Literatoak

Rozas Elizalde, Ixiar (2002ko bertsioa)

Euskaraz idazten duen idazlea, 1972an Lasarte-Orian (Gipuzkoa) jaioa.

Informazio-Zientzietan lizentziatua Nafarroako Unibertsitatean eta Gidoilaritza masterra egin zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

1998an ipuin bat argitaratu zuen (Bataioa), 9808 Narrazioak ipuin bildumaren barnean eta Euskaldunon Egunkariak argitaratu zuen. 2000. urtean Edo zu edo ni (Erein argitaletxea) eleberria argitaratu zuen, Gipuzkoako Aldundiak literatura sorrerako eman zion beka bati esker. Izenburuak eleberriko Jose pertsonaiak Graziana emazteak maitale bat duela jakiten duenean ematen dion ultimatuma isladatzen du. Eleberri guztian zehar errealitatea eta ametsa nahasten dira eta protagonista nagusia den Grazianak, 58 urteko emakumea, momentu batzuetan ez daki bizitzen ari den egoera ametsa ez ote den. Hasieran emakume konbentzionala bezala agertzen dena, bidai baten ondoren izaera erabat aldatzen zaio, idazlearen hitzetan, "sentimendu guztiak bizkortzen" zaizkio. Eleberriaren estruktura ez da lineala, puzzle baten itxura dauka eta amaiera irekia dauka. Bestalde kritikariek zinemak eta olerkigintzak Rozasen prosan daukan eragina azpimarratzen dute. Idazleak berak adierazi duenez gehien interesatzen zaiona aditzera eman eta oroitzeko gai den prosa da eta Percy Adlon-en Bagdad café filmeak edukitako eragina aitortzen du. Filma honetako protagonista ere emakume bat zen.

2001ean Rozasek Arabako Foru Aldundiaren Ernestina de Champourcin olerki lehiaketa eskuratu zuen, Patio bat bi itsasoen artean lanarengatik. Urte horretan bertan Donostia Hiria ipuin lehiaketa irabazi zuen Korronteak izeneko kontakizun bati esker. Lan hau Parisen bizi den Cabo Verdeko Afrikako mutiko batek bere aita bilatzeko trenez egiten duen bidai bati buruzkoa da. Idazlea lan literarioak autorearen sexuaren arabera sailkatzearen aurkakoa da eta uko egiten dio "emakume literatura" delakoari.

2001ean Yako (Erein argitaletxea) narrazioa argitaratu zuen, hamar urte baino gehiagoko irakurleei zuzenduriko bilduman, nahiz eta autoreak irakurle helduentzat ere balio duela pentsatu. Txikitatik irla batean bizi den Yako izeneko neskatila baten istorioa kontatzen da bertan. Gehiegi maite duelako tristura egoera amaigabe batean bizi da. Neskatxak ezaugarri bat dauka: barruan sua dauka. Egun batean irlatik urruntzea erabakitzen du. Autorearen ustez, iniziazio-bidai batean istorioa da.

Rozasek gidoilari moduan telebistako zenbait serietan lan egin du, hala nola, Benta Berri (ETB), Compañeros (Antena 3) eta Teilatupean (ETB).