Arkitektoak

Sáenz de Oiza, Francisco Javier

Nafarroako arkitekto garaikidea. Kaseda

Madrileko Arkitekturako Goi-eskolan graduatu zen 1946an eta "Aníbal Álvarez Saria" jaso zuen ikasketa-akademiko onenarengatik. Estatu Batuetan sakondu zituen ikasketak, San Fernandoko Arte Ederretako Akademiaren beka bati esker. 1949an itzuli zen Espainiara.

Madrileko Arkitektura Eskolan irakasle gisa aritu zen urte askoan. 1949an hasi zuen ibilbide hori Osasungarritasun eta Higiene eskolak emanez eta 1952. urtetik aurrera Proiektuetako irakasle izan zen. Azken betekizun hori 1983. urteraino luzatu zen.

1950ean, Luis de Laorgarekin batera, Arantzazuko santutegi berria (Gipuzkoa) egiteko deitutako Lehiaketa nazionala irabazi zuen; obra harri esker, Espainiako arkitekturako lehen lerroetan agertu zen Kasedakoa. Gainera, aipatutako obrari esker, 1954an Arkitekturako Sari Nazionala jaso zuen Oteiza eta Romanirekin batera.

"Espainiako bigarren arrazionalismo" izendatu zenaren ordezkari izan zen eta bizilagun-unitateak eta etxebizitzaz hornitutako auzoak egiteko jardunean barneratu zen. Hartako adibide dira hauek: Madrileko Erillas (1955); Entrevías (L. Cubillo eta M. Sierrarekin batera, 1956); Calero herrixka (1958); Batan bizilagun-unitatea (1961) eta Romani, Manglada eta Ferran lagun zituela, Loyola Auzoa (1962). 1958an Pozoko Andre Mariaren kapera eraiki zuen eta 1965ean Alcudiako "Hiri Zuria" (Mallorca).

Bere obra entzutetsuena Barajaseko autopistako "Dorre Zuriak" dira, 1961-1969 bitartean eraiki zituenak Daniel Fullaondo eta Rafael Moneorekin batera. Obra horretan Wrighten eragina antzematen da. Lehen etapan bere obretan Le Corbusierren eragina ikus daiteke. Obra hori Saenz de Oizaren adierazgarriena izateaz gain, gerraoste Espainiako arkitekturan ere adierazgarrienetakoen artean kokatzen da.

1971-1981 bitartean Madrileko Castellanako Bilboko Bankuko egoitza nagusia egin zuen. Ondoren, bere ibilbideak aurrera jarraitu zuen garrantzi handiko beste obra berezi batzuekin, esate baterako, M-30 errepideko etxebizitzak (1986-1989) edo Santanderreko Jaialdietako Jauregia, 1991n amaitu zuena.

Munduko arkitekto garrantzitsuenetakotzat jo izan da eta sari ugari eskuratu ditu. Beste askoren artean, aipagarria da bere karrera osoa aintzat hartuta Arkitektoen Kontseilu Nagusiko Urrezko domina eskuratu zuela 1989an eta urte hartan "Antonio Camuñas" saria jaso zuela. 1993an, berriz, Arte arloko Asturiaseko Printzearen Saria eskuratu zuen.