Kulturalak

The North American Basque Organizations, Inc. - NABO

Beste immigrante komunitate guziekin gertatu den bezala, euskaldunek sortu zituzten lehen instituzioek immigrante etorri berriak laguntzeko funtzioa betetzen zuten. Fenomeno hori immigrazio masiboaren garaian (1850-1950 Estatu Batuetan) hasi eta 1950. hamarkadan gelditu zen, immigrazioaren apaltzearekin hots. Hara nola euskaldun komunitate bat instalatu zen leku guzietan euskal hotelak sortu ziren. Hotel horiek funtzio garrantzitsua betetzen zuten: euskaldun etorri berriek lo egiteko, lan bat aurkitzeko eta laguntza psikologikoa izateko leku bat bazuten; leku haietan euskaldunek eta haien ondorengoek elkar laguntzen zuten eta haien kultura bizitzeko espazio bat bazuten ere. Estatu Batuetako euskal elkarterik zaharrena, New Yorkeko Euzko Etxea, euskaldun etorri berriak laguntzeko helburuarekin sortu zen 1913an. "Centro Vasco Americano - Sociedad de Beneficiencia y Recreo" deitzen zen orduan. Instituzio honek bere kideak laguntzen zituen eritasunak edo hiltzeak ukitzen zituelarik.

Bigarren Mundu Gerraren biharamunean euskal immigrazioa Estatu Batuetara anitz apaldu zen. Euskal Herritik etorri berrien beharrak, herri berriari egokitu arau, aldatuz joan ziren: ez zuten gehiago lo egiteko edo lan bat aurkitzeko leku baten beharrik; euskaldunen artean biltzeko leku bat baizik. Estatu Batuetan sortutako belaunaldiei euskaldun izatea zer zen erakutsiko zien espazio bat sortzeko beharra agertu zen ere. Ondorioz, poliki poliki, euskal instituzio informalen (euskal hotelak) sarea desagertuz joan zen, euskal elkarteei lekua utziz. 1950. hamarkadatik goiti, Estatu Batuetako leku ezberdinetan, euskal elkarte formalak sortzen hasi ziren (gaur egun segitzen duen fenomenoa da).

Garai horretan, fenomeno berezi batek Estatu Batuak ukitu zituen: "Roots phenomenon" edo "Sustraien fenomenoa". Afrikar-Amerikarrekin hasirik, fenomeno hau Europar jatorriko komunitateetara ere hedatu zen, euskaldunak barne. Immigranteak eta ondorengoak haien erroez harro bilakatu ziren, sentimendu hori publikoki adierazteko beharra sortuz.

Euskaldunen kasuan harrotasun hori, kontzientzia hartze hori, molde berezi batez adierazia izan zen: euskal elkarteen sorrera testuinguru horretan sartu behar da; euskal elkarte zenbaitek euskal etxeak eraiki zituzten ere. Elkarte horiek guziek euskal jai bat antolatzen dute geroztik, uda garaian normalean, euskaldunen presentziaren eta haien harrotasunaren erakusle. Elkarte horiek euskaldunen artean sozializatzeko leku bat izan nahi dute eta Estatu Batuetan sortu belaunaldiei euskaldun izatea zer den irakatsi nahi die (euskara, mus karta jokoa, euskal dantzak, euskal pilota...).

Poliki poliki, komunikatzeko tresnen garapenak lagundurik, elkarte ezberdinak haien artean harremanak sortzen hasi ziren (bata bestearen jaietara joanez adibidez) eta elkarteen arteko sare formalizatu bat sortzeko beharra agertu zen, NABOren sorrerarekin gauzatu zena. Ondorioz, NABOren sorrerak euskal instituzioen fenomenoaren barruan etapa berri bat markatzen du.