Plataformak

Udalbiltza, Udalbide

2000. urteko abenduaren 27an, EAJ eta EA alderdietako zinegotziek Udalbiltzaren Zuzendaritza Kontseilua eratu zuten Beasainen, EH eta AB kanpoan utziz. Modu horretan, organoa EAJ eta EA alderdietako hamar kargudun publikoz osaturik geratu zen. Zuzendaritza Kontseilu horretan organo kudeatzaile bat barneratu zen, Udalbide Elkarlan Elkartea. Izaera juridikoa duen elkartea, kultura arloko gizarte-eragileekin batera elkarlanean aritu zena hainbat esparrutan, esate baterako, euskara, kultura edo euskal identitatearen esparrutan.

Urtebete beranduago, 2002ko apirilean Udalbiltzaren II. Asanblada egin zen (lehenengoa EH eta AB bazter utzi zirenetik). Asanblada horretan hainbat proiektu diseinatu ziren hiru esparru hartzen dituztenak: euskara, garapen urriagoa zuen zonaldetan (Nafarroa eta Iparralde) sustapenerako ekimenak bultzatuz; kultura eta kirola, euskal dimentsioko kultura eta kirol arloko proiektuak babestuz; eta turismoa.

2002an Udalbidek Hurbiltzen ekimena ezagutarazi zuen, zazpi euskal lurraldeetako udaletxeen arteko harremanak sustatzera bideratua: Euskal Herriko udalerrien arteko anaitasun-programa bat zen, proiektu bakoitzean Iparraldeko, EAEko eta Nafarroako udalerri bana barneratzea ziurtatzeko asmoa zuena, modu horretan, elkarkidetza sentimendu bat bultzatzeko xedez. Programa horren bidez, lankidetzarako eta udal-erakunde, nahiz erakunde ekonomiko, sozial eta kulturalen arteko kooperaziorako proiektuak sustatu nahi ziren.

Horren antzekoa zen "Xendrak Euskal Herria Bideak" ekimena, zazpi ibilbideko sistema batean garatzeko proiektu kultural gisa diseinatu zena, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoa elkarlotuz; bide horretan zehar herrialdeko natura, monumentu-ondarea, pertsonaiak, literatura, musika, borrokaldiak, folklorea, artisautza, etnografia eta zientzia ezagutaraziko ziren.

Era berean, nazioarterako ere hiru jarduketa-eremu planteatu ziren: euskal diasporarekin harremanak finkatzea; garapenerako lankidetza politiketan "Euskal Herria" marka gisa sustatzea; eta Europan Udalbideren errealitatea eta asmoak ezagutaraztea.

Udalbiltza-Udalbidek 2004. urtean honako bi gertakarien inguruko bere iritzia eman zuen:

  • Auzitegi Nazionalak "ezker abertzaleko hautetsien Asanbladako kide ugari" atxilotu zituen erakunde terrorista bateko kide izatearen ustezko delitua leporatuta. Udalbiltza-Udalbide atxiloketa horien aurka azaldu zen eta "sorgin-ehiza" gisa izendatu zuen operazioa, hasitako prozesuen ziurgabetasun juridikoa eta babesik eza azpimarratuz.
  • Ibarretxe Lehendakariak Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politiko bat proposatu zuen eta Udalbiltza-Udalbide alde azaldu zen.
  • Udalbiltza-Udalbidek lankidetzarako hainbat proiektutan parte hartu du eta horietarako finantzaketa horrela banatzen da (lehen 4 urteetan) lurraldeka:

    • Iparralde, %51
    • Nafarroa, %35
    • Euskal Autonomia Erkidegoa, %14

    Honakoa da gaikako banaketa:

    • Euskara, %77,21
    • Kultura, %11,3
    • Komunikazioa, %7,5
    • Kirolak, %3,5
    • Ekonomia eta enplegua, %0,4

    Proiektu ugari laguntzeko jardunbide hori gaur arte mantendu da. Modu berean, Udalbidek oraindik ere egungo gaiei buruzko iritziak ematen ditu, esate baterako, 2006an "esparru juridikoak" euskaldunen erabakitzeko boterearen arabera egokitzearen alde azaldu zen. Ildo horretatik, 2009an Udalbideko ordezkariek Amerikako kontinentean lekutzen den euskal diasporako kideekin harremanak sendotzeari ekin zioten. Horren harira, Udalbidek gazteentzako udaleku batzuk antolatu ditu berriki, eztabaida eta elkarrizketa sustatzeko helburua dutenak.