Pintoreak

Suarez Alba, Enrique

Pintore eta akuarelista gasteiztarra 1921eko abuztuaren 9an jaio zen. Santiago ospitalean hil zen 1987ko martxoaren 10ean.

Albatarren aldetik aurrekari artistikoak zituenez, Iruñeko Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen (urtebetez) eta Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan gerraosteko lehen urteetan. Zentro hartan Adrian de Aldecoa eta Mariano Basterra izan zituen irakasle. Era berean, Aurelio Vera Fajardoren -ogibidez militarra eta bokaziozko pintore bikaina- aholku artistikoak jaso zituen. 1942ko ekainean banakako lehen erakusketa egin zuen Dato kaleko Aquarium Bar tabernan: herritarren aurrean hogeita lau akuarela jarri zituen erakusgai guztira. Ur-pinturaren modalitate piktoriko horrekin eman zen ezagutzera; beti agertu zuen prozedura horrekiko miresmen handia.

Ekimen handiko gizona izanik, Euskal Akuarelarien Elkartean sartu zen lehen pintore arabarretakoa izan zen, dagoeneko 1945. urte hasieran sortu zenean, Juanito Diaz Lopez de Munainekin batera. Urte hartako ekainean, beste adiskide gazte batzuekin batera, Artista Vitoriano Kasinoko pintoreen taldearen, gerra osteko lehen kolektibo artistiko arabarraren, sorreran hartu zuen parte, ezkutuan; Eloy Erenchun gipuzkoarrarekin, garaian Arabako hiriburuan bizi zenarekin, banakako bigarren erakusketa egin zuen Olagibel kaleko aretoetan, 1947ko uztailean.Garai hartan ohikoa zen Akuarelaren Erakusketa Nazionaletan: Madril, Donostia eta Gasteizen.

Konpromiso militarrak zirela eta -militarra izan zen ogibidez berrogeita hamarreko hamarkada arte-, 1948an denboraldi luzea igaro zuen Madrilen; egonaldi hartan maiz joan zen Prado Museora. Bost urte geroago, Gerardo Armesto eta Angel Moraza Ruiz adiskideekin Louvre Museora eta Jeu de Paume-ko inpresionisten museora bisita eginez gozatu zuen eta liluratu egin zuten Monet, Sisley eta Van Gogh-en pinturek. Benetako maitasunez oroitu zuen beti Parisko egonaldia. 1986an, hil baino urtebete lehenago, berriro joan zen Frantziako hiriburuko kaleak eta museoak ikustera.

1944ko urrian, Arabako Artista Berrien Pintura Erakusketaren lehen deialdia egin zenetik, Udal Aurrezki-kutxak bultzatutako ekimen horretan parte hartu zuen ia hogeita hamar urtez eta, hain zuzen, ondoren Arabako Artearen Lehiaketa izendatutakoan gehien parte hartutako tokiko pintorea da. Hori bai, zenbait kasutan lehiaketatik kanpo. Era berean, Habanako (1953-1954) eta Bartzelonako (1955) Biurteko Hispanoamerikarretara eta Arte Ederretako Nazionaletara (1954, 1957, 1960, 1962, 1964, 1966 eta 1968) bidali zituen lanak. Era berean, Alacanteko Lehiaketa Nazionaletan (1955 eta 1957), Zaragozako Biurtekoetan (1963 eta 1965) eta Madrilgo Arte Plastikoetako Lehiaketa Nazionaletan (1962 eta 1963) hartu zuen parte.

Eskualde mailan aipatzekoak dira Baionako Pintore espainolen Lehiaketetara (1949 eta 1952) eta "Barakaldoko Udalaren Sari Nagusia" Udaldietako Lehiaketetara (1964 eta 1965) egindako igorpenak. Horrez gain, Donostiako Euskal Pinturaren I. Sari Nagusian (1965) izan zen. Baita Gasteizko Udalaren Urteko Arte Plastikoen Sarian ere, 1964an sortu zirenetik 1968ko ediziora arte.1969an Arabako Aurrezki Kutxaren Gabonetako I. Pintura Lehiaketan hartu zuen parte.

Suarez Albaren biografian gertaera gogoangarria da maila pertsonalean eta artistikoan pintore arabarren Pajarita taldean izan zuen militantzia; paisajisten kolektibo hori 1956ko urrian osatu zuten Armesto, Moraza, Jose Miguel Jimeno Mateo eta Enrique Pichotek. Talde horrekin Madril, Iruñea, Logroño, Lizarra, Bilbo eta Gasteizen egin zituen erakusketak. Azken hiri horretan hiru erakusketa egin zituen; horiek guztiak kolektiboaren bigarren etapan, dagoeneko Florentino Fernandez de Retanaren sinadura zuenean, Armesto ordezkatuz (1957ko abuztuan hil zen). Sei partaide horiek Arabako lurraldean eredu paisajistikoa zuen pintura mota egokitzeko abilezia izan zuten; eredu horrek Benjamin Palencia zuen eragile nagusi eta Madrilgo Eskolatik oso modan zegoen.