Pintoreak

Rota Martin, Narciso

Margolari garaikidea. Donostian jaio zen, 1926an, eta Iruñean hil, 2004an.

Bokazio goiztiarra izan zuen, eta hamalau urte zituela, Montes Iturriozen estudioan sartu zen. Bertan hasi zuen ibilbide profesionala, beste egile ospetsu batzuekin batera, hala nola Albizu, Gracenea eta Mentxu Gal. Era guztietako arte eta apainketa jardueretan interesa zuenez, Porcelanas Bidasoa enpresan ikastun sartu zen. Bertan, Urkixoko markesaren babespean, teknika eta gaiak sakondu zituen. Lehiaketa bidez dekoratzaile plaza irabazi zuen San Telmoko Museoan, eta Gonzalo Manso de Zuñiga bertako zuzendariaren eskutik, Ricardo Barojarekin, Martiarenarekin eta Olasagastirekin harremanetan hasi zen. Garai hartan, Jesus Basianoren obra ezagutzen zuen jada, eta Iruñean portzelana tailerrak antolatu zituen: "Talleres Limoges". Nafar hiriburuan behin betiko bizitzera geratu zen, eta, bertan, Basiano berarekin eta Crispin Martinezekin adiskidetu zen.

Haren lana eta erakusketarik garrantzitsuenak Iruñean, Madrilen, Baionan, Bilbon, Gasteizen eta Donostian lekutu ziren, eta San Telmoko Udal Museoak hainbat koadro ditu.

Erref. Martin-Cruz, Salvador: Pintores navarros.