Kazetariak

Silva Barrera, Emilio

Elizondo, 1965. Kazetaria eta Memoria Historikoa Berreskuratzeko Elkartearen sortzaileetako bat. Talde horrek urteak daramatza Espainiako Gerra Zibilean zona frankistan eta ondorengo diktaduran errepresioaren biktimak lurperatuak izan ziren lekuak bilatzen.

Soziologia Politikoan lizentziatua, bere bizitza profesionalaren zatirik handiena kazetaritzan eman du.

2000ko martxoan, Priaranza del Bierzon (Leonen) hobi komun bat aurkitu zuen Emilio Silvak, eta bertan, 1936ko urriaren 16an falangistek exekutatu zituzten hamahiru miliziar errepublikano hobiraturik. Gizon horietako bat Emilioren aitona zen.

2000ko irailean La Crónica de León egunkarian "Mi abuelo también fue un desaparecido" artikulua argitaratu zuen. Bertan aipatzen zuen Espainiako gizarteak ospatu egin zuela Pinochet kasua izenez ezagutzen dena eta ez zela ezer egiten gerra zibilean zehar matxinatuen esku desagertu ziren milaka gizon eta emakumeak bilatzeko, eta milizia errepublikarrek errepresaliatuak ahazturik daudela.

Gaur egun "Priaranzako hamairuak" izenez ezagutzen direnak hilobitik ateratzearen ondorioz eta familiako desagertuak bilatzeko laguntza eske beregana jo zuen pertsona kopuru handia ikusirik, Memorioa Historikoa Berreskuratzeko Elkartea sortu zuen, Santiago Macíasekin batera eta bera da lehendakari. Desagertu errepublikarrak bilatzen dihardu Elkarteak eta hainbat hobi komun ireki dituzte eta dokumentazio ugari eman hamarkada askotan zehar familiakoei buruz ezer ez zekiten pertsona askori.

Emilio Silva, Santiago Maciasekin batera, "Las fosas de Franco" liburuaren egilea da. Liburu horretan azaltzen dute beren lanaren emaitza eta aurrera jarraitzera zerk bultzatzen dituen. Gaur egun, hobiak bilatzen jarraitzen du Silvak elkartetik, eta aldi berean, dagozkion erantzukizunak har ditzan eskatzen dio Gobernuari. Bere lan nekaezinarekin bidea irekitzea lortu du Gerra Zibilean zehar eta gerraostean desagertu zirenek agenda politikoetan tartea izan dezaten.

Emilio Silva Barrera: "Bizi izateko era bihurtu zen ezerezkeria". Euskonews ; 468. Donostia : Eusko Ikaskuntza, 2009.