Politikariak eta Kargu publikoak

Robles Canibe, Jose Luis

Merkataritzako nabigazioko kapitaina eta Euskal Herriko politikaria. Bilbon jaio zen 1927ko maiatzaren 20an eta hiri berean hil zen 2007eko urtarrilaren 27an.

Bilbon trenbide inguruko auzoetan hezia izan zen, Zabalan alegia -aitak Renfe enpresan lan egin zuen-, eta ezaguna egin zen bi legealditan Bilboko alkate izan zelako. Horren aurretik ere garrantzizko karguak izan zituen eta itsas inguruko enpresen kudeaketan ere eskarmentu handiko gizona zen.

Merkataritza nabigaziorako hainbat ontziretan kapitan lanetan aritu zen, baina denboraren poderioz lurreko karguetan aritu zen kudeaketa lanak bideratzen, Jesus Maria de Rotaeche almiranteak eratutako enpresa multzoan. Bestelako karguak ere izan zituen, esaterako: Naviera Vizcaína, S.A. enpresako merkataritza zuzendaria eta Pleitatze-burua; Naviera Química, S.A. enpresako aholkularia eta zuzendari nagusia eta Empresa Nacional Elcano, Transmediterranea, Empetrol eta Petronor enpresetako aholkularia. Horrez gain, Bilboko Portu Autonomoko administrazio batzordeko kidea izan zen (1991 - 1978 - 1979) eta Bizkaiko Nabigazio, Industria eta Merkataritza Ganberako batzordeko bokalea.

Nabigazioa hain ondo ezagutzea erabakigarria izan zen 1977ko maiatzaren 3an UCD alderdiak osatutako Gobernuan Nabigazio Zuzendari Nagusia izendatua izateko. Urte bereko abuztuan Lur gaineko Garraioetarako Goi Batzordean Merkataritza Nabigazioaren Idazkariordetzaren Aholkulari ordezkaria izendatu zuten. 1978 maiatzaren 2an kargua uzten du baina hurrengo urtean Euskal Kontseilu Nagusian parte hartzen du (Eusko Jaurlaritzaren aurreko erakundean) Industria, Energia eta Arrantza sailean (1979ko ekinaren 18an, baina 1979ko urrian berretsia Bizkaian hautatuak izan ziren Senatari eta Diputatuak ordezkatuz). 1980ko apirilaren 22an kargua hori ere utzi egin zuen.

1980an autonomia elkarteko lehendabiziko hauteskundeak burutu eta gero, Garraio, Komunikabide eta Itsas Arazoetarako Sailburua izendatu zuten 1980ko apirilaren 24an eta kargua utzi zuen 1982ko maiatzaren 14an. Beraz, postu horretan zegoela, besteak beste, Estatuak Gobernu Berriari eman beharreko konpetentzien transferentziaren inguruko negoziazioan esku hartu zuen (1981eko abuztuaren 13an onartua). Beste ekimen bat Euskal Herriko Abiadura handiko sarea Europako sarearekin lotzea izan zen, Bilboko eta bertako portuari zegokion sarbidea ere eratuz, hau da, euskal "Y grekoa".

Eusko Legebiltzarreko lehen hauteskunde horietan EAJ zerrendetan zegoelarik hautatua izan zen eta Legebiltzarreko Aurrekontu, Ogasun eta Ekonomia Batzordeko kidea izan zen. Dena den, 1983ko maiatzean Legebiltzarreko aulkia utzi egin zuen eta Koldobika Narbaiza Azpiazu bere ordez sartu zen.

Senaturako 1982ko urriaren 28ko hauteskundeetan parte hartu zuen AEJ alderdiaren zerrendan.

Ez da harritzekoa beraz, politikan hasi aurretik garraio eta arrantza munduan aritu izanagatik, Senatuan burutu zuen lana arlo horiekin zerikusia izatea. Horrela, hainbat batzordetako kidea izan zen, besteak beste, Turismo, Merkataritza, Energia, Industria, Arrantza eta Nekazaritza batzordea, Ingurugiro eta Lurralde Antolamendurako Batzordea, Komunikabide, Garraio eta Hirigintza batzordea, eta estatuko aireportuen egoera aztertzeko Batzorde berezia.

Senatuko hainbat batzordetan lan egin ostean, 1983tik aurrera halako dedikazioak behera egin zuen Bilboko alkate aukeratu zutenean. Baina, ikusiko dugunez, postu horrekin lotura zuzena zuen hainbat ekimen zirela eta, berriro lanari ekin zion, esaterako, Espainiako iparraldean izandako uholdeen zergatiak eta ondorioak aztertzeko batzorde bereziko 2. presidenteordea izanik. Aldez aurretik, 1983ko urtarrilaz geroztik antzeko batzorde baten kidea ere bazen, Levante aldean 1982ko urrian izandako uholdeak zirela eta.

1986ko hauteskundeetan ere parte hartu zuen, III. Legealdirako, eta senatari izaten jarraitu zuen 1989ra arte, hainbat batzordetan esku hartuz: Arrantza eta Nekazaritza Batzordea, Herri Lanetarako, Komunikabide, Garraio, Ingurugiro eta Lurralde Antolamendurako Batzordea eta emakumeen Berdintasunaren aldeko eta Europako Erkidegoen Batzorde mistoak.

Zalantzarik gabe, Roblesen irudia askoz ezagunagoa da Bilboko alkatea izan zelako, eta ez hor aipatu ditugun kargu eta postuetan egindako lanagatik. Berez, 1983ko maiatzaren 8ko udal hauteskundeetan hautagai abertzaleak botoen % 39,2a eskuratu zuen, 12 zinegotzi izanik. Horrela, gutxieneko gehiengoa erdietsi zuen.

Bere udal gobernuan eragin izugarria izan zuen 1983ko abuztuan Bilbok jasan zuen uholdea larria, inguruko beste herrietan bezala. Horrez gain, kontuan izan behar dugu udalak duela gutxi erdietsi zuela nolabaiteko askatasuna eta horren ondorioz, halako egoera larriari erantzuna emateko euskal esparruko hainbat erakundek elkarrekin lanean jardun behar izan zuten.

lehenik eta behin larrialdizko lanak burutu ostean (Alde Zaharra, Peñascal, Errekaldeberri eta Bilboko beste auzoak), Hiri osoaren berregituratzea finkatu eta kudeatu behar zuten. Uholdeak eragindako txikizioaz gain, krisi ekonomikoa hortxe zegoen eta langabezi tasa ere oso altua zen (ia % 20koa). Baliabide ekonomiko gutxi eskura izanik -azken urtetan Udalak berak jasan behar zuen arazoa zen-, arazo horren kudeaketa askoz zailago bilakatu zen. Maileguak eskatu zituzten bertako banketxeei udal langileen nominak ordaindu ahal izateko.

Beraz, Robles izan zen Bilbo berriaren sustatzaile eta promotoreetako bat. Ondorengo urteetan zehar garatu izan diren oinarriak orduan finkatu zituzten. Gero sortu zen Ria 2000 Korporazioaren sustatzaile haietako bat izan zen, Alde Zaharra eta Hiri osoaren berrikuntza lanak zehazteko ereduak finkatuz. Lehendabiziko egunetan uholdearen ondorioak konpontzen lagundu zuten boluntarioen omenez eginiko ekitaldian gizaseme batek harrikada bota zion eta horren ondorioz begi bat galdu zuen.

Berriro ere alkate bezala hautatu zuten 1987ko hauteskundeetan eta bertan EAJ alderdiak botoen % 27a eskuratu zuen. 1991ean politika utzi zuen eta 2007an hil egin zen minbiziak jota.

Espainiako Probintzia eta Udalen Federazioak alkate bezala burutu zuen lana goraipatu egin zuen, eta 2004ean Bilboko hiria eraldatzean egin zuen lanagatik saria eman zioten. Horrez gain, urrezko txikitoa saria ere jaso zuen, Bilboko Kontsula izendatuz. Hil ostean Hiriko Urrezko Domina ere jaso zuen.

  • BARBERIA, Jose Luis. "El linaje de Lopez", El País, 2009-02-15.
  • Nafarroako Legebiltzarreko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • Eusko Legebiltzarreko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • Kongresuko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • Senatuko Bilkura egunkaria. [Kontsulta data: 2012-12-20]
  • EGUIGUREN IMAZ, Jesus. Historia del socialismo vasco (1886-2009). Donostia: Hiria, 2009.
  • GUIMON, Julen. Euskadi y la Transición. Una narración en marcha. Bilbo: Burguete, 1996.
  • HUNEEUS, Carlos. La Unión de Centro Democrático y la transición a la democracia en España. "Monografías" Bilduma. Madril: Siglo Veintiuno, 1985.
  • MICCICHE, Andrea. Euskadi socialista. El PSE-PSOE y la Transición en el País Vasco (1976-1980). Madril: Pablo Iglesias, 2009.
  • SAINZ MORENO, Fernando, HERRERO DE PADURA, Mercedes, argit. Constitución Española. Trabajos parlamentarios. 4 ale. Madril: Cortes Generales, 1989.
  • UGARTE TELLERIA, Javier, koord. La transición en el País Vasco y España: historia y memoria, Leioa: Euskal Herriko Unibertsitatea, 1998.