Dantza

Soka-dantza

Soka-dantzaren lehen testigantzak Euskal Herrian Iztuetarenak baino zaharragoak dira. Ziur aski lehendabizikoa Pierre de Lancrek sorgin ehiztariak ematen digu dantzaren une bat deskribatzerakoan, non (1613:210)

"eskuak askatu gabe, topatu arte hurbiltzen dira eta binaka aurkitzen dira gizonezko bat andre banarekin: eta kadentzia zehatz batean talka eta jo egiten dute elkarrekin, lizunez ipurdia bestearen ipurdiaren kontra."

Ipurdikada hauek, izan ere, gaur egun ere segitzen dira leku batzuetan egiten, hala nola Durangaldean. Beste zeharkako testigantza bat, baina arras interesgarria, agertzen da Zugarramurdiko sorginen kontrako prozesu famatuan, non Joanes de Goiburu txuntxuneroak, akelarrearen erreginaren suhiak, deskribatu zuen nola dantzaldiko pertsona guztiak banan-banan laguntzen zituen txistu-danbolinarekin Deabruak somatikoki ezagutzeko, sokara itzultzeko gauza bera eginez (Caro Baroja 1992:105n aip.)

Hala eta guztiz ere, pentsatzekoa zenez, lehen deskribapen osoa eta sakona Iztuetaren esku heldu zaigu, XIX. mendearen hasieran. Iztuetak sailkatzen du soka-dantza dantzarien arabera, modu honetan: gizon-dantza; gazte-dantza; eche-andre-dantza; escu-danza galaiena eta escu-danza nescachena. Aldaerarik inportanteena gizon-dantza zen, noski, eta bere deskribapenren arabera,gorte bateko zeremonia hierarkiko bat izan zitekeen: soka udal etxeko gelan hasi behar da, aurreskuari alkateak berak eta atzeskuari zinegotzi bat lagunduz (1824:170). Hortik jeisten da plazara danboliñaren laguntzaz. Aurreskuak egiten duen lehendabiziko gauza balkoian dauden noblezia eta udalkideak agurtzea da; pribilegiozko postuak hartzen dituzten andreak leinu gorenekoak dira, alkatearena nagusia hartuz. Saltotako zortzikoak egiterakoan, azkendariak ahalegindu behar du bigarren mailan gelditzen, aurrendariaren gainean ez gelditzeko (178 orr.). Dantzaren bukaera alkate-soñua da, benetako udal himnoa alkatea eta orokorrean gizarteko-ordena ere goraipatzeko.

Deskribapen honetan, bere liburu osoarekin gertatzen den bezala, badirudi irudizko koadro bat planteatzen duela errealitatea deskribatu baino. Eta hori bi arrazoi nagusigatik. Batetik, batez ere XVIII. mendean eztabaida oso larriak gertatzen ari zirela euskal dantzeei buruz, debekuak eta lisker oso larriak sarturik, bai aginte erlijioso bai zibilekin. Hauen ondorioz, aldaketa batzuk saiatu ziren egiten, arrakasta desberdinarekin, soka-dantzan. Adibidez, momentu honetan sartu ziren gaur egun hain arruntak diren zapiak, eskuen arteko kontaktu zuzena eragozteko. Azken zatia ere, protokolozko funtzio txikiena zuena (garaiko iturri baten hitzetan. jigen suminaldi hori, edo altua, desordena beste gauza bat baino gehiago zen (Sánchez Ekiza 1999:67), non ipurdikadak egiten ziren, saiatu zen kentzen; eta leku finkatu batean, agintarien aurrean egitea eta gauarekin batera bukatzea eskatu edo agindu zen. Aldaketa guzti hauek ez ditu ezta aipatu ere Iztuetak, eta haien emaitzak bere liburuan betiko kontuak izango balira bezala agertzen dira (Sánchez Ekiza 1999).

Beste alde batetik, argi dago Europako beste leku batzuetan bezala, Euskal Herrian ere klase altuen eta baxuen arteko aldea handitzen ari zela, eta klase altuak, Iztuetak esaten zuen bezala, uzten ari zirela dantza plazak, solasaldi eta sarao pribatuak nahiago izanik. Ziur aski horregatik, garaiko matxinadetan, herria soka-dantzaren bidez desmobilazatzen zuten jauntxoek, espreski Bergarako udalak 1718an esan zuen bezala, ohikoa zela esanez (Madariaga Orbea 1990:106-107). Hau bereziki gertatzen zen dantza berean gizarte-klase ezberdinak -eta jauntxoek, jakina, leku garrantzitsuenetan- parte hartzen zutenean (Otazu 1982:43-44, Floristán eta Imizcoz 1988:269). Izan ere, ziur aski hori izan zen Iztuetaren helburua: dantzaren bidez euskal gizartearen batasuna, hori bai hierkakizatuta, mantentzea, herria, bide batez, desmobilizatuz.