Kontzeptua

Sorgin (1997ko bertsioa)

sorzain.
belagile.

Deabruarekiko hitzarmen baten ondorioz edo, indar ezkutuen jabe den pertsona. Antzina akelarretan biltzen ziren pertsonei ematen zitzaien izena da. Lehenago, ordea, gaueko jeinu bat izan zen, sarritan kobazuloetan bizi zena. Munduan duen ahalmenak gauerditik oilaritera arte irauten du. Mari dibinitatearen jarraigo edo segiziokoa da eta haren agindupean hamarrenak kobratzen dizkie gezurra eta iruzurraren bidez beren aberastasunak disimulatzen dituztenei. Haurren jaiotzak zaintzen ditu (sorzain), eta sorginetan sinesten ez dutenak zorrotz zigortzen ditu. Sorginak izan omen ziren Euskal Herriko lehen zubigileak. Ermitak eraikitzeak ez ezik suzko armak ugaltzeak uxatu zituen sorginak.

Sorginak Euskal Herrian mendez mende izan duen garrantzia ikusteko kontuan har bedi zenbat izen dagoen osagai horrekin: sorgin-afari, sorgin-baratxuri, sorgin-gosari, sorgin-kilo, sorgin-luma, sorgin-mandatari, sorgin-oilo, sorgin-piko, sorgin-opil, sorgin-egur, sorgin-sardina, sorgin-txori eta abar.

Sorginen batzartegirik sonatuena Akelarre da, Zugarramurdiko lautadatxo batean dagoena, baina badira beste toki batzuk ere, adibidez, Arratiako Petralanda, Aezkoako Petiriberro, Jaizkibel... Sorginak Alekarrerako bidean gantzu berezi batez beren buruak igurtzi eta esaeratxo hau esaten omen zuten: "Hodei guztien azpitik, sasi guztien gainetik".

Sorgina ezin higitu izaten da matutia joz gero; horregatik ilunezkilan irten eta argiezkilan sartzen dira.

Gizonezko sorginak emakumezkoak baino gaiztoagoak izaten omen dira.

Erpuruaz eskuturra jotzen duena eta orinik ez duena sorgina omen da.

Sorgintzua kentzeko oilar baten gandorrean hamabi orratz sartu behar dira eta eltze baten barruan urak irakin arte eduki behar da gandor hori. Ura irakiten hastean inguruko sorgin guztiek hara jotzen dute. Sorgin damutuak horiek harrapatu eta apaizari eraman behar dizkio Ebanjelioak irakurri eta zorgintzua ken dakion.

Ate atzean ginar-adarra edo elorri zuria ipiniz gero sorginek ihes egiten dute.

Sorginak behin joz gero zauriturik gelditzen da, baina bitan joz gero, sendaturik, horregatik esaten da sorgina bakotxi jo behar dela eta ez biritxi.

Sorginak elizatik irten ezinik gelditzen omen dira apaizak aldareko liburua ixten ez badu. Sorginak bataiatuak dira, laminak ez.

Ziadi ondora iristean, sorginak ezin omen dira ibili, eta hortik dator zi edo ihiari sorgin-kilo izena ematea.

Sorginak gaitzik ez egiteko sakelan gatza izatea ona da. -> azti