Arkitektoak

Saracibar Lafuente, Martin

Arkitektoa. Gasteizen (Araba) jaio zen 1804an, eta hiri berean hil zen 1891n.

1829an Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Akademian diplomatu zen berak asmatutako bi planei esker: Itsas kai baterako Kontratazio Etxe bat eta Kolegio-eliza bat. Bere jarduera arkitektoniko gehiena jaioterrian egin zuen. 1838an Gasteizko Kolegio-elizan konponketa batzuk egin zituen. Handik lau urtera Arabako Aldundiko jauregiaren eraikuntzan esku hartu zuen, eta 1843an Kolegio-elizako atariko hesi-sarea diseinatu zuen. 1849an Aranako hilerri berriaren proiektuan lan egin zuen. Handik hamar urtera, planoak egin ostean, Kartzela Zelularra edo Institutua eraikitzeko lanak zuzendu zituen, Espainian ezaugarri horiek dituen bakarra. 1867an Gasteizko Erruki-etxearen edo umezurtz-etxearen zabaltze-lanetan lagundu zuen. 1870ean San Bizente elizaren dorrean esku hartu zuen, eta 1880an Gasteizko apaiztegiko proiektua egin zuen.Nafarroan ere lan egin zuen eta hainbat lan arkitektoniko egin zituen; Tafallan, zehazki, hauetan esku hartu zuen: Plaza Berriaren proiektua (1856), Santa Maria elizaren ingurunea arautzea (1856) eta Kaputxinoen elizako hormetatik abiatuta hilerri bat edo antzoki bat eraikitzeko plana (1861). Iruñean Merkatu Plazarako (1865) estalkiak diseinatu zituen eta Hiltegiko proiektua egin zuen (1865), San Cernin dorrea konpontzen lagundu zuen eta Merkaturako Jose Maria Villanuevaren planak aztertu zituen (1876).

Bi lan-eremu horietatik kanpo, Saracibarrek Donostian bigarren saria lortu zuen Gipuzkoako hiriburuko obretarako lehiaketa batean (1862). Valladolideko proiektu batzuk ere egin zituen: Vadillos zubiko lanak 1860an, hiriko zati bat berritzeko proiektua eta hiri-eraikin batzuetarako eta hilerrirako planoak. Lan egin zuen urte horietan guztietan, estilo arkitektonikoa nabarmen aldatu zuen eta lehen garaiko kanon klasizistak bertan behera utzi zituen.

  • ALFARO FOURNIER T. Vida de la ciudad de Vitoria. Madril, 1951. 405, 440, 473, 570 orr.
  • LARUMBE MARTÍN M. Art. Martín Saracíbar Lafuente. Gran Enciclopedia Navarra, X libk. Iruña, 1990.
  • Catálogo Monumental de Vitoria. III libk., 72, 102, 110, 118, 227 orr.