Dantza

Soka-dantza

Koreologiak berak eta garai ezberdinetako testigantzek dantza honen praktikaren alde batzuk azpimarratzen dituzte. Lehena eta garrantzitsuena ziur aski, gizarte-kohesioa da. Ez dut uste, Urbeltzek (1994) egiten duen bezala, derrigorrezkoa dela soka eta korapiloaren sinbolismoa aipatzea. Aski da zubien esanahiari erreparatzea. Euskal dantza herrikoiaren lehen liburuaren egileak, Juan Ignacio de Iztuetak (1824:180), esaten zuen jadanik pertsona ez duinak sokatik kanporatzeko balio zutela. Paola Antolinik (1989: 337 eta 344), adibidez, frogatu izan du XX. mendearen hasieran Arizkunen, demagun, agoteak kanporatzen zituztela dantzatik, derrigorrezkoa bazen zapiaren behan pasatzen zirenean zubia jeitsiz eta bidea moztuz. Horrelako testigantza batzuk oso zaharrak dira, hala nola Florencio Idoatek (1948:492) edo berriro Paola Antolinik (1989:268) eman dituzten bezalakoak: bai Bearnen XV. mendean bai Zuberoan XVII.ean agoteek debekatuta zuten besteekin dantzatzea.



Paradoxikoa zen orduan, eta gizarte mailan komunitatearekin dantzatzea eta horretarako ezinbestekoa zen musika-tresna interpretatzearen arteko alde handiaren oso adierazgarria, agoteek izaten ahal zituzten lanbide gutxiren artean danbolintariarena izatea, Zaraitzu ibarrean 1620. urtean ordenantzek, adibidez, espreski adierazten zuten bezala. Beste alde batetik, erraza da pentsatzea soka-dantza egitea barneko gizarte-kohesioa erakusten -gauzatzen- zela: dantza komunitatearen besterena ez zen zeremonia zen, eta bestea ez zen onarturik. Eraso Alduncinek (1996:37), adibidez, kontatu izan du Donezteben izandako tradizioa: horren arabera, zubiaren helburua juduak, agoteak eta ijitoak kanpoan uztea zen: eta ezkondu gabeko amei ere oztopoak jartzen zizkien, hilea ezkonduek bezala motots batean eraman behar baitzuten. Interpretazio honekin, jakina, uler daiteke nola leku batzuetan, Sakanan adibidez, kintoek momentu zehatz batzuetan hartzen duten paper nagusia horrelako dantzatan: horrela pauso-erritoa betetzen dute, gizartean heldu moduan lehen aldiz ageriz.

Baina hori ez da, noski, afera bakarra. Soka-dantza ez da izan bakarrik kohesio sozialaren zeremonia bat: kohesio sozial hori hierarkizatua zen. Agirian dago, adibidez, dantza osoaren pisua lehen eta azken dantzariek eramaten zutela. eta azkena beti bestearen pean. Ez da kasualitatea izango kasu askotan dantzak aurresku izena ere hartu duela. Postu hori hartzea ohorea zen argi eta garbi, eta istilu handiak sortzen ziren bereganazteko, Carlos Rilova Jericók (1998), adibidez, dokumentazio politarekin frogatu duen bezala. Batzuetan, eztabaidak herri osoen artean suertatzen ziren, Bergara eta Oñatiren artean 1642an gertatu zen bezala San Prudentzioren erromerian (Madariaga Orbea 1990: 76-77). Edozein kasutan, argi dago dantzara sartzen ez uztea, dantza gelditzea edo postu bat bere barnean hartzea zela, 1657an epaiketa batean prokuradore batek idatzi zuen bezala injuria y ofensa que se reputaua graue en aquella provincia (Rilova Jericó 1998: 57an aip.) Edo, Iztuetaren hitz adierazgarrietan, batez-ere aurrenengoac, nai izaten dituztena aguertaratu beren buruac, lecu aguiricoan, icusleac jakin-dezaten, nor, nongoac, norenac eta zer guisatacoac diraden (1824:78)

Garai bereko -XVII. eta XVIII. mendekoa, batez ere, gorte-gizartean egindako ikerketa batzuekiko paralelismoa agerian dago. Norbert Eliasen hitzetan, adibidez (1993:140):

"Horretan gorte-gizarteak bere burua bere bururako aurkezten du, norbera beste guztien artetik bereizten da, lagun guztiak elkarrekin gizarte horretakoak ez direnen aurrean bereizten dira, eta horrela, norberak eta lagun guztiek orokorrean haien existentzia frogatzen dute berezko balio gisa".

Horregatik, XVIII. mendetik aurrera ez da batere arraroa agintarien soka-dantzak aurkitzea, eta argi dago soka-dantzaren burua hartzea agintarien pribilegio zela batzuetan. Iñaki Irigoienek 1991, 1987:21) erakutsi du batez ere Bizkaian nola alkatearen izendapena soka-dantza batez ospatzen zen, alkate berriak lehen postua hartuz. Garmendia Larrañagak (1973:246), René Cuzacqek (1942), eta aita Donostiak (1932:19) Gipuzkoan, Laburdin eta Nafarroako beste erreferentzia batzuk eman dituzte, soka-dantzak agintearekin duen erlazioa adierazten dutenak. Honek azaltzen du, adibidez, zergatik Lakuntzako aldaerak Alkate-dantza duen izena.