Unibertsitateak

Udako Euskal Unibertsitatea

Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) irabazi-asmorik gabeko eta Onura Publikoko aitormena duen kultur elkartea da. 1973. urtean sortu zen Ipar Euskal Herrian, helburu nagusia Euskal Unibertsitatea sortzea delarik.

Lan-ildo nagusiak, Euskararen eta unibertsitatearen arteko zubiak eraikitzea, Euskal komunitate zientifiko-intelektuala biltzea nahiz Unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jartzea dira.

UEUren oinarri soziala jakintza-alor desberdinetako sailetan antolatutako 1.000 bazkide baino gehiagok osatzen dute. Egoitzak, Bilbo, Baiona, Eibar eta Iruñan aurkitzen dira.

UEUren jatorria 1970-72an Baionako Euskal Erakustokian antolatutako Euskal Asteetan datza. Horien arrakasta ikusirik, eta 1972ko ekitaldian Euskal Unibertsitatea sortzeko premiaz emaniko hitzaldien bidetik, Euskaldunen Biltzarra, Ikas eta Fededunak elkarteek, Euskaltzaindiaren babespean, 1973ko udan UEU antolatzea erabaki zuten.

Lehengo bi ekitaldiak Donibane Lohizunen egin ziren, ondorengo biak aldiz Uztaritzen. 1977ko ekitaldiak Hego Euskal Herrian (Iruña) burutu zirelarik. Udako ekitaldien eragina zabaldu nahian, 1985. urtetik abiatuta, urtean zehar ere publiko orokorrari zuzendutako Jardunaldiak antolatzea erabaki zen. Ordutik UEUren jarduera etengabe handitu da.

Esan bezala, Euskal Unibertsitatea sortzea da helburu nagusia. Maila goreneko hezkuntza-erakundea sortu nahiko da, euskal gizartearen beharretara egokitua, izaera soziala izango duena, Euskal Herria bere osotasunean hartuko duena eta euskara hizkuntza-ardatz nagusia izango duena.

Goi-mailako formazioa eskaintzeko lan egiten du, etengabe aldatzen doan gizarte honetan beharrezkoa den ezagutza berriak barneratu nahian. Honela, unibertsitate-mailako formazioa, ikastaro espezializatuak, mintegiak, jardunaldiak, irakasle zein profesionalei zuzendutako prestakuntza, udako ikastaroak eta hauekin lotutako ikerketak lantzen dira, alor honetan erreferente bilakatuz.

Liburugintzaren alorrean, helburua azpiegitura bibliografikoa sortzea eta arlo teknikoetan euskarazko terminologia eta sintaxia finkatzea da. 1978. urtean argitaratu zen lehenengo liburua.

Goi-mailako formazioaren beharrak asetu nahian teknologia berriak uztartzen dira. IKT (Informazio eta Komunikazio Teknologiak) hezkuntza-munduan erabiltzea ezinbestekotzat jotzen diren egungo baliabideak dira. Horregatik interneten jarri dira zenbait proiektu gizartearen eskura: Komunikazio-atariak, datu-baseak, aldizkari elektronikoak, liburutegi digitalak, orientazio-zerbitzuak eta irakaskuntza telematikoa ahalbidetzen duen gunea; Inguma, euskal komunitate zientifiko-intelektualaren datu-basea; SoftKat, euskarazko softwaregintzaren datu-basea; Buruxkak, UEUren liburutegi digitala; Uztaro.com, UEUren Giza eta Gizarte Zientzien aldizkaria; Unibertsitatea.net, komunitate unibertsitario euskaldunaren ataria; Kondaira, Historiako aldizkari elektronikoa; e-irakaskuntza gunea, etab.