Etnografoak

Ruiz de Larramendi Echavarria, Jesus

Agurainen (Araba) jaio zen 1910eko urtarrilaren 15ean. Gasteizen hil zen 2004ko maiatzaren 18an.

Lanbidez arotza eta ebanista, musikaria eta txistularia, bizitzako azken urteetan jaioterriko etnografo eta historialari gisa nabarmendu zen. Jaioterrian bizi izan zen erretiratu arte eta behin erretiratuta, Arabako hiriburura joan zen bizitzera. Ekintza-gizona izan zen eta karguak izan zituen Aguraingo Udalean. Eusko Alderdi Jeltzaleko Eusko Gaztediaren lehendakaria izan zen. Aguraingo gaueko gurtzaren fundatzaile eta laguntzaile izan zen. 1980ko hamarkadan Arabako Etnografia Seminarioko lehendakari ere izan zen.

Erretiratu zenez geroztik, datu etnografikoak biltzeari ekin zion, On Jose Miguel de Barandiaranen galdeketari jarraiki. Artxibategi historikoetako informazio-bilaketekin eta bizipenen ekarpenekin osatu zuen ikerketa. Ikerketa haien emaitza Salvatierra-Agurain. Destellos de un siglo de historia lana izan zen, 1994an Ohitura. Estudios de Etnografía Alavesa aldizkariko 6. atalean argitaratu zena. Ruiz de Larramendirenak dira 1987 eta 2003 artean egindako ikerketa-kanpaina guztietan Atlas Etnográfico de Vasconia lanera egindako ekarpenak ere: elikadura, haur-jolasak, hileta-errituak, jaiotzetik ezkontzarainoko errituak, herri-medikuntza, janzkera herrikoia, abeltzaintza eta artzaintza, etxea, familia eta Aguraingo senar-emazteen arteko harremanak.