuna, populazioa eta gizarte-osaera eta ingurumen-paisaia zaintzeko helburuarekin idatzi ziren plan bereziekin, memoriarekin berriz elkartzeko ahalegina egin zen, eta leku historiko horiek osorik birgaitu ez baziren ere, gutxienez, honako helburuok lortu ziren: helburu espekulatibo zuten suntsiketekin amaitzea; zaharberritze kontserbatzailearen kulturaren hedatzea, hiri-eszenari eutsiz (partzelazioa eta bolumena-lerrokadurak eta altuerak-, fatxaden konposizio alderdien erreprodukzioa); monumentuak gizarte-testuinguruan txertatzea, herritarren zerbitzurako erabilerak hartzeko egokituz; ehunaren izaera mistoari eutsi zitzaion (egoitza, zerbitzuak merkataritza eta artisau-tailerrak); eta ibilgailuen zirkulazioa saihesteko obrak egin ziren, oinezkoentzat interesgarriak ziren hiri-espazioak berreskuratuz.
Hiria birgaitzeko eta ondarea berreskuratzeko foru-planak (1983-1986)
1983ko udaberrian, X. Unzurrunzagak Etxebizitza zuzendari kargua utzi zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Arkitektura, Hirigintza eta Ondarearen Zuzendaritza Nagusia hartu zuen (1983-86), Jose Antonio Ardanza (1983-1985) eta Imanol Murua (1985-1986) diputatu nagusiekin batera lan egin zuen.
Xabierrek JA Ardanza ezagutu zuen hirurogeita hamarreko hamarkadan, Debagoieneko bailarako proiektuak egiten ari zirela; garai hartan Laboral Kutxaren aholkulari juridikoa zen, kreditu-kooperatiba gisa Mondragon Korporazio Kooperatiboaren (MCC) garapenari lotuta egon zena. Ondoren, Arrasateko alkate izendatu zuten frankismoaren osteko lehen hauteskunde demokratikoetan (1979-1983);. I. Murua herrikidea zuen.
Eusko Jaurlaritzak hasitako prozesuarekin batera, foru-aldundiak, 1980. urtetik aurrera udalekin elkarlanean aritu ziren, teknikoki zein ekonomikoki kolaboratuz, hiriak eta eraikuntzak birgaitzeko obrak proiektatzen eta gauzatzen.
Hirigune historikoen berrreskuratze prozesuan eman ziren lehen urratsak oinarri izan zuten eraikin esanguratsuen, eta urbanizazioaren birgaitze lanak; udaletxeak, merkatuak, frontoiak eta hainbat monumentu batetik, eta bestetik kaleak eta pasealekuak. Era berean, kultura- eta kirol-zuzkidura berrien aurreikuspena egin zen, ongizate kolektiboa hobetzeko; jarduera sortzeko duten gaitasunagatik, zuzkidura berriak hiriko puntu estrategikoetan txertatzen saiatu ziren, hiri-egitura orekatzeko eta esparruak biziberritzeko. Europako beste herrialde batzuetako ekipamendu-ratioak aztertu ziren, hala nola Alemaniakoak, eta herrialde germaniarreko hiriak ex professo bisitatu ziren.Foru Aldundiko Arkitektura Sailatik, X. Unzurrunzagak ondare historiko arkitektonikoa berreskuratu, kontserbatu, birgaitu eta babesteko esku-hartzeak bultzatzeko erabakietan parte hartu zuen, hainbat erakunde eta erakunderen egoitzak hartuko zituztenak, helburu garrantzitsu batekin, interakzio kulturaleko espazio berriak berreskuratzekoa.
Gizartearen aurrerapen eta hazkunde ekonomikoko garai hauetan, ondare arkitektonikoa berreskuratzeko programaren barruan, GFAk, besteak beste, Donostiako Loiola auzoan kokatutako eraikin industriala birgaitzea sustatu eta finantzatu zuen, gaur egun desagertuta dagoen Arteleku, Arte eta Kultura Garaikidearen Zentro bilakatu zena; Urdaneta jauregiaren birgaitzea, egun Koldo Mitxelena Kulturunearen egoitzan dena; eta Santa Teresa Komentua birgaitzea, egun Euskadiko Arkitektura Institutoaren egoitza dena; Gipuzkoa plazako jauregia handitzea; edo Aiako Agorregi burdinola, zeinean 1983an erosi ondoren, ingeniaritza hidraulikoko obra zaharberritzeko eta berreraikitzeko obrak egin baitziren burdinola tradizionala berreskuratu eta jendearen esku jartzeko. Azpiegitura hau 1754an datatua dago, Francisco de Iberok, baliabide hidrikoak ahalik eta gehien aprobetxatzeko soluzioa diseinatu zuen ingeniari gipuzkoarrak, egindako planoen arabera. Silueta mailakatua du, eta inguruko erreketako bost ur-hartunek elikatzen dute
Espazio eta hiri-elementu esanguratsuen berreskurapenean, nabarmentzekoa da Azpeitiko Loiolako Santutegira sartzeko harmailadietan egindako esku-hartzea, proiektua JI Linazasoro arkitektoak izenpetu zuen.
Getariako Juan Sebastian de Elkanoren omenez eraikitako monumentu eskultorikoan ere esku hartu zen. Monumentu hori Agirre eta Azpiroz arkitektoek egin zuten (1922-1924). Bertan, hegodun garaipena ageri da, itsasontzien brankako maskaroien irudien antzera. Kasu honetan, Getariako harresiko bastioi zahar baten gainean dago, eta bertan Cristina Fontan eta José María Bravo arkitektoek esku hartu zuten, iparraldetik hegoalderako zeharkako ibilbide bat egokituz, itsasoari irekitako belvedere moduko kanpoko galeria batekin.
Elkanoko monumentuaren mugakide den itsaslabarrean irisgarritasun- eta mugikortasun-baldintzak hobetzeko, proiektu bat enkargatu zitzaion Angel de la Hozi, hiriaren goiko aldea portuarekin artikulatzeko, kostaldea inguratzen zuten pasabide edo plataforma mailakatu batzuen bidez, erdigune historikoko pasabidea gaindituz; Vista Ona pasealekua, zati batean gauzatu zena, eta oraindik amaitu gabe dagoena.
Kartografiatzea. Lurralde-informazioaren digitalizazioa
X. Unzurrunzaga Arkitektura, Hirigintza eta Ondarearen zuzendari zela, laugarren mailako sare geodesikoa egin zen, lurralde-informaziorako euskarri kartografikoa osatzeko eta aurrera egiteko. Hartan Josemari Aranburu zerbitzu buru zen.
Gipuzkoako Foru Aldundia laugarren mailako sarearekin hasi zen, erpin geodesikoak 5 km-ra triangelatuz. Informazio geografikoa ED50 sisteman (European Datum 1950, birproiektatua izan zena, 1071/2007 Errege Dekretuaren arabera, ETRS89n, European Terrestrial Reference ,) eta Universal Transverse Mercator (UTM) koordenatu-sisteman erreferentziatu zen, Alacanteko mareografoan itsasoaren batez besteko maila erreferentzia altimetrikotzat hartuta.
Katastroa kudeatzen hasi ziren oinarrizko bi elementu hauetan oinarritutako informazio geografikoa aintzat hartuta: batetik eskalan handiko kartografia hau da, 1: 5.000ko mapa topografikoak eta bestetik partzelarioak, landa-jatorriko eta hiri-jatorriko ondasun higiezinen inbentarioarekin, zeinak informazio fisikoa, ekonomikoa eta juridikoa ematen baitzuen.
Hiri-espazioaren eraikuntzari buruzko erakusketa eta jardunaldiak, 1985
X. Unzurrunzagak erakusketa bat antolatu zuen, espazio publikoa berreskuratzearen garrantziari buruz sentsibilizatzeko eta iritzi publikoa konprometitzeko (plazak, kaleak, pasealekuak, parkeak, etab.). Erakusketa hartan dokumentu historikoak, kartografikoak, planoak eta Gipuzkoako lurralde historikoko hiri eta hiribilduen monumentuak erakutsi ziren. Erakusketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian bertan egin zen 1985eko abenduaren 2tik 14ra. Erakusketa arrakastatsu haren oroigarri ikus-entzunezko film bat besterik ez da geratzen.
Erakusketa bultzatu zuten dibulgazio-motibazioekin batera, jardunaldi tekniko batzuk antolatu ziren (1985eko abenduaren 2tik 6ra), hiri-espazioaren eraikuntzari buruz hitz egiteko.
Jardunaldion amaierarekin, lurralde administrazioan zortzi urte eman ondoren, Xabierrek fase hau amaitutzat ematea erabaki zuen; Administrazio berritua antolatu eta martxan jartzeko lanean hasi ziren ilusioa itzaltzen joan zen, burokraziak eta, bereziki, klase politikoarekiko ulermen ezak frustrazioa areagotu zuten. Dimisioa aurkeztu zuen izendapen askeko lehen kargua izan zen, unibertsitateko irakaskuntzan aritzeko, eremu akademikoan murgildu, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Hirigintza eta Lurralde Antolamenduko Katedra eskuratzeko asmotan.
UNIBERTSITATEA ETA HERRIA, 1977-2007
Villa Yeyeten (1977/78) eman zen arkitekturako lehen kurtso hartatik aurrera, karrerako 1. eta 2. zikloen irakaskuntza osoa osatu zen, eta 1982. urtean euskal unibertsitateari lotuta geratu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitekturako Goi Eskola Tekniko bihurtuta.
Unibertsitatearen esparruan, hamabi urtez irakasle titular izan ondoren, X. Unzurrunzagak EHUko Donostiako Arkitektoria Eskolako Hirigintza eta Lurralde Antolamendu arloko Katedra lortu zuen 1989an, hiria eraikitzeko prozesuan proiektu-esku-hartzea izeneko lanaren defentsarekin. Epaimahaiko kide izan ziren M.de Solà-Morales, J. Busquets, A. Font, Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko katedradunak, J. López Zanon, Madrilgo Arkitektura Eskolako Hirigintzako katedraduna, eta José María de Ureña Francés Santanderko Bideetako Ingeniarien Eskolako ingeniari katedraduna.
Hamar urte geroago, hiru eraikin eraiki ziren Ibaetako campusean, tartean Arkitekturako Goi Eskola Teknikoa, Miguel Garai arkitektoari enkargatua. 1992an eraiki zen, Miguel Garai, Pedro Fernández eta Santos Barea arkitektoen zuzendaritzapean, eta 1993ko urtarrilaren 27an inauguratu zen, X. Unzurrunzaga Eskolako zuzendari izendatu berri zela. Aurreko bi ikasturteetan Arkitektura Saileko zuzendari kargua eman zitzaion, eta hurrengo hiruetan Donostiako Arkitektura Eskolako Zuzendaritza.
Arkitektura eskolaren sendotze-ibilbide honetan badira beste bi mugarri nabarmentzekoak; euskarazko ikasketen hasiera 1998/1999 ikasturtean batetik, Bixente Tabernaren eskutik hirigintza arloan, eta bestetik, hainbeste urtez eskolan izan zuen lankide leialaren, Anton López de Aberasturiren ekarpena, bai irakasgaiaren irakaskuntza-plangintzan eta baita eskolaren kudeaketa lanetan ere.
Laurogeita hamarreko hamarkadan hiri-ekintzek eskatzen zuten hirigintza-dimentsio berrian hiria eta lurraldea elkarrekin antolatzeko beharra areagotu zen, eta arkitektoaren zeregina bigarren maila batean geratzera zioala zirudien, geografoen edo mugikortasunari edo ingurumenari buruzko alderdiak kontrolatzen dituzten ingeniarien paperaren aldean.
Lurralde-errealitate berriak eta hirien konfigurazioan izandako aldaketek, lurraldearen eta paisaiaren hazkunde- eta eraldaketa-dinamikek bat egiten zuten arkitektura-eskoletan ikasketa-plan berriak abian jartzearekin, eta horrek berekin zekarren irakaskuntzako irakaskuntza-programak doitzeko beharra.
Donostiako Arkitektura Eskolak beste unibertsitate batzuekin eta administrazio- eta kultura-erakundeekin lankidetzan jardun zuen goi-mailako ikastaroak, graduondoko ikastaroak eta diplomaturak eta ikerketa-lanak antolatzeko.Testuinguru horretan, X. Unzurrunzagak jarduera akademikora egindako ekarpenen artean aipatzekoak dira Galeuscat jardunaldiak; Bartzelonako (del Vallés), Donostiako eta A Coruñako Arkitektura Eskoletako Hirigintza irakasleen arteko topaketak antolatu ziren, ikasketa-programa desberdinak eztabaidatu eta aztertzeko, autonomia-erkidego bakoitzaren lurralde-errealitatera hurbiltzearen garrantzia kontuan hartuta, irakaskuntza koordinatuaren euskarri gisa. Hiru mintegiak, Galeuscat, 1997 eta 1999 bitartean egin ziren, lehenik Galizian, gero Euskal Herrian, eta azkenik Katalunian.
Eskolan, hirugarren zikloaren irakaskuntza bere gain hartu zuen Xabierrek 1992/1993 ikasturteaz geroztik, doktorego-programak koordinatuz eta haietan parte hartuz. Lehenengo zazpi ikasturteetan “Forma y materia en arquitectura” doktorego-programaren irakaslea, eta arduraduna izan zen. Ondorengo ikasturteetan “Idea, forma y materia en arquitectura” doktorego programa berrituan klaseak eman zituen “Proyecto urbano y construcción del territorio” izenburupean. Haietarako hiria eta metropoli inguruneen ezagutza, lurralde eskalaren fenomenoaren analisia, eta lurralde mailan esku hartzeko parametro batzuk ikertu zituen.1997an, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu Sailaren laguntzarekin, Lurraldearen Antolamendu eta Kudeaketako Unibertsitate Diplomatura Espezialista sortu zen. Diplomatura horretan, gainera, UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuko Sailak parte hartzen zuen. Xabier hirigintza arloko arduraduna eta irakaslea izan zen hiru ediziotan (1997, 1998, 1999) eta ikasturteko irakaslea 2003/04 eta 2005/06 urteetako edizioetan.
Xabierrek, Unibertsitatean beste hainbat ardura-kargu ere hartu zituen; Eskolako Batzordeko kide (1995/98), Arkitektura Departamentuko Kontseiluan Hirigintza arloko ordezkari (1992/99), UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko Batzarreko kide (1992/95) eta Donostiako Arkitektura Eskolako Ikasleen Mugikortasuneko eta Socrates-Erasmus Programa Intentsiboko Programa abian jartzeko lanak kudeatu zituen, Europar Batasuneko beste 16 unibertsitaterekin batera (1994/97).
X. Unzurrunzagak, bere ibilbide akademikoan, irakaskuntza uztartu zuen hainbat ikerketa-proiekturen zuzendaritzarekin. Ikerketaren esparruan, eta bereziki Antonio Fontekin izandako harreman profesional akademikotik abiatuta, sakondu zuen lurraldean proiektu-elementu gisa, lurralde-proiektuan, lurraldearen eraikuntzan edo hiri-lurraldeetan .
Hirien arazoekin konprometituta, Eskolako zuzendari zela, Arkitektura Departamentuaren ordezkari gisa Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lehenengo lankidetza-hitzarmena sinatu zuen, Unibertsitateak 1995/1996 ikasturtean Donostia-Baiona Eurohiriaren errealitateari buruzko diagnostiko bat egiteko. Handik aurrera, lurralde-administrazioekin egindako akordioen bidez, Arkitektura Departamentuko Hirigintza eta Lurralde Antolamendu Sailak sustatutako ikerketa-jarduera finantzatzea lortu zuen, eta profesional eta unibertsitateko kolektibo bateko kide gisa beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzen saiatu zen, Eskolak euskal lurraldeko eremu estrategikoetan interes publikoko proposamenak egin zitzan.Euskal hirigintzan 1850etik 1950era bitarteko aldiari buruzko ikerketa-lan historikoa zuzendu zuen, hiri-zabalguneei buruzkoa, 1998 eta 2002 artean egin zena. Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak finantzatu zuen, eta Hiri zabalguneak euskal hirietan, Hiri zabalguneak Euskal Herrian (2002) izenburuarekin argitaratu zen. EHAEOk 2005ean saritu zuen, kultura arkitektonikoaren modalitatean.
Honako ikerketa lan hauetan parte hartu zuen 2007. urtean erretiroa hartu zuen arte: Eurohiria Donostia – Baiona, 2000-2004; Jaizkibel eremuko Lurralde Antolamenduko Plan Zuzentzailea, 2005-2006; Basurtu San Mames Olabeaga, 2001-2003; Lurraldea eta paisaia eraikitzea. Hiriak mendi-hegalean, 2005-2007.
[1] Euskarazko hainbeste lan argitaratzean egindako ahalegina 2009an eskertua izan zen, Zarauzko Udalak Osoko Bilkuran Itxaropena inprentari kultur merezimenduaren domina ematea erabaki zuenean.
[2] 1975. urtean, Lurzoruaren Lege berria onartu zen. Lege hori, handik gutxira, 1978an, onartutako hirigintzako plangintza-, kudeaketa- eta diziplina-araudien bidez garatu zen.