Literatoak

Tartas, Jean de

Idazlea, Zubererazko lehen liburuaren egilea. 1610 eta 1612 bitartean jaio zen. Ez dakigu noiz zendu zen.

Aita Mauletik gertu dagoen Sohuta sortutako baserritar diruduna zuen. Lehen ikasketak Lescar-eko Barnabitarren eskolan burutu zituen 1624an. Oloroneko Andra Mariaren katedraleko kalonjea zelarik, Arueko erretore izendatu zuten 1641ean eta kargu horrexekin izenpetzen ditu bere idazlan guztiak. 1662 inguruan Mitikile eta Ospitalepeko parrokiak ere bere gain hartzen omen ditu. 1673ko maiatzean Arueko eta Atharratzeko erretorea da, baina urte hartako abenduaren 15az geroztik eta hogeita hamasei urtez lehendabiziko titulua bakarrik erabiltzen du. Dirudienez leku hartan ez zuen denbora asko eman, Oloroneko Gotzainari eskainitako hitzaldi batean honela hitz egiten baitu bere buruaz: "Aueko erretorea izandakoa eta Zuberoako elizjendearen abadea". Euskaraz bi idazlan burutu zituen.

Ontsa hiltzeko bidia, Orthez, 1666. Bukaeran eranskin labur bat dauka, eta bertan euskarazko otoitzak, Jainkoaren eta Elizaren aginduak eta Ama Birjinarren letaniak biltzen ditu, zenbait irakurlek egileari eskaintzen dizkioten hainbat bertso ere ageri direlarik. Aszetikako liburua da, hau da, ongi hiltzeko liburua. Ideia nagusia zera litzateke: heriotzaz hausnarketa egitea bizitza egokia garatzeko bide bakarra omena da, horren bidez ere heriotza aproposa erdietsiz: Ezta halaber hiltçe honic, ezpada, biçitçe honic, onsa hil nahidenac, behardu onsa biçi. Tartasek Antzinako pertsonai ospetsuen hitzak erabiltzen ditu, esaterako, San Agustin, Aristoteles edota Seneka. Horrez gain, errege-erreginen bizitza kontatzen digu aparteko jakinduria erakutsiz, "Aita Nierember-ek bezala" esango digu Mitxelenak. Gertakarietako batzuk direla eta, garai hartako zentsurarekin arazoak izan zituen. Darricarrerek dioenez, lehendabiziko eta azken onespenaren artean bederatzi urte igaro ziren, eta hori susmagarria gertatzen da aipatu dugun izaera katoliko hertsia duen idazlan baten kasuan.

Darricarrerek berak honela deskribatzen du:

"Kristau fedea, apaltasuna, itxaropena eta karitatea; haurren sineskortasun eta argitasuna; militarren errukia eta zakartasuna; hori guztia ikus daiteke Tartaseko Aita Juanen liburuan; eta, hala eta guztiz ere, badirudi hortxe sumatzen dugula nolabaiteko inspirazioa eta ikasgai egokiak sinestunak diren katolikoen arimak hezteko".

Erabilitako hizkuntza dela eta, izan dadila Tartas bera horren erabilera eta helburua argitzen dituena:

"Ez dakit nire euskara, erabiltzen dudan hizkuntza, egokia izango ote den; hainbat euskalkietatik badu zerbait: zuberera, behe-nafarrera eta lapurtera, guztietatik zerbait hartu du, baina ez dena. Aruen idatzi nuen nire liburua xume hau; hizkuntza hau ez baldin bada nahikoa ederra, herrixka honetako hizkuntzagatik izango da eta ez euskaragatik".

Zoritxarrez, tamalgarria da bertan ageri diren ortografia akats ugariak. Orthez-en inprimatu zen eta inprimategian euskaraz ez zekiten.

Arima penitentaren occupatione devotaq, bigarren liburua Orthez-en ere argitara eman zuten, 1672an. Horren izenburuak aditzera ematen duenez, kristauen ekimen aszetikoak azaltzen saiatzen da, esaterako otoitza, emariak eta baraua. Lehen liburua baino laburragoa da.