Kontzeptua

Sokagileak

Eguneroko lanetan gauzak lotu, eutsi edo zintzilikatzeko, gizakiak landare zuntzak erabili izan ditu usadioz. Zuntz horiek, behar bezala biribilkatuta eta atal bakar batean elkartuta, soka izenez ezagutzen dira. Sokek luzera, lodiera eta malgutasun ezberdina izan dezakete. Hasiera batean kalamua erabiltzen zen lehengai gisa. Kalamutik kordelak ateratzen zituzten sokak egiteko, eta gazteleraz (cordelero), hortik datorkie sokagileei beren izena. Nahiko harrigarria da, gazteleraz izen bera zutela fraide frantziskotarrek, abitua eusteko erabiltzen zuten soka zuri eta korapiloduna dela eta.

Sokak egiteko, kalamuaz gain bestelako materialak ere erabiltzen hasi ziren: besteak beste espartzua, lihoa, agabe-zuntza, jutea eta errafia. Hala ere, usadiozko teknologiek bere horretan jarraitu zuten. Material berriek (nailona, polietilenoa eta abar) sokagintza nabarmen aldatu dute.

Sokak jarduera askotan erabiltzen zirenez (nekazaritzan, nabigazioan, arrantzan, eraikuntzan, industrian eta abar),kordeldegi ugari ireki ziren, gure herrietako kale nahiz plazetako izenez gain, iraganeko dokumentuek aditzera ematen duten arabera.