Dantza

Satan-dantza

Satan dantza edo Deabruaren dantza, kantiniersek edo satanek, Zuberoako pastoraletan egin ohi diren atsedenaldi edo pausaldietan dantzatutako dantza dugu.

Lauetan erdizka motako dantza da, jatorriz dantza zirkularra (ikus jauzia), Lapurdi, Nafarroa Beherako eta Zuberoako ikuskizunetan gehitutakoa -kabalkada, txaribari, pastoraletan-, dantzariei fantasiazko apaingarriak janzteko aukera emanik. Lapurdin gainbeheran bada ere, bizirik mantendu da Zuberoan, bai eta, Sorginak deritzotelarik, Nafarroa Beherako Uharte-Garazin ere.

Erdi Aroko herri-teatroaren erlikia dugun Zuberoako pastoraletan, hainbat bider errepikatzen da antzezpen osoan zehar, publikoaren interesaren berpizteko. Dantza hau, dantzari onenentzat -neska zein mutil- gorde ohi dena, bat dator, errepikatzen diren esaldi musikal biri dagozkien lau periodorekin. Lehenengoan, aurrera egiten dute dantzariek agertokiaren atzeko aldetik aurre-aurreraino, bigarren eta hirugarrenean alboetaranzko mugimenduak egiten dituzte aldian aldi eta laugarrenean atzera egin eta atzeko aldetik irteten dira. Txirula eta atabala ditu soinu-lagun.

Nafarroa Beherean Sorginak izenaz ezagutzen dira dantzok eta Faustin Bentaberry musikari eta dantza-irakasleak (1865-1936) egokitu zuen agertokira. Dantzariak -bolantiak- bi ilara paralelotan dantzatzen dira, guztiak ikusleei begira, aurrera begira direla.

Satan dantzaren doinua oso ezagun eta herrikoia da Frantzian, "Bon voyage Monsieur Dumollet" deritzoten haur-kanta izanik. Musikalki, giga bat da, Ingalaterran "The Steamboat" izenaz ezagutzen dena. Tchaikovskik Kraskagailu (Op. 71) ballet ospetsuaren barruan, "Umeen galopa eta gurasoen sarrera" izeneko piezaren bigarren zatian gehitu zuen. Baztanen, Zartagin dantza-jolaserako erabiltzen da.

Satanek jaka gorri estua, urregorriz apainduta, gamuza beltzezko praka, belauna doi-doi estalita (urrezko xingoladunak ere bai), galtzerdiak eta alpargata zuriak janzten dituzte, azken hauek ere apainduta. Txapel gorria daramate, urrezko lorea apaingarri.

  • GUILCHER, Jean-Michel. Tradition de danse en Bearn et Pays Basque français. Paris : Editions de la Maison des Sciences de l'homme, 1984.:
  • HÉRÉLLE, George(S). "Les Mascarades Souletines (Suite)". Eusko Ikaskuntzaren nazioarteko aldizkaria. XIV, 16. urtea, 3. zbkia. Paris: Edouard Champion // Donostia: Gipuzkoako diputazioaren moldiztegia, 1922.
  • TRUFFAUT, Thierry: "La Danse Souletin". La Danse Basque, Bidart: Ed. Lauburu, 1981, 115-127 orr. (Dantza, ikasketa, maskarada, deskribapena, geografia)
  • SAGASETA, Miguel Ángel Danzas de Valcarlos. Nafarroako foru-diputazioa. Iruñea 1977.