Olerkariak

Sarasola Martinez, Gurutz

Lotsati

Idazlea. Itsasondon jaio zen 1915eko maiatzaren 3an eta Donostian hil zen 1936ko martxoaren 22an.

Gurutz Sarasola Martinez "Lotsati" Gipuzkoako Itsasondon jaio zen iritzi abertzale sendoak zeuzkan industrialen familia baten baitan. Gurutzen aitak, Jose Manuel Sarasolak, inguruko arbel harrobiak ustiatzen zituen, baita lurpetik ateratako harri honekin arbelezko produktuak egiten ere. Gurutzen aita bera Itsasondoko alkatea izan zen 1931 eta 1936 urte bitartean. Jose Manuel buru zuen udal gobernuak estreinakoz autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuen Euskal Herriarentzat 1931ko apirilaren 31n. Baina "Lotsatik" bere amari, Paula Martinezi, zor dio bere ideia euskaltzaleak eta baita bere alderdi artistikoa ere garatu izana. Gurutzek Lekarozko ikastetxe ospetsuan egin zuen batxilergoa. Seguru asko, bertako giro euskaltzalean murgildu zen Gurutz gaztea, euskara eta literatura lantzera bultzatu zuen giroan. Hangoak bukatu ondoren, Donostian, merkataritzako ikasketak egin zituen aitaren arbel negozioan jarduteko asmoz. Ingelesa ikasi eta frantsesa hobetu zuen Gurutz gazteak Mont de Marsan-en egindako urte beteko egonaldian. Esperantoa ere menderatzera ailegatu omen zen. 1929an, Gurutzen familia osoa Donostiara aldatu zen, Ehun Urteurrenaren Plaza 6an izan zuten bizitokira. Donostiako etxe honetan, gainera, familiak harreman estua egin zuen beheko solairuan bizi zen Jose Ariztimuño "Aitzolekin", zeina 30eko hamarkadan euskal literaturaren bultzatzaile eta dinamizatzaile nagusia izan baitzen, hala nola "Lotsati" bere olerkiak argitaratzen hasi zen El Dia egunkariko euskarazko atalaren zuzendaria. "Aitzol"engandiko hurbiltasun hau gakoa izan liteke gerora Gurutz gazteak literaturan egin zituen urratsak azaltzeko orduan.

Horrela, ezaguna den "Lotsatiren" lehendabiziko lanak El Día egunkarian, hain zuzen, ikusi zuen argia 1935eko uztailaren 12an: Ene Euskaria! izeneko olerkia. Handik aurrera eta 1936ko martxoan hil aurretsura arte etengabe jardun zuen argitaratzen El Día, Euzkadi eta Argia argitalpenetako orrialdeetan. Azkena Nere maite ederra izenburukoa izan zen. Guztira hogeita bost olerki argitaratu zituen.

Lotsatiren itzala, hala ere, gaur egun euskal literaturan dena baino luzeagoa izan zitekeen; izan ere, olerki-liburu bat argitaratzeko zegoela hil zen. El Día eta El Pueblo Vasco egunkariek iragarri zuten bezala. Ezin baina. 1936ko martxoaren 22an hil baitzen Gurutz Sarasola, "Lotsati", Donostiako burdinazko zubian bere burua trenbidera botata. Hogeita bat urte bete gabe zeuzkan.

"Lotsatiren" suizidioak, ondoko gerra zibilak eta bete-betean Sarasola-Martinez familia harrapatu zuen ondorengo errepresioak ahanzturara zigortu zuten "Lotsatiren" poesia. 70eko hamarkadan izan zen "Lotsati" ezizenez sinatutako olerki bitxi eta batere "ortodoxoek" Gurutz Sarasola Martinezenganantz seinalatu zutenean. Orduantxe ekin zitzaion bere lana erreskatatzeari. Horretan, modu batean edo bestean Ibon Sarasolak, Gurutz Olaskoagak, Jon Aranok eta Koldo Izagirrek parte hartu zuten, harik eta 2010ean Alvaro Rabellik Ilunpetik argira lanean "Lotsatiren" biografia eta bere lan guztiak argitaratu zituen arte. 2010eko maiatzaren 2an Lotsatik bere familiaren eta itsasondoar guztien omenaldia jaso zuen.

Bere obra laburrean "Lotsatik" euskara, abertzaletasun, erlijio, mitologia eta desamodio gaiak jorratu zituen. Hala ere, maitasun gaia azaltzen duten olerkiek osatzen dute "Lotsatiren" olerkien alderdirik nabarmena. Amodiora iritsi nahi eta ezina agertzen da etengabe bere olerki nagusi horietan. Maitasun olerki horiek nortasun nabarmenez idatzi zituen eta ez da zaila beroietan gazte izatearen freskotasuna eta tolesgabetasuna antzematea. Ezaugarriok, hain zuzen ere, bat baino gehiago erakarri zuten garai hartako "olerkari ezberdin bat", heterodoxoa, izan zitekeela pentsaraziz. Alabaina, ildo horretan zenbait printza azaltzen badu ere, "Lotsatiren" olerkigintza bete-betean bat dator 30eko Euskal Pizkundeko olerkigintzaren ezaugarriekin. "Lotsati", beraz, garai hartako kide malapartatua dugu, bere ibilbide literarioa hasten zen unean errotik eten zuena.

  • RABELLI, Alvaro. Gurutz Sarasola Martinez "Lotsati". Ilunpetik argira. Olerkiak (1935-1936). Alberdania, Irun, 2010.