Konposatzaileak

Ugarte Leturia, Alfonso

Musikagilea, organo-jotzailea eta banda-zuzendaria. Antzuola (Gipuzkoa), 1879-08-02; Lizarra (Nafarroa), 1937-05-31.

Euskal Herrian musika loraldi betean sartuta zegoen garaian kokatzen da Alfonso Ugarte musikaria. XIX. mendearen amaieratik 1936. urtera arte luzatzen da musikaren abertzaletasuna aldarri zuen garai hori. Garai horretan hainbat maisuz (Ugarte ere tartean zela) osatutako belaunaldi batek berrikuntza bat garatu zuen eta, ondorioz, Europako korronte garaikideen bidean jarri zuten euskal musika: Guridi, Usandizaga, Aita Donostia, Nemesio Otaño, etab.

Alfonso Ugarte Leturia 1879an jaio zen Antzuolan, Gipuzkoako barnealdean, Zumarraga eta Bergara artean kokatutako herri txiki batean. Juan Lino Leturia osaba izan zuen lehen musika-maisua. Lino Leturia Zumarragako Andre Maria Jasokundearen parrokian organo-jotzailea izan zen eta musika-akademia txiki bat sortu zuen. Ugartek soprano abeslari modura eman zituen lehen urratsak Zumarragako parrokiaren koruan, eta herriko akademia txiki hartan jaso zituen kantu, solfeo eta organo eskolak. Akademia horretan Busca Sagastizabal eta Secundino Esnaola ere aritu ziren ikasten. Beranduago, Bergarara jo zuen, Pedro Fernández de Retanarekin musika-ezagutzak osatu nahirik. Fernández de Retana San Pedro parrokiako organo-jotzailea eta kapera-maisu zen eta berak sortu zuen Aritz Maitea Orfeoia. Ugartek kapera-maisu horrekin osatu zuen musika-prestakuntza, harmonia eta konposaketa ikasiz. Horrez gain, organoa ikasten jarraitu zuen. Geroxeago edo agian garai bertsuan, Donostiako Arte Ederretako Elkartearen Musika-akademian osatu zituen bere ikasketak. Ugartek pianoa eta harmonia ikasi zituen bertan, German Cendoya maisu zuelarik, sona handiko piano-jotzailea eta hainbat musikari garrantzitsuren maisua izan zena: Alfonso Ugartez gain beste ikasle ugari izan zituen: Juan Telleria, Regino Sainz de la Maza, Jose María Usandizaga eta Pablo Sorozabal, kasu.

Prestakuntza amaitu ostean, musikariak oposaketak egiteari ekin zion parrokia batean organo-jotzaile gisa aritzeko xedez. Artean ikasketak egiten ari zela eta hamazazpi urte besterik ez zituela, jadanik lehen oposaketetara aurkeztu zen Balmasedan (Bizkaia). Nafar bati esleitu zitzaion plaza, baina itxuraz bere musika-dohainak agerian utzi zituen, izan ere, tribunaleko presidenteak, Resurrección María Azkuek, Parisera jotzea gomendatu zion ikasketak han osa zitzan. Geroago, 1900. urtean, Lizarrako San Pedro de la Rúa parrokian (Nafarroa) organo-jotzaile plaza bat betetzeko oposaketak deitu ziren. Alfonso Ugarte bertara aurkeztu zen eta lehen postua eskuratu zuen. Dena den, 1902. urtera arte ezin izan zuen plaza hartu, Tomás Larrumbe parrokoaren eta Fabrika Batzordearen artean desadostasunak sortu baitziren, organo-jotzaile berriaren aukeraketa zela-eta. Gutxi gorabehera urte eta erdi iraun zuen eten txiki horretan zehar, Ugarte beste oposaketa batzuetara aurkeztu zen. Hala, 1901ean emaitza bikaina lortu zuen Elorrioko (Bizkaia) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) parrokietan deitutako organo-jotzaile oposaketetan. Azkenik, Lizarrako San Pedroko parrokoaren deiari erantzunez bertara jo zuen organo-jotzaile postuan aritzeko. Bertara iristean, bere jaioterriko (Antzuola) parrokoaren gutun bat aurkeztu zuen. Bertan bere portaera bikainaren eta deboziozkoaren berri ematen zen, gainera, parrokia horretan hogei urtez organo-jotzaile gisa emandako zerbitzuen berri ere emanez. Ondorioz, XIX. mende amaieratik Ugarte Antzuolako parrokiako bitarteko organo-jotzaile lanak egiten aritu zen.

Alfonso Ugarte 1902an iritsi zen Lizarrara (Nafarroa) eta bertan bizi izan zen 1937an zendu zen arte. Han finkatu zen behin-betiko eta denbora gutxira, herriko familia ospetsu bateko senitarteko zen Carmen Vicuñarekin ezkondu eta hiru seme-alaba izan zituzten (guztietan zaharrena, Julio, apaiz izan zen eta bere aitak bezala, musikaren alorrean bilatu zuen ogibidea). Lizarrara iritsi zenetik Ugarte sona handiko musikari bilakatu zen, gainera, herriko musika giroa garatzen zuten taldeen eta testuinguruen sustatzaile nagusietako bat izan zen: parrokiak (lehendabizi San Pedroko eta gerora San Joaneko organo-jotzaile modura), 1920tik bere gidaritzapean egon zen Herriko Musika-banda eta Lizarrako klase diruduna sarritan joaten zen antzoki eta lokal pribatuetako kontzertuak (kasinoak, etab.).

Alderdi profesional horien guztien artetik, erlijiozko musikaren organo-jotzailearena eta musikagilearena nabarmendu behar dira, izan ere, alor horiek jorratuz eman zuen bizitza Alfonso Ugartek, Euskal Herriko eta Nafarroako lurretan eliza-musikaren erreforma barneratzen aitzindarietako bat izan zelarik. Iritsi eta berehala, Ugartek zezilianismoak babesten zituen musika-korronteak txertatu zituen Lizarran. XIX. mendearen erdian Europan abiarazitako erreforma-mugimendu horrek tenpluetako musikan genero profanoa eta antzerki-generoa barneratzeari muzin egiten zion eta tradiziozko musika elizkoia berreskuratzea aldarrikatzen zuen, kantu gregorianoa, polifonia errenazentista eta herri-hizkuntzan kantatzen ziren erlijiozko kantu herrikoiak hauspatuz. Zalantzarik gabe, Ugartek garaiz izango zuen korronte horien berri, izan ere Lizarran egindako lana erabat aitzindaria izan zen. Musikariak errotutako musika-ohiturak baztertzeari ekin zion, normalean parrokietan interpretatzen zen opera giroko musika-errepertorio arina alboratuz (Mercadante, Prado, Cosme de Benito, etab.) eta erreformaren idealak barneratzearekin estiloa irauliz. Eraldaketa horrek giro zakarra eta erresistentzia indartsua izan zuen hasiera batean, izan ere, erabilera berriek talka egiten zuten parroko eta eliztar gehienen ohiturekin.

Ugartek pedagogiazko lanari ekin zion erreformaren mesedetan, Rocamadorreko Ama Birjinaren Eskola Serafikoaren (parrokiatik hurbil kokatzen zena) ahots zuriak irakatsiz, horretarako Aita Juan Evangelista de Ibero eta Aita Rentaría kaputxinoen laguntza izan zuelarik. Denbora gutxira, erreformak bultzada erabakigarria jaso zuen 1903an Pio X Aita Santuak igorritako Aita Santuaren agiriarekin: Musika Sakratuaren Kode Juridikoa edo "Motu Proprio" izenez ezagutzen den agiriarekin. Alfonso Ugartek kode juridiko berria San Pedroko parrokian aplikatzeari ekin zion, katekesia jasotzen zuten gazteei gregorianoa irakatsiz eta parrokiako korua errepertorio berriarekin trebatuz (gregorianoa, zezilianismoan nabarmendu ziren musikagileen antzinako erlijiozko polifonia, eta herri-hizkeran abesten ziren kantu herrikoiak). Errepertorio berriak arrakasta izan zuen lizarratarren artean, izan ere, Ugartek, koruari musika fintasunez, gustuz eta kalitatez isurtzen irakasten asmatu zuen. Lortutako prestigioak eraginda mugimenduak bultzada berri bat jaso zuen eta herriko beste bi parrokietako organo-jotzaileen babesa jaso zuen, San Joan Bataiatzaile eta San Miguel parrokietako organo-jotzaileena, hain zuen, Moisés Baylós eta Andrés Hermoso de Mendoza, hurrenez hurren. Urteen poderioz, Alfonso Ugartek abiarazitako erreforma-mugimenduak jaso zuen bazterkeria, herrian gero eta indar handiagoa eta zale gehiago zituen mugimendu bilakatu zen.

Urte horietan, herri ezberdinetako organo-jotzaileen eta parrokoen ekimen partikularrak, estatu mailako mugimendu handiago batean uztartu ziren. Bultzada horri esker, eliza-musikaren hainbat kongresu ospatu ziren (Valladolid 1907; Sevilla 1908; Bartzelona 1912) eta erreforma-mugimendua sendotzeko eta hedatzeko hainbat ekimen abiarazi ziren. Horien artean Aita Otañok sortutako Revista Música Sacro-Hispana delakoa nabarmendu behar da, izan ere, ekimen hori erabakigarria izan zen mugimenduko kideen arteko harreman-sareak eraikitzeko, bataren zein bestearen obrak ezagutzeko, musika hautatua eskaintzeko eta erreformak nola gauzatu behar ziren azaltzeko. Alfonso Ugartek sarritan kolaboratu zuen aldizkari horretan eta bertan argitaratu zituen bere erlijio-konposaketa asko. Aldizkari horren bitartez ezagutarazi zuen bere burua; horrez gain, beste adiskide batzuek egindako lanak ezagutu ahal izan zituen eta garai hartan mugimenduko kide eta musikagile ospetsu izan zen. Halaber, bere erlijiozko musika-obrak beste argitalpen batzuen bitartez ezagutarazi ziren han-hemen. Horien artean, "Motu Proprio" delakoan ezarritako jarraibideak betetzeagatik 1912ko kongresuaren ostean eratutako Bartzelonako Gotzaintzaren Batzorde Zentsorearen onarpena jaso ondoren, Iruñako Casa Arilla argitaletxearekin argitaratutako konposaketak nabarmendu behar dira.

1916ko abenduaren 29an, Ugarte Lizarrako San Joan parrokiako organo-jotzaile izendatu zuten. San Pedroko organoa utzi zuenean, Ugartek, dagoeneko, erreformaren jardunak txertatu zituen parrokiaren barnean: eliza-musikaren kongresuen irizpideei jarraituz, organo barroko zaharra modernizatu zuen eta gregorianoa eta errepertorio berria barneratu zituen bertako gurtzetan. Hala eta guztiz ere, San Joan parrokiarako aldaketa oso garrantzitsua izan zen Lizarrako herrian erreforma sendotzeari dagokionez. Izan ere, herriaren erdigunean kokatutako Foruen Plazan zegoen parrokia horretan eliztar asko pilatzen ziren, herriaren hiru laurdenak, hain zuzen; gainera, parrokia horretan egiten zen gurtzari handitasuna zerion. Ugartek, aurrez Moisés Baylósek hasitako erreforma-mugimendua hauspatu zuen: 1918an San Joan Bataiatzaileko organo erromantikoa (1872an Pedro Roqués Etxeak ezarria) berrezartzea proposatu zuen. Organo horri ukitu batzuk eman zizkion Aquilino Amezuak, erreformaren sustatzaileen artean organo erromantiko berria zabaldu zuen organogile ospetsuak; parrokiako koruarekin entseguak egiteaz gain, musika-kapera bat ere sortu zuen. Kapera hori ospakizun handienetan aritzen zen, errepertorio zailagoa eta hautatuagoa interpretatuz. Errepertorio horretan erreforma-mugimenduarekin lotutako musikagileen lanak barneratzen ziren, etxekoak nahiz kanpokoak: Haller, Ravanello, Casimiri, Otaño, Iráizoz, Goicoechea eta Aita Donostia, nagusiki. Dena den, Lizarran erreforma zabaltzeko egin zuen lana ez zen parrokia horretara mugatu, non hil arteko urteak eman baitzituen. Bere ospeari esker beste eliza batzuetako koruak zuzendu zituen (Santo Hospital, PP. Eskolapioak eta Puyko Andre Mariaren parrokia); horrez gain, eskualdeko beste herri batzuetara zabaldu zuen erreforma beste parrokia batzuetako arduradun ziren apaizekin eta maisutza Lizarratik kanpo hedatu zuten bere ikasleekin zuen laguntasuna baliatuz.

Bere lanaren ospea Lizarrako eskualdetik at ere nabarmendu zen. 1919an José María Beobiderekin batera, bigarren saria eskuratu zuen konposaketa lehiaketa batean Lezoko Santo Kristoari egindako ereserkiagatik. Aita Nemesio Otañok erdietsi zuen lehen saria. Halaber, Eskolapioen ordenak Calasanzeko San Joseren omenez ereserki bat egiteko deitu zuen lehiaketa bereganatu zuen, beraz, berak egin zuen Ordenaren sortzailearen omenez egindako ereserkia. Iruñan ere agerian geratu zen bere ospea. Nafarroako hiriburuan hainbat zeregin eta kargutan ibili zen Ugarte. Antzuolako musikaria Iruñako Orfeoi ezagunaren organo-jotzaile izan zen denboraldi batez. Orfeoi hori ere erlijio-artearen joera berriak zabaltzeko eta ezartzeko ahaleginetan aritu zen. Iruñako Gotzaintzak ere izan zuen musikarako zituen dohainen berri, hala, katedralerako deitu ziren musikariak aztertzeaz arduratuko ziren epaimahaian egoteko hautatu zuten Ugarte. Beranduago Ugarte tribunaleko presidente izatera iritsi zen, kapera-maisu izateko oposaketak behatu zituelarik. 1925ean, Mateo Múgica Gotzainak, erreformaren sustatzaile sutsuak, Nafarroako hiriburuaren Musika Sakratuaren Elizbarrutiko Batzordea eratu eta Alfonso Ugarte bertako batzordekide izatea eskatu zuen. Erreforma sustatu zuten beste adiskide ezagun batzuekin batera aritu zen zeregin horretan, horien artean Bonifacio Iráizoz nabarmendu behar da, San Saturnino parrokiako organo-jotzailea eta Iruñako erlijio-musika giroan oso pertsonaia ezaguna. 20. hamarkadan erreforma sendotzen ari zela zirudien, batez ere, belaunaldi berriaren etorrerarekin, erreformaren sustatzaileek ardurazko karguak eskuratu zituztenean. 1928an Eliza-musikaren IV Kongresu Nazionala ospatu zen Gasteizen. Ugarte Lizarrako Ordezkariorde gisa bertaratu zen, ordura arte herri horretan eta haren inguruan egindako lan guztia jasotzen zuen memoria bat aurkeztu zuelarik. Bizitzako azken urteetan erreforma-mugimenduko kide nabarmena zen Ugarte eta mugimenduko bi aldizkari nagusietan izandako kolaborazioari (Revista Música Sacro-Hispana eta Tesoro Sacro-Musical), garaiko erlijiozko musikaren antologia nagusietan egindako agerpenei, eta Donostiako Casa Erviti edo Iruñako Casa Arilla argitaletxeek egindako argitalpen independenteei esker ezagutarazi zen musika-ibilbide garrantzitsuaren jabe zen.

Era berean, Alfonso Ugarte Lizarrako musikaren sustatzaile garrantzitsua izan zen, bai zirkulu txikietan bai eremu zabalagoan ere. Herrira iritsi zenetik musikagilea ezagun egin zen familia dirudunen artean, horrela, solfeoko eta pianoko eskola partikularrak eman zituen zirkulu horien barnean eta ikasle onak prestatu zituen Iruñako edo Zaragozako Musika Eskolan piano-karrerarekin jarrai zezaten. Burgesiaren barneko musika giroa ere sustatu zuen Ugartek, hala, ganbera eta sinfonia kontzertu ugari eman zituen, hainbat opera eta zartzuelaz gain. Musikariak bertako seikote bat eratu zuen eta ganbera-obrak interpretatzen zituen haiekin batera hainbat lokal eta antzokitan. Zenbaitetan kanpoko pertsonaia ezagunek ere parte hartzen zutelarik (Madrileko Musika Eskolako kantu, biolin eta piano sariak). Madrileko eta Iruñako (Iruñako Orfeoiarekin lotuta, batez ere) musika zirkuluekin zuen harremanari esker, hainbat interprete eta talde ezagun ekarri zituen herrira: Santa Zezilia Elkarteko Orkestra (Iruña) edo Arbosek zuzentzen zuen Madrileko Orkestra Sinfonikoa, besteak beste. Horrez gain, Ugartek zartzuela ugari muntatu zituen, genero horretako autore klasikoen (Breton, Chapí, etab.) lanak interpretatuz. Bere lanak ere interpretatu zituen eta herriko hainbat talde mobilizatu zituen, haiekin harreman estua baitzuen: Lizarrako Orfeoia eta Herriko Musika-Banda.

Ugarte bitan izan zen Lizarrako Musika-Bandaren buru, lehenenik eta behin 1908. urtean denbora laburrez eta bigarrenik, 1920. urtetik aurrera. Bigarren aldi horretan eskuratu zuen bandak inoizko dirdirarik nabarmenena. 1920. urtera arte Herriko Bandak ez zuen egonkortasunik izan ez eta instituzioen babes osoa ere. Aurrez, sarritan egin zen, herriko ekitaldi publiko ugariak musikaz janzteko balioko zuen talde profesional bat udalekotzeko ahalegina. Hala ere, saiakera horiek guztiek porrot egin zuten, izan ere, soldata eskasaren ondorioz bertako kideek beste nonbaitetik atera behar zuten bizitza aurrera, eta hori erabat kaltegarria zen taldeari lehiakortasuna eta profesionaltasuna emateko orduan. 1920. urtean Udalak banda goitik behera berrantolatzea erabaki zuen, horrelako taldeek beste herri batzuetan (Tafalla, Zangoza, Cintruenigo) eskuratu zuten maila erdietsi nahirik. Herriko musika-talde ugaritako zuzendaria zela eta Guridi, Mokoroa, Julio Gómez eta Lazpiurren mailako kideekin batera, 1918an Iruñan ospatutako banden arteko lehiaketan epaimahaikide izateko hautatu zutela ikusirik, Alfonso Ugarteri eman zitzaion banda berrantolatzeko eta zuzentzeko ardura. Oraingo honetan izaera profesional osoa hartu zuen bandaren antolaketa berriak: araudi berri bat sortu zen kide bakoitzaren betebeharrak eta soldata zehaztuz, eta plantilla, jantziak eta instrumentuak berritu egin ziren. Talde berri horren profesionaltasunak berme osoa zuen, Ugartek zuzentzen zuen Solfeo-akademiatik zetozen edo oposaketa bidez hautatzen ziren musikari berriei eskatzen zitzaien musika-prestakuntzari esker. Ugarteren gidaritzapean, 1936. urtera arte iraun zuen aro berri bat hasi zuen bandak eta ezinbestekoa bilakatu zen, herrian ospatzen ziren jaialdi eta ospakizun zibil eta erlijiosoak animatzeko. Bandak lortutako arrakasta Lizarratik at izan zuen oihartzuna eta alboetako beste herri batzuek haren zerbitzua eskatzen zuten data jakin batzuetan jaialdietako ekintzetan parte har zezaten. Taldeak erdietsitako arrakastaren jakitun, 1931n Lizarrako Udalak San Fermin jaietan aritzeko eskaera luzatu zion bandari. Lizarrako bandak jasotzen zituen gorespenak, aldi berean, Ugartek zuzendari gisa egiten zuen lanari egindako gorespenak ziren. Lortutako prestigioari esker, 1933an Musika-Bandetako Zuzendarien Euskal Herriko eta Nafarroako Elkartearen Nafarroako Zuzendaritzako presidente izendatu zuten Alfonso Ugarte. Banda horren errepertorioaren barnean sinfonia eta zartzuelen egokitzapenak, martxak eta ereserkiak (horietako zenbait Ugartek berak eginak) eta garai horretan ohikoak ziren dantzagarriak interpretatzen ziren. Errepertorio hori euskal musikako pieza herrikoi ugarirekin eta bere belaunaldiko euskal musikagileen (Guridi, Usandizaga, etab.) lan handiagoen egokitzapenekin osatu zuen Ugartek.

Izan ere, Alfonso Ugarte euskal kulturaren sustatzaile sutsua ere izan zen. 1902an herrira iritsi bezain laster, euskal abertzaleen bilgune bat sortu zuen bi aita kaputxinoekin eta Irujo familiarekin batera. Geroago, Lizarrako Euzko Etxea edo lehenengo batzokiko presidente izan zen. Bertan, Lizarran eta Nafarroako beste herri batzuetan euskal abertzaletasuna bultzatu zuten ekintza politiko eta kulturalak garatu ziren. Ekimen horiek II. Errepublikarekin hasi ziren etekina ematen, izan ere, Lizarran II. Errepublikaren garaian EAJ alderdiak babes handia eskuratu zuen hauteskundetan (1933an Fortunato Aguirre abertzaleak hartu zuen alkatetza) eta euskal kultura sustatzeko hainbat proiektu abiarazi ahal izan ziren. Ugartek ekimen horiekin guztiekin kolaboratu zuen, Euskal EsKolako (1933an sortua) diruzain izan zen eta euskal folklorea hedatzen kolaboratu zuen. bereziki txistuarena, Aita Hilario Olazarán lizarratarrarekin batera. Instrumentu horri dagokionez, hainbat lan argitaratu zituen eta herrian berriki sortua zen txistulari taldeak interpretatzen zuen errepertorioan barneratu ziren. Hala eta guztiz ere, indarraldi hori, bat-batean eten zen 1936an, altxamendu militarra jazo zenean. Militar-kolpistak Lizarra hartzean jazo ziren gertakizunen eraginez (euskal kulturaren eta abertzaletasunaren errepresioa, bertako kide nagusien fusilamendua, musika-banda desegitea) hil zen Ugarte.

Beraz, Alfonso Ugarte 1937an hil zen Lizarran, bihotzekoak jota. Bere heriotzarekin eta bere lankide askoren heriotza eta erbesteratzearekin amaitu zen, gure musika-kultura berritu eta sendotu zuen aro garrantzitsuenetako bat. Berritze hori lehen mailako pertsonaien eskutik eman zen (Guridi, etab.) baina modu xumeagoan aritu ziren beste musikari batzuek ere lagundu zuten lantegi horretan. Horien artean Alfonso Ugarte azpimarratu behar da bereziki.