Kontzeptua

Sokamutur

Sokamuturra korritzeko ohitura Aro Modernoan zabaldu zen. Ospakizun-zerrendan jasota dator Azpeitiako Udalak 1714an San Ignazio herriko zaindariaren ohorez antolatu zituen festetan. Eibarren, 1815ean, haragi-errematatzaileek zuten "korritzeko idiak" eramateko betebeharra, herriko jai garrantzitsuetan: ekainaren 23a, 24a eta 25a; San Andres, San Martin eta San Blas jaiak eta Inauterien ospakizunak.

Labayruk, Historia General del Señorío de Bizcaya bere obran, Bilbon ospatutako festei buruzko dokumentuen transkripzioak jasotzen ditu, eta bertan adierazten du 1730an sokamuturra atera zutela, aurreko urteetan bezala, eta herritarren dibertsiorik estimatuena zela.

Donostian, XVII. mendean ohitura zen sokamuturra zenbait ospakizunetan ateratzea, eta donostiarrek oso gustuko zuten ikuskizuna. Urtarrilaren 20tik Inauterietako asteartera arte zeuden igande eta jaiegun guztietan, sokamuturra korritzen zuten. Zezendegia Iñigo kalean kokatu ohi zen, eta bertatik Konstituzio plazara eramaten zuten animalia. Idi batek korritzen zuen goizean, bik eguerdian eta hiruk arratsaldean, eta ikuskizuna jendez gainezka egoten zen beti. Sarritan, zezenak "korrikaldia" egiten zuen, hots, zeharkako kaleetatik joaten zen, kordelarekin helduta zuten gazteengandik ihes egin ostean, eta oinezkoen artean izua sorrarazten zuen. Alkatetzaren mandataria baimenarekin iristen zenean, idien korrida hasten zen. Agertu bezain pronto, musika-bandak Iriyarena jotzen zuen, eta azken akordeak eman aurretik, zezena ateratzen zen. Sokamuturrak istripu ugari eragin zituen, eta baita heriotzaren bat ere. Horregatik, Donostian ohitura deuseztatzearen aldeko jarrerak piztu ziren, eta horrela adostu zuen Udalak, 1902ko urtarrilaren 14an. Herritarrek argi eta garbi erakutsi zuten ospakizuna zeinen errotuta zegoen, donostiarrek erantzun sutsua eman baitzioten udal-akordioari. Kaleetan herritar-talde haserreak bildu ziren, eta eraikin publikoak eta saltokiak harrikatu zituzten. Gipuzkoa Plazan, indar armatuek airera tiro egin zuten, jendetza geldiarazteko. Gasteizko Guardia Zibila bildu zen, eta baita mikeleteak ere, probintziako herrietan. Valentzia eta Sizilia errejimenduak ere kuarteleratu zituzten, giroa lasaitu zen arte. Gobernuari dagokionez, debekua Gipuzkoako beste herrietara hedatu zen. Hala ere, pixkanaka sokamuturrak programatzen hasi ziren berriz ere, eta gau egun, herri askoren festetako egitarauan ezinbesteko ospakizuna dira.