Kontzeptua

Txirula

Txirulariak esku batekin txirula eta bestearekin besoarekin heldurik daraman ttunttuna jotzen ditu. Horrela jole bakar batek musikaren doinua, azpiko nota pedalak eta erritmoa aldi berean ematen ditu.

Hiru zuloak erabiliz digitazio naturalarekin zortzidun gehi bostun bateko hedapena du (Re+2tik La+3raino) eta bi eskala diatoniko ematen ditu (DO maior eta SOL maior). Re2 eta La 3 bi tonu horien artean mugitzen dira txirularen doinuak. Piezak DO M edo Sol M tonalitateetan egoten dira eta asko dira zatika DO eta SOL bi tonalitateetan daudenak.

Txirula zaharrek ez dute ematen sistema tenperatuko eskala eta horrek ere berezitasuna ematen die txirularen joaldiei. Gaur egun txirulari batzuk eskala zahar horrekin jotzen dute, besteek sistema tenperatutik gertuko eskala erabiltzen dute eta badira sistema tenperatuko eskala erabiltzea nahiago dutenak.

Historiako dokumentuetan ikusi dezakegunez eta Zuberoan ezagutu dugunez, tradizioz txirula jotzeko modurik arruntena ttunttuna edo danburiaren laguntzarekin jotzea da. Txirulari berak txirula eta ttunttuna, biak batera jotzen ditu. Txirula jotzen duen beso berarekin heltzen du ttunttuna bere gorputzaren kontra. Gutxietan bi txirularik batera ere jo izan dute bakoitzak bere ttunttunarekin.

Aurretik beti sokazko danborrarekin batera erabiltzen zen baina XX. mendearen erdialdetik aurrera Zuberoan ttunttuna gero eta gutxiago erabili izan dute. Erritmoa markatzeko bigarren jole batek "tabala izeneko danbor handi bat jotzen du eta horrela talde arruntena bi joleen artean osatutakoa izan da; batek txirula eta besteak atabala joaz. Azken urtetan berriz ttunttuna erabiltzen hasi da eta oso arrunta dugu txirularia, txirula eta ttunttunarekin, eta atabalariaz osatutako taldea.

Zuberoan nagusiki berezko bi soinu-tresna ezagutu ditugu: txanbela eta txirula (ttunttunarekin). Txanbelariak herri kantuz osaturiko errepertorioa du eta txirularia Zuberoako herri dantzen musika jolea da.

Bestalde, orain, txirula Zuberoako dantza doinuak jotzeaz gain, Iparraldean eta Hegoaldean beste musika estiloak jotzeko erabiltzen da ere eta txirulariek beste soinu-tresna joleekin elkarturik, folk, fanfarre eta txaranga moduko taldeetan parte hartzen dute taldeari txirula eta ttunttunaren hotsen berezitasunak eskainiz. Gaur egungo euskal festa eta ospakizun askotan, txirula, askotan ikusten dugu aipatutako talde hauetan Euskal Herriko beste edozein lurraldeetako herri dantza doinuak jotzen.