Arkitektura

San Salbatore eliza. Getaria

Eraikitze-prozesu honi esker, barruko aldean, Erdi Aroko planta irregularra agertzen du, lurzoruaren bihurriari egokitutako nabe hirukoitza duena. Nabeak trapezioaren formakoak dira, barrunbearen oinetara hurbildu ahala zabalera handiagoa hartuz. Nabarmentzekoa da erdiko nabea, tarte bikoitza duena, albokoak baino zabalera eta altuera handiagokoa. Alboko nabe bakoitzean hiru tarte irregular agertzen dira. Burualdea ere trapeziala da. Tarteetako bat lehengo harresi zaharrean dago txertatuta. Absideko zorua askoz ere altuago agertzen da parrokiaren gainontzeko plantarekiko. Azpitik, kanoi erdiko gangadun kripta aurkitzen da. Presbiterio goratuan, bi leiho puntadunen artean, gurutzatu interesgarria kokatzen da. 1941. urtekoa. Carlos Elgezua eskultoreak egindako lana. Parrokiaren plantan, batez beste, metro beteko desnibela dago burualdetik oinaldera arte. Estalduren sistemak nukleo biribileko lau pilare sendotan hartzen du oinarri, berauetatik abiatuta antolatzen dira arku formeroetarako arku zorrotzak. Alboko nabeetako tarteak gurutzeria-gangen bidez estaltzen dira. Nabe nagusiaren tarte bikoitza eta burualdea estaltzeko, izar-gangak erabili dira. Gangetako giltzarrietako tailletan, motibo geometriko eta antropomorfoak agertzen dira. Elizaren barruko dekorazioa apainketa arkitektoniko hutsa da. Barruko perimetro osoak triforio korritu bikain baten apaindura agertzen du, tenpluaren balio artistikoaren bizigarri. Murruen irmotasuna hausten du, Gasteizko katedralean edo Bilboko San Anton parrokian bezain sotil eta gozo. Triforioaren egiturari dagokionez, lore lau gingildunen karela dago eta lore hauen gainean hiru gingildun arku zorrotz arinak hartzen dute oinarri. Triforioaren akabera ere zorroztua da, hiru eta lau gingildun motiboez apainduta.

Kanpoko aldetik, parrokiak kareharriz eraikitako Erdi Aroko multzo ederraren itxura agertzen du, lurraren gorabeheretara egokituta eta ezin hobeto integratua herri arrantzalearen muinean. Erdiko nabearen estaldura bi isurkitakoa da eta albokoetakoa isurki bakarrekoa. Kanpoko egituran, kontrahormak dira nabarmentzekoak, gangek eragindako presioa arbotanteen bidez jasotzen dutenak. Absideko murruak hiru inposta leunetan antolatu eta apaindura agertzen dira. Parrokiako dorrea kale Nagusian kokatutako atariaren gainean kokatzen da. Bertikaltasuna ematen dio multzoari. Dorrearen oinarriak harremana du herriko gotorlekuarekin. Kokapen hori baliatuko da parrokiaren eremuarekin lotzeko, kanpandorrea altxatuta. Planta errektangeluarra du eta sei gorputzetan antolatzen da. Lehenengo mailan, huts zorrotza irekitzen da. Bigarren eta hirugarren erregistroak, XVI mendekoak, txikiagoak dira. Dorrearen gainontzeko atala barrokoa dugu, XVIII mendekoa. Laugarren altuerak planta otxabatua du eta apainduta agertzen da lau piramide eta bolekin. Bosgarren mailan, berau ere oktogonala baina altuera txikiagokoa, zortzi idi-begi irekitzen dira. Kanpaien gorputz oktogonala lirainagoa da. Egoki doakio fabrika gotiko orokorrari. Puntu erdiko zortzi arku txiki dauzka pinakulu eta bolekin hornitutako pilastren artean. Dorreko estaldura zortzi isurkitakoa da.

Portale nagusia tenpluaren hego-mendebaldeko aldean dago kokatuta, arkupetutako eremuan. Alde hau kale Nagusiaren maila berean dago. Arnao Generalaren kalearekin ere lotuta dago, harmaila pikoaren bidez. Atariaren azpian, oraindik ere nabari daitezke gurutzeria-ganga izango zenekoaren abiaguneak. Atarian barrena, eskuineko nabearen azken tartera sartzen da. Ateak estilo barrokoa du. XVII mendearen hasierakoa da. Domingo Kardaberaitzek egindako lana dugu. Idulki bat agertzen du eta bere gainean ordena jonikoko zutabe ildaskatu bikoitzen bi pare goratzen dira. Kapitelak bolutekin apainduta agertzen dira eta taulamendu bati eusten diote, Salbatorearen zurezko tailla bat bertan duela. Beste atari bat dago, sartaldean. Kalearekiko altuera gainditzeko, sei harmailatako eskailera darabil. Sarbide gotiko hau zorroztua da, moldura hariztatu zeharo higatuak dauzkalarik. Tinpanoaren azpian, bost gingiletako arkua ikus daiteke. Parrokiaren eduki higigarria urria da, hortaz, eraikinaren arkitekturaren beraren irudiaren azpimarratuz. 1836.ean, lehendabiziko Gerra Karlistan zehar, sua hartu zuen parrokiaren barruko aldeak. Suaren hatzaparretan, desageri ziren erretaula, intxaurrezko sileriako korua eta artxiboa.

1997.ean, Gipuzkoako Ermandadea sortu zeneko 600 mendeurrena ospatu zen eliza honetan bertan. Elizaren egoera txarra ikusita eta bere garrantzia arkitektonikoari begiraturik, erabaki zen eraikin osoa zaharberritzea. Aldi berean, eskuhartze arkeologiko nabarmena egin zen. Lehenago, Fernando Chueca Goitia arkitektoak estaldurak zaharberritzeko proiektua egiteko agindua jaso zuen. Lehengo zurezko armaduraren ordez, burdinezko habe sendoak jarri ziren. Chueca Goitia ere aritu zen desagertutako koruaren berreraiketan. Maila bikoitzeko korua planteatzen du. Behekoa, batetik, bertara parrokiaren plantatik sartzen dena eta, bigarrena, goi korua, harrizko arku handi baten bidez. Koru biak zurezko eskailera batek lotzen ditu. Esku-hartze arkeologikoan, geruza ezberdinak bereizi ziren tokiaren barruan izandako erabileraren lekuko. Erromatarren garaitik, XI eta XII mendeetako lauzazko hilobien nekropoli bat, eremuaren bi zabalkunde, Getariaren fundazioaren garaikide, beste bat XV mendekoa, bai eta XVIII mendeko hilobien panteoia ere. Ehorzketa-mota hau 1848. urtera arte erabili da eta orduan jarri zen elizako zoladura. Hilobien barruan, arreo arras garrantzitsuak ediren ziren, txanponak, gurutzeak eta arrosario-bihiak, besteak beste.