Dantza

Soka-dantza

Iztuetaren ahalegina anakronikoa zen, eta bere eragina liburua argitaratu zen momentuan, oso eskasa. Txistulariaren errepertoriori erreparatzen badiogu sinestekoa da, adibidez, bai bikoteka dantzaturiko dantza berriek (balsek, habanerek...) bai kontradantzek, dantzari guztien eten gabeko mugimenduetan oinarriturik, kendu ziotela bere lekua soka-dantzari. XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran esan daiteke soka-dantza desagertu zela euskal hirietan, eta gero eta gutxiago dantzatzen zela herrietan. Kontestu horretan, XIX. mendearen buruan sortzen da Euskal berpizkunde kultulara izenarekin normalean ezagutzen dugun mugimendua. Bere helburua euskal ohiturak, eta bereziki desagertzeko zorian zeudela uste zituenak bultzatzea zen. Horretarako erabiltzen zituen batez ere aldizkari batzuk -hala nola Euskal Erria edo Euskalerriaren Alde- eta Lore-Jokuetan egindako lehiaketak. Jakina. lore-joku hauetan derrigorrezkoa izan zen bai aurreskularien lehiaketak -izen hau, ez dakigu ongi lehiaketa hauei esker ala ez, arruntena buhurtu baita une honetan- baita askotan aginteen ohorezko aurreskuak ere.

Ekintza hauetan, jakina, ez zuten lekua izaten euskal adierazpen kultural guztiek: horietako batzuk hautatu eta nolabait estereotipatu ere egin ziren. Soka-dantzaren kasuan, adibidez, lehiketak bakarrik gizonezkoendakoak ziren, nahiz eta emakumezkoen soka-dantzak, jakina, ugariak izan une horretan ere (Larrinaga 2004). Ohorezko aurreskuen kasuan, esleitu zitzaion esanahia Iztuetak emandakoaren antza handia zuen, bere obra preziatzen hasten den unean: klasearteko batasun nazionala, aginteek edo klase altuko pertsona ospetsuek besterik ez dantzatu arren. Dantza hauetako garaiko deskripzio batzuk, izan ere, gaur eguneko prentsa arrosan egon ahalko ziren, hala nola Segurako Lore-Jokuetan 1911n egin zenarena, Euskalerriaren alde aldizkarian agertuta (1. liburukian, 634 eta urr. orr.). Dantzari guztiak banan-banan izendatzen ziren: diputatuak, nobleak, kargudunak, aldizkari antolatzailearen zuzendariak etab. Horrelako zerbait egiten da gero sartzen ziren neskekin, leku nagusiak alkatearen alabarendako eta alkatearenordearen arrebarendako izanik. Azken lau postuak, halere, gure mendietako lau neskats garbi eta klasikoentzat. ziren. Kronikaren egileak, jakina, azken azalpen honen paternalismoaz ez zela jabetzen dirudi.

Oso irudi antzekoa du Eusko Ikaskuntzaren I Kongresuaren ondorioz Oñatin 1918an egin zena: paper nagusiak diputatu batzuek eginda, eta dantza-zerbitzaileak Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko aldundien presidenteak izanik. Aurreskuak Oñatiko alkatearen alabari eta atzeskuak Bizkaiko Aldundiaren presidentearen andreari dantzatu zion. Dantzari guztiak frakez edo arropa oso dotorez agertzen dira egun horretako argazkietan. Eta era berean agertzen ziren Donostiako zinegotziak 1927tik aurrera Udalak antolatzen zituen Euskal Jaietan. Hasierako ekitaldia, hain zuzen, ohorezko aurreskua izan zen. Horretarako espreski kendu ziren zati batzuk, aski segur, ez bakarrik La Voz de Guipúzcoak (1928-7-14, 4 orr.) esaten zuen bezala berezko eboluzioak mantentzeko eta, "erret dantza" izenarekin ere ezagutzen den dantza batek berezkoa izan behar duen duintasun zermoniatsuaren eragin handiagoa izateko. Kendu ziren zatiak, izan ere, sozialenak ziren, agian dantzatzen ez zekiten pertsona batzuk sokan parte hartzen ahal izateko ere. Emaitza orokorra agian ongi deskribatu daiteke Euskal Erria aldizkariaren 1897ko artikulu baten bidez (Castell 1897):

"Aurreskua dantza erabat demokratikoa da. Horretan katea egiten dute neska handikienek baserritar apalenekin batera. Inork ukatu dezake aurreskura gonbidapena [...]

Baserritarrek dantzatzeko praka txuria eta gerriko gorria (zetazkoa izan behar da hain zuzen) jantzen dute, atorra txuria eta txapela gorria.

Probintziako diputatuak frakez eta kapela luzeaz jantzen dira.

Efektua haiek Kasino Handiaren jaietan kotiloi bat zuzentzea ikusiko genukeena bezalakoa da."

Emaitza guretako, gutxienez gaur ekuneko perspektibatik, kontraesankorra zen, ez janzkera ez dantzatzeko era ez zetorren bat garaiko herriko usadioekin, eta beraz, dantza horretan gizarte-klaseen arteko batasuna nekez ikusten dugu. Baina segurutik horrelako ekintzak, batzuetan Primo de Riveraren diktaduraren garaian, euskal identitatea jendaurrean adierazteko modu ia bakarra izan behar ziren. Agian horregatik, 1935ean, Donostiako udal gestorak horrelako ekintzak geldiarazi zituen, nahiz eta EAJk, dudarik gabe, gehiago bultzatu ezpata-dantza (Durangaldeko dantzari-dantza) soka-dantza edo aurresku hau baino. Baina Donostian gutxienez, jakina, beste faktore bat ere ez dugu ahaztu behar: turismoa eta folklorizazioa. Garai honetan, alegia, Donostian oso garrantzitsua zen gaur egun esango geniokeen standing altuko turismoa, eta ekintza hauek udal Kultur eta Turismo Ekintzetxeak antolatzen zituen.