Bertsolariak

Salaberria, Sebastian

EHUko Euskara Institutuak argitaratua, Euskal Literaturaren Hiztegian.

Oiartzun, 1915 - Donostia, 2003

Oiartzungo Elbitxuri baserrian jaio zen, 1915ean, Sebastian Salaberria. Gazte-gaztetxo zela, umezurtz gelditu eta familia ugariko semea izaki, baserririk baserri morroi jardun behar izan zuen. Gaztea zelarik, bertsolaritza ezagutu eta praktikatu zuen lagunartean. Gerra Zibila etorri eta soldadu joan behar izan zuen, nazionalen bandoan, behartuta. Han zegoela hanka biak tirokatu zizkion beste bandoko gudari batek eta horren ondorioz oin bat moztu behar izan zioten. Nor zen beste gudari hori? Bizitzaren harrigarriak: bere anaia Kaximiro, nazionalengandik ihesi gudariekin gerra egitera lehenago joanda. Gerra bukatuta (eta Kaximirok kartzelaldia igaro ondoren gero) konturatu ziren horretaz, artean Sebastian ospitalean sendatzen zegoela.

Kontu horiek guztiak eta bere bizitzaren beste hainbat pasarte Neronek tirako nizkin (1964an) eleberrian bildu zituen. Donostian ematen zen Agora saria irabazi zuen nobela herrikoi horrekin. Salaberriaren eleberri hori hitz egiten duen liburua dela esan izan da. Agian horregatik izan zuen horrenbesteko arrakasta orduko euskaldunen artean: denbora gutxian agortu zen eta beste edizio bat atera behar izan zuten 1994an.

Autofikzioa delakoaz asko mintzatzen da azkenaldionetan. Izen hori ezagutu gabe ziurrenera, autofikzioa, eta ona, egiten du Sebastian Salaberriak bere bizitzaren pasarteak kontatuz: benetan gertatutakoetan oinarritu, bai, baina bere kutsua eta bere ikuspegi berezia itsatsi ere egiten ditu. Asmatutako koxkorren bat ere ez zen aparte izango. Norberaren bizitzaren trantze asko aurreikusterik ez badago ere, ederki planifikatu eta dosifikatu zituen Salaberriak Neronek tirako nizkin nobelaren pausoak. Bertsoak konposatzen diren moduan, azken atala da nobelari zentzu teleologikoa ematen diona. Ordura arte intrigari eusten dio, tentsioari noizbehinkako pasarte lasaiagoak tartekatuz.

Gure gertuko munduak XX. mendean zehar aldaketa harrigarri eta bortitzak jasan dituela esatea topiko bilakatu da dagoeneko, baina aldaketa horiek guztiak euskal munduan gertutik bizi izandako kontzientzia behatzaile batek zehaztasunez eta oso modu humanoan kontatzen badizkigu, gure interesa piztuko da, agian. Horixe lortzen du Sebastian Salaberriak. Bere belaunaldietako asko bere istorioarekin sentitu ziren identifikatuak, eta hor datza bere arrakastaren gakoetako bat.

Beste ezaugarri bat bere ahozko estilo zuzen, adierazkor eta malgua dugu. Euskaldunak, beste gauzetan ez, baina horretan onak izan ei dira oraintsura arte, ahozkotasunetik oso gertu, ahozko kultura batean sartuta bizi izan direlako. Sebastian Salaberria, behintzat, horren eredu argia dugu. Bere bertsozaletasuna ere horren adierazgarri da, bertsoak jartzen eta, noiz edo noiz, bat-batean botatzen trebea izaki. Nobelarekin saria irabazi orduko, beste sari bat eskuratu zuen jarritako bertso batzuekin ("Ama Euskerari" bertso-sortarekin). Zeruko Argia astekarira ere bidali zituen zenbait sorta. Igartzen da, beraz, zein izan den bere "literatur eskola": sagardotegietan, baserriko harremanetan, familian eta lagunarteko kontu-kontarizko lanetan landutako hura. Bere kontalari-sena bertan zaildu ei zen, koxkor adierazkorrei, ikuspegi orijinalei eta neurritsuei aukera emanez behin eta berriz.

Aita Zavala josulaguna horren jakitun zen, eta lehenengo liburuaren arrakastaren ostean, berriro ere tentatu zuen Salaberria oiartzuarra. Ordura arteko bertso sortak bildu, berorien testuingurua bizkor eta zehatz azaldu eta Nire soroko emaitzak (1984) liburua kaleratu zuen Auspoa Liburutegian. Aurreko liburua irakurrita, hobeto ulertzen dira zenbait bertso-sortaren inguruko zertzelada eta arrazoiak. Irakurrita eduki gabe ere, dena dela, irakurleak ez du haria galtzeko beldur handiegirik; izan ere, Sebastian Salaberriak berak egiten du sorta bakoitzaren testuinguruaren azalpena. Bere hizkera aberatsa modu errazean agertzen duelako inpresioa sorrarazten du, kostatu ez zitzaiolako itxura ematen duelako.

Aipatu berri den bertsolaritzak, eta Gipuzkoa aldekoak batez ere, zerikusi zuzena du sagardotegiekin. Horregatik ez da harritzekoa Salaberria bezalako bertsozale eta bertso-jartzaile batek garai batean ezagututako sagardotegien berri ematea. Halaxe agertu zen Sagardotegiak izenburudun liburua, 1997an Auspoa Liburutegian berriz ere. Jakina, ez da historialari batek egindako garai bateko sagardotegien azterketa, baina Salaberriaren memoriak, arlo honetan behintzat, badu historialari batek asetzeko moduko datu zehatz eta interesgarririk. Bere pasadizoak eta beste ezagunen pasadizoak dira liburu horren mamia, Sebastianen kontatzeko modu atsegin eta bizkorrez adieraziak, betiere. Harreman-sare ugari hedatu ziren sagardotegien inguruan eta Sebastianek hori guztia barrutik ezagutu duenaren zehaztasunez azaltzen du, pasadizo pertsonalez eta gertuko esparru bital batzuez baliatuta. Pertsonaia gogoangarri batzuek desfilatzen dute pasarteotan (Don Jose Almandoz, mediku bertsozale eta sagardozalea; Joxe Martin baserritar jator eta langilea, eta beste batzuk), bakoitzak zuen izaera berezia eta karisma zertzelada gutxi eta egokirekin Salaberriak ondo koloreztatuak.

Horixe izan zen bere azken emaitza liburuen munduan. Harrez geroztik, Sebastian Salaberriaren hiru mugarri garrantzitsu geratu zaizkigu, ahozko estiloko kontagintza mota bat ederki agertzen dutenak.