Pintoreak

Regoyos Valdés, Darío

1857ko azaroaren 1ean Ribadesellan (Asturias) jaio eta 1913ko urriaren 30ean Bartzelonan hildako pintore paregabea.

Aipatu bezala, Asturiasen jaio zen, baina artistikoki eta alderdi espiritualari so euskalduna izan zen. 1871n Madrilera mugitu zen familiarekin eta 1877an Madrilgo Pintura, Eskultura eta Grabatu Eskola Berezian sartu zen, Carlos Haes jauna irakasle zuela. 1880an bidaiatu zuen Parisera lehen aldiz. 1881ean Brusela izan zuen jomuga. Han garai hartan Belgikan ziren artista eta idazle adierazgarrienak ezagutu zituen eta bere erakarpen eta begikotasunari esker, bere lekua egin zuen. Hiriburu hartan, hogeita hiru urte baino ez zituela, bere lehen pintura-erakusketa antolatu zuen L'Essor taldearen eskutik.

1883an Espainian zehar ibili zen Belgikako artista batzuekin. Hala, etengabe pintatzen ibili ondoren, Gaztelako giroa eta argia islatzen asmatu zuen. Gero Belgikara itzuli zen eta pintura arloan inpresionismoa sartzearen alde borrokatu zuen, erakusketa nazional ugaritara bertaratu zelarik. 1888an Espainiara itzuli zen eta desengainu handia izan zuen Espainiako artea atzerrikoarekin alderatu zuenean. 1889an Ingalaterrara joan zen. Urtebete igaro zuen nazio hartan, 1890ean Donostiara itzuli zen arte.

1891n berriro Brusela eta Ingalaterra bisitatu zituen. 1894an itzuli zen Bilbora eta 1895ean ezkondu zen. Ezkondu ondotik sarritan izan zen gure herrialdean heriotza heldu zitzaion arte. Arte Ederretako Erakusketa Nazionaletan izan zen 1890, 1892, 1897, 1901, 1904, 1908, 1910 eta 1912 urteetan. Era berean, beste hiriburu batzuetan ere antolatu zituen erakusketak. Parisen, Silberberg Galerian erakutsi zituen bere margolanak 1902an, beste pintore batzuekin batera. Lau urte beranduago, 1906an, Druet Galeria aukeratu zuen erakusketa zabaltzeko eta Bruselan Erakusketa Hispaniar eta Marokoarra (1883). 1911n Alemaniara jo zuen mingaineko minbiziari aurre egiteko, baina bi urte beranduago zendu zen.

Dario de Regoyos kolorista miresgarri gisa ezagutu eta goraipatu izan da, bere margolanak erakusgai jarritako erakusketa guztietan jaso zituelarik laudorioak. Mende amaierako Euskal Herriko pintore inpresionistaren adibide puru eta bakana izan zen. Bere obrek gure lurraldean pintura-teknika modernoek izan zuten arrakasta islatzen dute.

Gustavo Cochet pintoreak hau esan zuen:

"Regoyos poeta sentibera da eta haren pintura, literatura orotarik at, egiazko arimaren adierazpen purua da, bere errealitate barnerakoi eta sakonean". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Pio Barojak esan zuenez:

"espiritualtasuna teknikaren gainetik zegoen, pintore inpresionista onekin gertatzen den erara, eta ez bere garaiko beste paisajista batzuen moduan, izan ere, beste horiek arrunt eta fotografikoak baitziren". (Itzulpen moldatua gazteleratik)

Dario de Regoyosek obra asko pintatu zituen Donostian eta Errenterian. Nagusiki paisaiak egiten zituen eta beti margolan txikiak izaten ziren. Verhaeren poeta belgikarraren La España Negra (1899) irudikatu zuen. Pintore izateaz gain, Regoyosek arte-aldizkarietan idatzi zuen, gitarra jotzen zuen, abestu egiten zuen eta pianoa jotzen zuen belarriz.

Regoyosen obra asko bilduma partikularretan gordetzen dira. Interesgarrienen artean Miguel Utrillo idazlearen eskuetan edo Buenos Airesen bizi den Andres Garmendia bildumagile euskaldunaren eskuetan daudenak aipatu behar dira, eta baita museo ezberdinetan sakabanaturik daudenak, museo nazionaletan nahiz atzerrian. 1915ean Bilboko Artista Euskaldunen Elkarteak, Regoyos hil ostean, artistari omenaldia egin asmoz, erakusketa bat antolatu zuen eta arrakasta itzela izan zuen. Gerora pintorearen hainbat erakusketa egin dira Oviedo (1916), Bilbo (1919), Madril (1921), Donostia (1928), Bartzelona (1943) edo berriro Bilbon (1951). Horiez gain, aipagarria da Buenos Aireseko Museo Nazionalean 1957an egin zuten atzera begirako erakusketa. Azken hori pintorearen alabak, Paula Regoyos de Ferrerrek antolatu zuen, Espainiak Montevideon zuen enbaxadako kultura arloko kontseilariaren emaztea baitzen. Museoko eta Enbaxadako Zuzendaritzak eman zien babesa erakusketari.

1980an, Donostian, Regoyosi omenaldia egin zitzaion, hitzaldi-ziklo batekin eta San Telmo Museoan jarritako erakusketa antologiko batekin. Aldi berean, Madrilen, erakusketa antologiko bat antolatu zen Biosca galerian.

  • Paisaje (Andres Garmendia jaunaren bilduman)
  • El gallinero (Madrileko Arte Modernoaren Museo Nazionalean)
  • Ondárroa (Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoko Museoan)
  • Pórtico de Santa María de Durango (Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoko Museoan)
  • Peñas del Duranguesado (Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoko Museoan)
  • Plaza de Lerma (Bilboko Arte Ederretako eta Arte Modernoko Museoan)
  • La playa de Almería
  • De pesca
  • Siroco
  • La diligencia de Segovia
  • El paso del tren
  • Humo de fábrica
  • Noche de difuntos
  • La calle de Alcalá
  • El baño de Rentería
  • El tendido de sombra
  • Zortzico en Vizcaya
  • La Zurriola después de los toros
  • Otoño vascongado
  • Viaducto de Ormaiztegui
  • Tarde en Oyarzun
  • El muelle de Portugalete
  • La confesión en Guipúzcoa
  • Impresiones en la Concha de San Sebastián
  • Tarde de Verano en Fuenterrabía
  • Paisajes en Irún
  • El puente de Haro
  • El túnel de Pancorbo