Aktoreak

Sagarzazu Badiola, Paco

Aktore gipuzkoarra Donostian 1940ko urtarrilaren 1ean jaioa.

Zinearekin izan zuen bere lehen harremana berak idazle bezala zuen zaletasunarekin uztartuta dago. Sagarzazuk arrakasta handiz Xaribari taldeak antzeztutako Balantzatxoa izeneko umeentzako antzerki lantxo bat idatzi zuen. Juan Miguel Gutierrez zuzendariak antzerki-muntaia ikustean zinemara eramatearen aukera ikusi zuen. Horrela jaio zen Balantzatxoa (1976), haurrentzako euskeraz filmatutako lehen metraje luzeko filma.

1977an Sagarzazuk Para no se quién izeneko eleberriaz Irungo Hiriaren saria lortu zuen.

Zineman bere lehen papera kasualitatez iritsi zitzaion. Garai hartan Donostiako Herri Irratian zebilen lanean eta lan hori Gipuzkoar Kultura Taldeko Tablado taldean antzerki amateurrarekin bateragarri zuen. Klara Badiolak, garai horretan Herri Irratian programa bat bere esku zuela, casting batera lagun egin ziezaiola eskatu zion. Sagarzazu bertan azaldu zen baina filmean parte hartzeko intentziorik txikienik gabe eta azkenik laurogeiko hamarkadako euskal zinemaren hasiera izan zen La fuga de Segovia (1981) banaketan parte hartzeko hautatua izan zen.

Laurogeiko hamarkadako lehendabiziko euskal zinema sorberrian lanean jarduna jarraitu zuen La conquista de Albania (1983) edo La muerte de Mikel (1983) bezalako filmetan. Bere lehen paper garrantzitsua Montxo Armendarizen Tasio (1984) zaindaria egitean iritsi zitzaion. Aktore autodidakta eta intuizioduna, interpretaziorako bere talentu bereziari eta protagonistaren antitesia zen pertsonaian kamuflatzeko bere trebetasunari probetxurik handiena atera zien. Armendaritzek, naturaltasunik gorena bilatu nahian, keinuen ekonomia eskatu zion eta Sagarzazuk lan bikaina egin zuen. Bere zaindaria, Tasiok aurre egiten dion sistema errepresiogilearen ikurra, bere borrokan irmoa da. Bere ibilera neketsua da, bere aurpegia espresiorik gabekoa eta bere jarrera urrunekoa eta hotza. Bizitzan hila, Tasioren askatasunez bizi izateko alaitasunaren aurkakoa. Azkenean, lekaio baten zintzotasunaz defendatzen duen sistema horren biktima.

Interpretazio bikain horren ondoren laurogeiko hamarkadako euskal zinean lan egiten jarraitu zuen Ferran Llagosteraren Gran Sol (1987) filmean beste paper garrantzitsu bat, Paulino Castro itsasoko eskarmentu handiko zaharrari bizia emanez, lortu zuen arte. Pertsonaiarekiko bere fusiorako gaitasuna enpirismo hutsagatik aberastu egin zen zeren aktore donostiarraren aita arrantza-patroia izan zen. Geroago Jose Maria Tuduriren Crónica de la Guerra Carlista-Karlistadaren kronika 1872-1876 (1988) filmaren kartel-buru izan zen Policarpo Amilibia kazetariarena eginaz eta Tudurirekin lan egin zuen berriz ere Santa Cruz el cura guerrillero-Santa Cruz apaiz gudaria (1990) filmean, Lizarraga jeneral karlista interpretatuz.

1992an Gracia Querejetarekin Una estación de paso filmean lan egiteko euskal zinematik lehen aldiz urrundu zen. 1994an Daniel Calparsororekin Salto al vacio filmean desadostasuna bizi zuen. Zinegile bien artean kimikarik egon ez zena egia bazen ere, oro har, Sagarzazuk zuzendari askorekin konplizitate harremanak ezarri zituen eta horrek paper desberdinetan bere onena ematea ekarri dio. Adibide ona Ramon Barearen Muerto de amor (1996) laburreko alargun sentiberatsua edo Telmo Esnal eta Asier Altunaren Txotx (1997) sagardotegiko jabea dira. Paper desberdinak, Sagarzazuren interpretazio ugarirako gaitasunaren adierazgarri direnak. Baina beti aktore bera eta zuzendariarekin konplizitatea aurkitu izanez gero, artista sentiberatsua baita, pertsonaiarekin bat egin eta duenik onena emateko gaitua.

Antonio Mecerorekin La hora de los valientes (1998) filmean lan egin ondoren eta bere Ramon Barearekin Pecata minuta (1999) izenekoan berraurkitu ondoren eta Gracia Querejetarekin Cuando vuelvas a mi lado-n (1999), eta Esnal eta Altunarekin 40 ezetz (1999) laburrean aurkituz, Karra Elejalderekin bere lehen lankidetza Año Marianon (1999) izan zuen eta Javier Fesseren La gran aventura de Mortadelo y Filemón (2003) filmean histrionismoz betetako papera osatu zuen. Tirania filmean egin zuen diktadorearen bere karakterizazio alaiak ospe handia eman zion eta aktore bezala Sagarzazuren talentu handia, berriz ere, erakutsi zuen. Geroago El coche de pedales-en (2004) Barearekin, berriz ere, lan egingo du; Karra Elejalderen Torapia (2004) "a-narco-comedia"n beste komedia errezitaldi bat ematen du eta Telmo Esnalek eta Asier Altunak metraje luzedun filmen esparruan euren opera primarako berriz ere beregan konfiantza jarri zuten Aupa Etxebeste (2005) filmean paper garrantzitsuenetariko bat emanez.

La familia Mata (2007) eta Cuéntame (2007-) bere telebista-agerraldiak estatu mailako bere entzutea sendotu egin zuten. Euskal zinegile gazteenganako bere konpromisoak edozein kasutan jarraipena izan zuen. Horrela de Aritz Morenoren Cotton Candy (2008) edo Anartz Zuazuaren Él nunca lo haría (2009) laburretan izan dituen agerpenak. 2008an Euskal Filmategiak bere arte ekarpena aitortu zion Carlos Roldan Larretaren Secundarios vascos de primera liburuan bere irudia sartzean.