Dantza

Soka-dantza

Gerra zibilaren eta gerraostearen hasierako parentesi luzearen ondoren, euskal tradiziozko dantzaren uztea gero eta azgarragoa izan zen. Bere ordez, eta askotan euskal nazionalismoaren jarrera posibilistarekin lotuta, dantza gehienak folklorizatu egin ziren tradiziozko dantza taldeen esku, ideologia nazionalistekin loturik neurri handiago edo txikiago batean azken hauek (Lamarca 1977). Soka-dantza leku askotan desagertu egin zen, eta aurresku bihurtu. Gainera, mundu mailan gertatzen den bezala, aurreskua dantzatzea jakindura espezializatu bihurtu zen, pertsona gutxik dakien zerbait alegia. Pausoak, orduan arte aldaera askotan gutxienez inprobisatuta neurri handi batean finkatu ziren gero ta modu zailago batean, eta gaur egun derrigorrezkoa da behar bezala dantzatzeko sasoian egotea eta ordu asko entseguetan aritzea. Esan daiteke garai honetan aurreskuak ez zuela bakarrik soka-dantzaren izena hartu eta ordezkatu, dantza bera ia fagozitatu eta eklipsatu ere egin zuela. Oier Araolazak (2006) esaten duen bezala:

"Oro har dantza taldeek beren errepertorioetatik baztertutako eredu koreografikoa da soka-dantza, taldeetan nagusitu diren ikusgarritasunaren eskema estetiko eta ritmikoetan ez baita erraz egokitzen. Ondorioz, 60-70eko hamarkadetan, hain zuzen ere inoiz baino dantzari, dantza-talde eta emanaldi gehiago izan diren urteetan, soka-dantza asko bertan behera utzi ziren".

Azken hamarkadetan, hala ere, egoera aldatu izan da neurri handi batean. Momentu honetan, adibidez, aurreskuaren omenaldizko zeregina demokratizatu egin da, eta ez da derrigorrezkoa lehendakaria edo alkatea izatea jasotzen ahal izateko. Omenaldi, lehen harri edo ospakizun gutxi egiten dira gaur egun dantzari baten aurreskurik gabe. Bere doinua izango da momentu honetan txistuaren errepertorioaren ezagunena, eta doinu horien artean sakeleko telefonoetan, adibidez, entzuten dugun bakarra. Hala eta guztiz ere, eta berriro Oier Araolaza dantzari eta antropologoaren ustez (op. cit.), Gipuzkoan gutxienez,

"Azken 15 urteetan ordea, han eta hemen soka-dantzak berpizten eta berriz plazaratzen ari dira, eta beste hainbat dantza ez bezala, tokian tokiko ospakizun eta jaietan sustraituta agertzen zaizkigu."

Web orrialde horretan, izan ere, urtero egiten diren hirurogeita bat soka-dantza ospakizun ezberdin zenbatu ditu Gipuzkoan.

Loraldi edo berpizkunde honen arrazoiak euskal gizarteak azken urteotan jasandako aldaketetan bilatu behar dira nire ustez. Tradizioa eta Folklorea hitzak, adibidez, kontzeptu biguin bihurtu dira. García Cancliniren kultura herrikoiari buruzko ideia batzuk (1995:200 eta urr.), ene ustez, bereziki egokiak dira euskal kasuan, hala nola subjektu herrikoiek ez dituztela gauza herrikoiak bizitzen tradizioekin atsegin malenkoniatsu gisa, eta askotan. tradizioaren subjektuak direla beraiendako edo ustezko ikusleendako erakargarriagoak izan daitezkeen aldaketak egiteko gogorik handiena dutenak; edota tradizioen mantentze hutsa ez zela beti baliabide herrikoirik hoberena ugaltzeko eta bere ordezkapena berregiteko. Euskal Herrian, munduko leku askotan bezala, gaur egun hobeki funzionatzen duena da publikoa erakartzeko gaiak diren tradizioak erabilera askoko edo berrasmatu moduan modernizaturik (Pelinski 1997:10)

Honi, euskal kasuan, beste faktore bat gehitu behar zaio: badirudi azken bolada honetan euskal nortasuna ez dela, lehen bezala, esentzia batean finkatu behar: agian, gutxienez Euskal Erkidego Autonomoan, euskalduna izateak ez du hainbeste garrantzirik, aski nabaria delako. Eta agian horregatik, une honetan askoz ere garrantzitsuagoa da tokiz tokiko nortasuna indartzeko egiten diren ahaleginak. Modu honetan, adibidez, dantza berriak sortzen ari dira leku batzuetan, normalean oinarri tradizional batean, batzuetan sakona, beste batzuetan arinagoa, baina kasu gehienetan arrakasta herrikoi handiz. Prozesu horren bidez, adibidez, dantza berri batzuk, kasu batzuetan, finkatu egin dira herri batzuetan, eta arrakasta handiz. Zentzu honetan, Zangozako dantzak aipa daitezke, baita Eibarren Oier Araolazak berak eta Kezka Dantzari-taldeak duela oso gutxi sorturiko Arrate Amaren dantzak.

Soka-dantza berri, berriturik edo berreskuraturik hauen artean, jakina, andrearen gaur egun bilatzen den merezituriko protagonismo handiagoaren arabera, neskek dantzaturiko dexente aurkitzen ditugu, hala nola Lekeition, Iurretan eto Deustun egiten direnak. Orokorrean, beraz, esan dezakegu soka-dantza sasoi onean dagoela Euskal Herrian, eta gaur egun benetako indar soziala duela.