Historialariak

Tellechea Idigoras, José Ignacio

Elizgizona, historialaria eta irakaslea, Donostian (Gipuzkoa) jaioa 1928ko apirilaren 13an. Hiri berean hil zen 2008ko martxoaren 8an, 79 urte zituela.

Apaiz-ikasketak Bergarako Seminario Txikian eta Gasteizko Seminario Handian egin zituen (1940-1951), eta 1951ko ekainaren 29an apaiztu zen. Erroman Eliza Ikasketetako Espainiako Institutuaren bekaduna (1954-1956), han sakondu zituen Elizaren Historiari buruzko ikasketak Unibertsitate Gregorianoan (1955) eta Artxibo eta Paleografiako Eskola Vatikanoan diplomatu zen. Haren tesiak, Aita Maldonadok Sorbonarekin izandako eztabaidan Sortzez Garbiari buruzkoa, Unibertsitate Gregorianoaren urrezko domina lortu zuen, eta Victoriensia aldizkarian argitaratu zen 1958an. Urte batzuk geroago Juan March Fundazioaren bekaduna izan zen (1958-1966), eta Filosofia eta Letretan lizentziatura sari bereziarekin lortu zuen, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean (1966).

Oinarrizko Teologiako eta Elizaren Historiako irakasle izan zen, baita liburuzaina ere Donostiako Seminarioan (1956-1970) eta bertako errektore 1966 eta 1968 artean. Eginkizun horiekin batera, Madrilgo Hispanoamerikar Seminarioan irakatsi zuen (1956-1966) eta Espainiako Gotzainen Kontzilio-Aholkulari kargua ere izan zuen (1963-1966).

1966an Salamancako Unibertsitate Pontifizioan Elizaren Historiako katedra lortu zuen, eta erretiroa hartu arte bete zuen kargu hori (1998), bertako Katedradun Emeritu izan zelarik. Salamancako etapan, irakasteaz gain, beste ekintza batzuetan ere sartuta ibili zen: Donostian Lekaimeentzako Teologiako Pio XII Institutuaren sortzaile eta zuzendari izan zen, eta eginkizun berberak izan zituen hiri berean Historiako Dr. Camino Institutuan (1967-2000); gainera, Salmanticensis aldizkaria zuzendu zuen 1972 eta 1975 artean. Historialari eta ikertzaile gisa bizitza egitekotsua izateaz gain, ohorezko aipamen asko jaso zituen: Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kide osoa izan zen (RSBAP) (1966); Historiako Espainiako Akademiako laguntzaile, baita Venezuelakoa eta Mexikokoa ere; Tourseko "Institut de l'Humanisme et la Renaissance"eko ohorezko kide, baita Buenos Aireseko Euskal Argentinar Institutukoa ere; Espainiako Unibertsitate Fundazioaren Patronatuko kide, eta "Espirituales Españoles" bildumaren zuzendaria.

Hitzaldi-emaile eta artikulu-egilea, El Diario Vasco-n idatzi zuen urte askoan; zientzia-biltzar eta bileretan parte hartu zuen hainbat lekutan: Oxford, Paris, Erroma, Salamanca, Madril, Trento, Tours, Ginebra edo Sevillan... eta guztira 100 liburu baino gehiago eta artikulu asko-asko idatzi zituen; bere zabalkunde-lanean mila artikulu baino gehiago egin zituen. Beste argitalpen askoren artean, honako hauetan idatzi zuen: Bulletin Hispanique, Hispania Sacra, Boletín de la Real Academia de la Historia, Revista Española de Teología, Boletín de la RSBAP, Príncipe de Viana eta Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián. 50eko urteetan hasi zen frai Bartolome Karranza-koaren bizitza eta lana aztertzen, eta berari eskaini zion bere lan historiografikoaren zati garrantzitsu bat, eta horren emaitza dira lan hauek: El Arzobispo Carranza y su tiempo (Madril, 1968); Bartolomé Carranza. Comentarios a su "Cathechismo Cristiano" (Madril, 1972); Fray Bartolomé Carranza y el cardenal Pole. Un navarro en la restauración católica en Inglaterra 1554-1558 (Iruñea, 1977); eta Melanchton y Carranza (Salamanca, 1979); gainera, artikulu asko idatzi zituen pertsonaia berari buruz eta 7 dokumentazio-liburuki gai berari buruz 1962 eta 1983 artean (Espainiako Agiritegia/Archivo Documental Español). Baita ere azterketa luzeak eskaini zizkion Aita Larramendiri, eta azpimarratzekoa da haren idazlanen argitalpena: Corografía de Guipúzcoa (Donostia, 1969); Autobiografía y otros escritos, (Donostia, 1973) eta Conferencias... sobre los Fueros (Donostia, 1983).

Beste hauen egilea ere bera izan zen: La Reforma Tridentina en San Sebastián (Donostia, 1970 y 1972); Las ediciones de Las 110 divinas consideraciones de Juan de Valdés (Salamanca, 1975), La Guía Espiritual de Miguel de Molinos (Madril, 1976); Papeles Viejos (Donostia, 1968); Tiempos Recios. Inquisición y Heterodoxias, M. Bataillon-en hitzaurrearekin (Salamanca, 1977); Anclas de Hernani (Donostia, 1977); Hernán Pérez de Yarza... Las Comunidades y la guerra de Navarra 1520-1521 (Donostia, 1979); Erquicia y Aozaraza (Donostia, 1980); Ignace de Loyola (Paris, 1983); Bibliografía de la RSBAP (Donostia, 1985); Arte en el Antiguo Aranzazu del siglo XVIII (Donostia, 1987); La Ilustración Vasca. Cartas del conde de Peñaflorida a P. Jacinto de Alava (Gasteiz, 1987); eta La Otra Cara de la Invencible. La participación vasca (Donostia, 1988). Miguel de Unamuno (5 liburuki); Felipe II; La monja Alférez. Doña Catalina de Erauso; Dario de Regoyos. Cartas. Aita Telletxearen bibliografia bat hemen kontsulta daiteke: "Homenaje a J. I. Tellechea", Kutxa Fundazioak argitaraturiko Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián bildumako 16. eta 17. liburukietan (1982-1983) dago.