Kontzeptua

Sorginkeria

Horrela, beraz, gauzak bere onera itzuli ziren pixkanaka, 1609-1610 urteetako prozesuen ondorioz sortutako oihartzunak desagertzen hasi ziren heinean. Magiak bere lekutxoa bilatu nahi zuen gero eta arrazionalistagoa zen mundu batean, eta azkenean helburua lortu zuen. XVII eta XVIII. mendeetan eta gaurdaino, berriz ere belargileak ikus ditzakegu, orain, mediku eta botikari tituludunekin lehian. Idoatek haien zerrenda luze bat helarazten digu, dagokion sasimedikuarekin borrokan. XVII. mendean Domingo Gallego delako batek, Azkoienen ia gaixotasun guztiak sendatzen zituen pozoi-edariak, ukenduak eta "goi-isurizko jakituria" baliatuz. Lucas de Ayerbe tolosarra deabruak hartutako pertsonari kolpeak emanez "gorputzean sartutako deabrua ateratzen aditua zen". 1670 inguruan Atarrabian (Nafarroa) finkatu zen, ia jazarpenik pairatu gabe. Ataurin (Araba), Kontzejuarekin kontratu bat sinatu ostean arautzen ziren mota horretako zerbitzuak (1691). XVIII. mendean (1713) kontzejuak ordaindutako lansari finkoa -edo kontratuzkoa- zuen sulutadore delakoak, eta urtean bitan bizilagunak, animaliak eta soroak artatzeko betebeharra zuen. XVIII. mende amaieran Ignacio Paramo Iruñeako "zirujauak" azaleko minbizia sendatzen zuen. Horretarako, "sugegorriaren salda" izendatzen zuen edabe bat prestatzen zuen. Horrek, Nafarroako farmazialarien salaketa ekarri zion, izan ere, itxura batean, azken horiek metodo garbiagoak erabiltzen zituzten. Caro Barojak Francisca Ignacia de Sorondo petrikiloaren kasua plazaratu zuen. 1826an Hondarribiko Udalak hura sorgina ez zela bermatzen zuen ziurtagiri bat atera zuen. Joan den mendearen hasieran, sulutadore batek Lapurdiko nekazari ugari erakarri zituen, batez ere Ascain eta Saratik. Nekazariak animaliekin bertaratu ziren haiek bedeinkatu eta deabrua barnetik ateratzeko asmoz. Francisque Michelek aipatzen duenez, garai hartan, Donazaharren (Behe Nafarroa) "Aztien erregea" bizi zen eta 80 urte baino gehiago eman zituen sendatzaile eta igarle lanetan. Halaber, erretore batek W. Websterri harriduraz adierazi zionez, 1875 inguruan haren eliztar batek Sabbat delakora joan izana aitortu zion... J. M.ª Iribarrenek pertsona jakin batzuen (gehienetan emakumeak) ezkutuko botereei buruz, gaur egungo eta hemeretzigarren mendeko hainbat bitxikeria jaso zituen Retablo de curiosidades liburuan(1954). Iribarrenen arabera, fenomeno horiek "basoetako eta haitzuloetako eragin druida" nabaritzen den lekuetan ematen dira eta bere ustez, Erriberan, haitzuloz hornitutako lekuak dira egokienak, "kofaguneei berez darien misterioagatik". Egile horrek hainbat adibide eta pertsonaia ematen ditu: sorgin ospea dute izeba Florak Monteagudon, eta Caramba eta Ostionek Arguedasen; Fiteron Choya delakoak; Cintruenigon Morundaca delakoak; Valtierran "deabruak tutu batean gorde eta, modu horretan, boterea lortzen zuen gizon oso gaizto batek" zuen ospe hori; Milagron Cartago delakoak, etab. Pertsonaia horiek guztiak joan den mendekoak dira. Morundaca delakoak izu handia eragin bide zuen eta kopla bat ere eskaini zitzaion:

En el cielo manda Dios
y en el fuerte manda el,
Jaca y en el camino a Tudela
manda la tía Morundaca.

Tafallica delakoa Tafallako errementari batek harrapatu zuen kurrilo bihurtuta zelarik. Mende horren hasieran beste adibide batzuk ere aurki ditzakegu Corella, Larraga, Subiza edo Galdeanon. Hala, Iribarrenek esan bezala, "nekez topatuko dugu azti edo sorgin garaikiderik ez duen Erriberako herririk". Leitzan ohera joan aurretik etxeko sutondoan, errautsaren gainean gurutze bat egiteko ohitura zegoen; Cascanten bahea eta guraizeak erabiltzen ziren; mendialdeko herri askotan atean kardu bat ipintzen zen sorginaren arreta bereganatu eta hura etxera sar ez zedin (hori oraindik ere egiten da), edo gatz apur bat botatzen da sutara oilarrak garaiz kanpo kantatzen badu. Norbait edo zerbait sorginduta dagoelako ustea dagoenean koltxoiak erre egiten dira edo zabaldu egiten dira barnean zer den ikusteko; artile-mataza batek forma zoomorfo berezia hartzen duenean, sorginkeria bat dagoela esan nahi dezake. Hori Bidasoako arroan egiten zen eta baita Baionako gotorlekuko ate txiki zaharraren aurrean zegoen bidegurutzean ere. Azkuek aipatzen duenez, XIX. mende amaieran Otsagabian hiru azti edo sorgin zeuden: Martina Oxokokoa izeneko emakume bat, Zubietako beste emakume bat eta Etxeberriko gizon bat. Hirurak elizarekin bakeak egin gabe hil ziren, eta haien heriotz egunetan kazkabarra errutik bota zuela esan ohi da. Urte horietan antzeko kasuak gertatu ziren Bidankoz, Biotzari, Zubieta eta Aezkoan. Aezkoako sorginak (Caliente delakoa), haren garaikideen hitzetan, sarritan aldatu zuen gorputz-jarrera hilobi barruan. Halaber, garai horretan, Orendaingo bizilagun bat Aitzgorritik zetozen lainoei konjuruak eginez ibili ohi zen, Gorritimendi gainean euria aska zezaten. Bada duela gutxira arte Nafarroako mendietan gordetzen zen ahaire bat, akelarre kutsu nabarmena duena:

Adarrak okerrak akerrak ditu
Okerrak adarrak akerrak ¡bai!

Apika, lapurtarrek Europako II Gerraren aurretik, txantxa asmorik gabe, Jainko Ttipia izendatzen zuten Arrauntzeko (Ustaritz) azti misteriotsuak ezagutuko zuen doinu hori. Caro Barojak akelarreekin lotutako hainbat adibide zerrendatzen ditu Bizkaian eta Nafarroako mendialdean, joan den mendeko erdialdera (1932, 1942) jasoak. Izaban (Erronkari), mende horren hasierako azken sorginetako bat, aker bihurtuta, mutil koadrila baten itzulia zuzentzen ausartu zen; dantzan ari zen bitartean, denen artean jipoitu egin zuten, horren ondorioz, hurrengo egunean, gizaki modura azaldu zen oso itxura txarrarekin... [Baina bitxikeriarik handiena zera da, balizko sorgin hura hilda agertu zela, dirudienez, halabeharrez hil zen -harri bat erori zitzaion gainera-, Uztarrozeko bidean zegoela. Bide horretan apo ugari egoten zen...]. Adibide guzti horiei so, eta batez ere hogeigarren mendean Barandiaranek jasotako elezahar eta sineskera guztiei so, euskal sorginkeriak izaera autonomoa zuela eta prozesu eta asmakeria satanikoek hartan eragin eskasa izan zutela ondoriozta daiteke. Gure arbaso andana sutzarrean hil eta 300 urte beranduago, Barandiaranek milaka sineskera jaso ditu nekazarien ahotik. Sineskera horiek ez dute Malleus delakoarekin lotura handirik, baina, oso lotura agerikoa antzematen da, ilunabarrean haitzuloetan, basoetan eta iturrietan, ama lurrarekin harreman zuzenean lan egiten duen gizakiaren aldamenean, bizi diren izaki mitikoekin. Bere ustez, izan badira haraindiko munduarekin harremanetan jartzen diren gizakiak, ongia nahiz gaizkia egiteko gai direnak. Gizaki horiek nahikoa dute eliza bati hiru bira ematea, edo hilzorian den pertsona baten boterea jasotzea, edo gaizki bataiatuta egotea, edo hankarekin gurutze santuaren seinalea egitea sorgin bihurtzeko eta, beraz, Mariren agindupean aparteko ekintzak egiteko gai den izaki mitiko bihurtzeko, hainbat animaliaren itxura har dezakeena eta Kristo edo haren santuen izenean egindako deiari ihes egiten diona. Prozesu handien ostean, Goyako sorginak aurpegiko makillajea garbi dezake. Gauzak bere onera itzuli dira.