Arkeologia aztarnategiak

San Juan ante Portam Latinam

San Juan ante Portam Latinam izenez ezagutzen da aterpe natural batetako aztarnategia, taldeko-ehorzketa modura erabili zena K.a. 3365 eta 3035 urte bitarteetan (data neurtuak). Guardia hego-ekialdetik 2,7 km-tara aurkitzen da eta 1985ean aurkitua zen nekazal-bide bat zabaltzeko lanak egiterakoan. Aurkikuntzaren urte berean bidean zabaldurik eta amilburuan agerian gelditu ziren materialak ez galtzeko premiazko esku-hartzea egin zen.

Lehen saioan gutxienez 100 indibiduoen giza-arrastoak aurkitu ziren, zenbait paleontologia kasu, hiru trepanazio, arkeologia material ezberdina, hala nola, ukitu lauko gezi puntak, xaflak, zeio eta ofita landuzko aizkoratxoa, objektu apaingarriak, eta abar. Azpimarratzekoa da aurkitutako silexko gezi-punta sartua duen koxalezko zati bat.

Euskal Herrian gezi puntaz zauritutako lehen gizakia eta indarkeriaren beste ebidentzia batzuk, aztarnategiaren ezaugarriak, testu-inguru arkeologikoa eta larrialdiko indusketak eman zituen beste datu batzuk F. Etxeberria eta J. I. Vegasen komunikazio baten oinarri izan ziren eta 1987ko irailean Gasteizen ospatu zen II Euskal Mundu Biltzarrean aurkeztu zuten, bertako Antropologia Biltzarrean. Ikerlanak indusketaren lehen balorazio eta azalpenak eskaintzen zituen, lanaren izenburuan argi geratzen zen bezala: "¿Agresividad social o guerra? durante el Neo-eneolítico en la Cuenca media del Valle del Ebro, a propósito de San Juan ante Portam Latinam (Rioja Alavesa)."

Aztarnategian, harlauza handi baten azpian, hezurrak agertu ziren eta aztarnategia ez zela bukatu adierazten zuen. Ezinezkoa gertatzen zena, harlauza kentzea lortzen ez bazen, biltegi primitiboaren benetako bolumena ezagutzea zen.

1990ean eta Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin, harlauzaren benetako neurria zein zen eta hura nola kendu jakiteko proiektoa prestatu zen.

Laster jakin zen biltegia tapatzen zuena 25 tonako pisua zeukan hareharrizko bloke izugarri bat zela. Kentzeko moztu beharra zegoen, lehenik bolborazko kargekin eta ondoren eskuz. Azpian giza-hezurrez betetako biltegi izugarri bat zegoen. Indusketa sistematikoa martxan jartzeko plana hasi zen ondoren.

1990eko abuztuan lehen kanpaina antolatu zen eta 1991ko hilabete berean bigarrena.