Instrumentugilea

Salvador Gil, Iñaki

1962an Donostian jaiotako pianista, moldatzaile eta konpositorea.

Pianoko ikasketak egin zituen Ana Mari Guruceta eta Maria Pilar Urkiolarekin eta jaioterriko Kontserbatorioan Juan Padrosa, J.A. Medina eta Jesus Gonzalez Alonsorekin. Era berean harmoniako ikasketak Francisco Escudero konpositorearekin egin zituen eta akordeoiarenak Mikel Bikondoarekin. Musika garaikidea bere kabuz ikasi zuen.

1998an "Tete Montoliú" lehen jazz beka jaso zuen AIE elkartearen eskutik (Artista, Interpretatzaile edo Jotzaile - Espainiako Kudeaketa Elkartea) moldaketa eta konposizio gaiak jorratzeko.

Bizitza profesionalean zehar sari hauek jaso ditu: Donostiako 1982 Jazzaldiko Euskal Taldeen lehiaketan "Bakarlari hoberenari" saria; 1982ko Donostiako Jazzaldian "Talde Hoberenari" saria Kursaal taldearen kide bezala; Barna Band Big Band taldearekin Berlinen ospatutako Europako Big Band lehiaketako bigarren saria (1987); "Bakarlari Hoberenari" saria Getxoko Jazzaldian (1987); Iñaki Salvador Trío taldeari Getxoko Jazzaldiko Talde Hoberenari saria (1989); Jazz entre Amigos Espainiako Telebistako (T.V.E.) programan "Bakarlari Hoberenari" ex-aequo saria Chano Domínguez eta Peer Wyborisekin batera (1989); Tete Montoliú I saria (1997); Arriola Musika Saria (Elorrio)(1999); Antzerkiko Max sarietan antzezlanerako musika hoberenaren mailan Tanttaka antzerki taldearen "El pianista del Océano" lanak jaso zuen izendapena (2001).

Amaia Uranga eta "Tortell Poltrona" clown talde kataluniarrarekin kolaboratu du; Sergio Santos kantautore brasildar eta Anabel Rus abeslariaren (1996ko OTI jaialdiko irabazlea) biretan parte hartu du. Pascal Gaigne-ek Iciar Bollain zuzendariaren "Flores de otro mundo" laburmetrairako (Cannesko 1999 Kritika Saria) eginiko jatorrizko musikaren piano eta akordeoiko interpretatzailea izan da. Hammond organu markaren Espainiako organista ofiziala izan zen, bira eta kontzertu ezberdinak eman zituelarik.

Konpositore bezala antzerki ikuskizunetarako konposizioak egin ditu, Trapu Zaharrak bezalako taldeekin lan egin duelarik.

Antzerki lan hauen musikaren autorea da: Peligro, te quiero (Tanttaka Teatroa), In Fraganti (In Fraganti), Nadira y la Bola de Cristal, Romeo y Julieta (Ur teatro), La Coraje (Vaiven), Crímenes del Corazón (Vaiven), "Solsticio, Fábula de la noche más corta" (Vaiven) eta "Novecento, El Pianista del Océano" (Tanttaka Teatroa).

Euskal Telebistako (E.T.B.) hainbat telesailentzat musika idatzi du: Bertan Zoro, Bi eta Bat, Jaun ta Jabe eta Ertzainak.

Zinemarako soinu bandak konposatu ditu: Jose Antonio Vitoriaren Arbasoen sua, Ciao, amore, ciao eta La buena madre laburmetraietarako; Javier Alonsoren Buenas noches, papá; Rafael Treku urpeko zinean espezializatutako zinemagilearen dokumentalei musika ipini die. Luzemetraiei dagokienez, Arantza Lazkanoren Urte Ilunak - Los años oscuros filmaren musika konposatu zuen eta Carlos Zabala eta Eneko Olasagastiren Maité eta Sí, quiero.

Dantza ikuskizunetarako ere musika konposatu du: Tanttaka taldearen enkarguz eta Gipuzkoako Aldundiarekin koproduzioan Zilbor Hestea ikuskizunari musika jarri zion eta Mikel Laboa abeslariak sortu eta bildutako abestiei moldaketak egin dizkie, gero Iñaki Landa dantzariak koreografiak egin zizkien.

Ondoren Amets Beroak ikuskizunaren musika zati bat konposatu zuen, konkretuki Toni Mira artista katalanak koreografiatutako zatiari. Ikuskizun hau Arteszenak (euskal ekoizle publiko taldea) ekoiztua izan zen.

Konpositore bezala talde eta kantautore ezberdinen enkarguak jaso ditu, besteak beste, Xabier Euzkitze, Takolo, Pirritx eta Porrotx pailazo taldea eta abar. Zinema mutuko filmeentzat musika idatzi izan du, besteak beste, Raoul Walshen "El precio de la gloria" edo Jean Renoirren Nana.

Jazz munduan etengabeko jarduera eduki du 1979tik.

Kursaal talde donostiarraren sortzaileetako bat, Naima Quartet taldearekin, 1986an Espainiako Kultura Ministerioak Eivissan egindako Jazz Mostra Nazionalean parte hartu zuen. Era berean, Iñaki Salvador Trio taldearen fundatzaile eta burua da, Andrzej Olejniczak - Iñaki Salvador Quartet taldearen sortzailea, Iñaki Salvador & Zilbor Hestea taldea ere eratu zuen. Azken talde honek, euskal herri-kanta eta inprobisazio musikala elkartzen ditu eta Donostia, Perpinyà (1996) eta Gasteizko Jazzaldietan (1997) parte hartzeaz gain, hainbat euskal musika aretoetan jotzen dute. Jesus Artze txalapartariarekin bikotea osatzen du eta beraiekin Kirikoketa taldea txalapartari bandak kolaboratzen du. Pianoko bakarlari moduan zenbait emanalditan parte hartu du, besteak beste, Vic-eko Mercat de la Música en Vivo (Bartzelona), Madrileko Clamores aretoa eta Euskadiko areto ezberdinetan.

1998an Chano Dominguez cadiztarrarekin bi pianorako bira egin zuen. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarentzat aritu izan da eta Lalo Schiffrin pelikuletako soinu banden konpositore argentinarrarentzat lan egin du.

Espainiar nahiz kanpoko musikariekin hainbat gira eta kontzertu eman izan ditu: Jorge Pardo, Dave Schnitter, Perico Sambeat, Paula Bas, Teresa Lujan, Kurt Rosenwinkel, Carmen Canela, Marisol Morales, Itxaso Gonzalez, Joan Sanmarti, Louis Stewart, Vlady Bas, Dusko Gojkovic, Big-Band Studio 4, Big-band Barna Band, Ze Eduardo, Stephen Keogh, Dan Rochlis, Jordi Gaspar, Gonzalo Tejada, David Xirgu, Peer Wyboris, Horacio Fumero, Eric Peter, Javier Colina, Andrezj Olejniczak, Javier Garaialde, Jorge Rossy, Mario Rossy, Marc Miralta, Jose Luis Gamez, Eladio Reinon, Ramon Cardo, Laurent Philippe, Allan Skidmore, Peter King, Charlles Tolliver, Pedro Iturralde, Carlos Carli, Victor Merlo, Anthony Kerr, Jean Touissant, Martin Andersen, Billl Saxton, M.A. Chastang, Víctor de Diego, Loti Lewis, Jeff Ballard, David Bixler, Jo Krause, Uffe Markussen, Mathew Simon, Jackie Berecoechea, Denis Leloup, eta abar.

Jarduera pedagogiko zabala mantentzen du. Inprobisazio, Harmonia, Moldaketa eta Konposizioko irakaslea da. Hainbat akademia, musika eskola eta kontserbatorioetan eskola eta mintegiak eman ditu: Donostiako Jazzle, Getxoko El Taller Rítmico, Donostiako Goi-mailako Musika Eskola, 2000 eta 2001eko Zarauzko Nazioarteko Jazz mintegia, Getxoko Urtiaga Kontserbatorio Pribatua eta abar). Bartzelonako Taller de Musics eta Aula de Musica Moderna y Jazz eskoletan konbo, piano eta harmoniako irakaslea izan zen. 1998-1999 ikasturtetik 2001-2002 arte Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolan irakasle izan zen. 2002ko urriatik aurrera Musikene-Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiako jazz pianoko irakaslea da.

Moldatzaile eta artista ezberdinen musikari laguntzaile bezala berrogeita hamar grabaketa baino gehiagotan parte hartu du: Mikel Laboa, Txomin Artola, Oskorri, Imanol, Zurrumurru Taldea, Txirri, Mirri ta Txiribiton, Gorka Knörr, Begoña ta Soledad, Iñaki Zabaleta, Joxan Goikoetxea, Egan, Amaia Zubiria, Ganbara, Golden Apple Quartet, Juan Carlos Irizar, Jossek, Xabier Amuriza, Goiherriko Bertsolariak, In Fraganti, Takolo, Pirritx eta Porrotx, Mikel Markez, Luis Eduardo Aute, Miren Aramburu eta Xabier Euzkitze besteak beste. Azpimarratzekoak dira 1983tik Mikel Laboarekin elkarlanean eginiko grabaketa eta kontzertuak.

Joan Sanmarti, Victor de Diego, Iruña Big-Band, Gonzalo Tejada, Joaquin Chacon, Jackie Berecoechea, Victor Celada, eta abarrekin grabaketetak egin ditu kolaboratzaile modura.

Bakarlari moduan hiru disko atera ditu (1992, 2000, 2002); bi diska Iñaki Salvador Trioarekin (1989 eta 1998); bakarra Iñaki Salvador Trio eta Zilbor Hestearekin (1997) eta beste bat, Iñaki Salvador laukotea eta A. Olejniczakekin.