Konposatzaileak

Ravel Deluarte, Maurice

Joseph Maurice Ravel (Ziburu, 1875eko martxoak 7 - Paris, 1937ko abenduak 26).

Maurice Ravel, edo Joseph Maurice, 1875eko udaberria ate joka ari zela jaio zen, hirugarren errepublikaren garaian. Ziburu itsasbazterreko herri arrantzalea da eta Donibane Lohizunerekin batera badia ederra osatze du Atlantiko aldera. Gaur egungo Quai Maurice Ravel (Maurice Ravel moila pasealekua) 1930eko abuztuan inauguratu zen eta kai osoan zehar hedatzen da zelatari. Han lekutzen da Maison Estebania edo "Maison Ravel", hau da, Mauricioren jaiotetxea. Estilo holandarrak itxura dotorea ematen dio eta itsasoari beha dago moila horretako 27. zenbakian dagoen alaka xumetik, garai hartan, Quai de la Nivelle izendatzen zena (12. zenbakia). Etxearen atzealdean erdi gordeka ate bat dago, eta hura zeharkatuz gero, oraindik ere paraleloan luzatzen den Pocalette kaleko 12. zenbakira aterako gara. Soslai flamenko horren atzean, kostako profil babestuan nabarmentzen dena, gela eta ganbara itsuak ezkutatzen dira. Horietan, dagoeneko garai hartan esaten zenez, Mazarino kardinalak atseden hartu bide zuen 1660ko ekainaren 9an Rey Sol eta Maria Teresa Infantaren (Felipe IV eta Isabel Borboikoaren alaba eta, horrenbestez, Carlos II. aren arrebaorde nagusia) ezkontzari bedeinkapena ematetik itzuli zenean. Egun, Atlantikora beha dagoen fatxada horretan Mauriceren jaiotza oroitarazten duen plaka bat kokatzen da eta tokiko turismoaren bulegoa hartzen du.

Hala, itsasoaren ertzean hasi zen haurtzaro zoriontsua (hala adierazi ohi da bederen), kresal usain sargarriz girotutako kolore, txistu, sirena eta enbata-boladen topagune magiko horretan; itsaso gogor eta irekiaren metaforaren mugan, infinitura zabal eta sakonera hedatzen dena, pelagiko, egunsentiari eta eguzki-sarrerari beha, Ravelen mundu zehatz eta orokorrean inpresionistari lauso; gustu bikaineko eta artifizio ingurunez hornitutako unibertso erakargarria, amaren Pirinioez bestaldeko lur folklorikotik urrun.

Maurice 1875eko martxoaren 7an jaio zen, mendearen amaiera aldera gertatu zen musikaren ernatze erromantikoaren gonapean. Egun batzuk lehenago, hilabete lehenago zehatzago esatera, otsailaren zazpian, Parisen opera antzoki dotore bat inauguratu zen, Charles Garnierrek diseinatu zuena. Palais Garnier delakoa, enblematiko izan zena eta dena oraindik. Han, adibide bat jartzearren, ondoren izan zuen oihartzuna dela medio oso nabarmena dena, mende erdi baino gehiago igarota (1928ko azaroaren 22an) bere Boléro, "ballet de caractère espagnol" ospetsuaren koreografia sensual eta probokatzailea estreinatu zen, Ida Rubinstein Errusiako dantzari eta mezenasak enkargatuta, izan ere, belle époque sasoiko ikur bihurtu zen dantzari hura Mauriceren laguna zen.

1875. urte horretan, gure mugetatik at beste pertsonaia ospetsu eta nabarmen batzuk jaio ziren, esate baterako, Alsazian, Albert Schweitzer jaio zen, Bach aztertu zuen musikologoa, teologoa, medikua eta organo-jotzaile alemaniarra, 1952an Bakearen Nobel Saria jaso zuena; Lübecken Thomas Mann idazlea jaio zen, 1929an Literaturako Nobel Saria jaso zuen musikazale amorratua; Pragan Rainer Maria Rilke jaio zen, alemanezko poesia eta prosa lirikoaren paladintzat jotzen dena; Suitzan, Carl Gustav Jung, Freud ondorengo mediku psikoanalista. Orobat, garai hartan, 98. belaunaldia osatu zuten zenbait intelektual eta idazle jaio ziren, beren dikotomia tragikoan, inperio koloniarra desagertzearen ondorioz ireki zen giro soziopolitiko eta kulturala baitaratu zutenak, hori da Gasteizko Ramiro de Maeztu edo Sevillako Antonio Machado unibertsalaren kasua.

Iragarpen gisa, urte horretan bertan, hots, 1875ean, talde inpresionistaren lehen erakusketak egin ziren; dena den, urte hori zerbaitegatik oroitzen bada, Frantziako musikari arras ezagun baten heriotzagatik da zalantzarik gabe, helduaro betean hil zena (egun gaztaroa esango genuke, berrogei urte bete gabe baitzituen): George Bizet. Patuak hark azken hatsa Bougival herrian ematea nahi izan zuen, hau da, "Inpresionismoaren habian", Monet, Renoir edo Sisleyk pinturetan erakutsi zuten Pariseko kanpoalde hartan. Carmen izan zen oihartzun handien izan zuen bere obra, agian historia guztian gehien berregin den opera. Maurice jaio baino lau egun lehenago estreinatu zen (urte hartako martxoaren 3an) Pariseko Théâtre National de l'Opéra-Comique ezagunean. Koliseo berezi horretan garai horretako orrialde eredugarritan agertu ziren mundu mailako hainbat première taularatu ziren, horien artean bost ekitaldiko operan garatzen den Pelléas et Mélisande obra zalapartatsua, Maeterlinck de Debussyren antzerki pieza batean oinarritua. 1902ko apirilaren 30ean erakutsi zen obra hura larunbatetako afaritarako artista talde porrokatu batek irmo eta sutsu babestu zuelarik: "Los apaches" (apatxeak) artista taldetxoa. Tartean zen 27 urteko Ravel bere asaldura hedatzen. Pelléas obra hark estreinaldi gatazkatsua izan zuen eta obrako biolen buru 1875ean jaiotako beste gazte bat ageri zen, Pierre Monteux. Podiumaren gainean erabakigarria izan zen Monteux frantziarra. 1911n Serguei Diaghilev errusiarraren Ballets russes musikala zuzentzeko ardura hartu zuen eta, horrenbestez, bere mundu mailako primizia guztiak, adibide batera, Stravinsky ospetsuarena (1911ko ekainak 13) eta 1913ko maiatzaren 29an Théâtre des ChampsÉlysées entzutetsuan oholtza gainean agertu zen La consagración de la primavera obra, irudikor eta asaldagarria izateagatik gogoangarria.

Diaghilev (Parisen Serge izenez ezagutzen zen) enpresaria izan zen eta dantzaren alde egiten zuen instituzio hartako (eragin handia izan zuena) sortzaile izan zen, garaiko nouvelles vagues delakoen sustatzaile eta baleteko enkargu garrantzitsuen arduradun, horien artean aipatuen eta aipatu gabeen artean "sinfonia koreografikoa" nabarmendu behar da, arlo horretan, koreografian, Michel Fokineren (Maurice Ravelen Daphnis et Chloé ) laguntza ukan zuelarik. Obra 1912ko ekainaren 8an aurkeztu zen Pariseko Théâtre du Châtelet antzokian. Urtebete lehenago oholtza horrek Petrouschka obraren estreinaldia hartu zuen, Vaslav Nijinsky karismatikoa gizonezko paper nagusian zela. Orobat, Théâtre des ChampsÉlysées antzokian, 1913ko maiatzaren 15ean Jeux, "Poème dansé" estreinatu zen, La consagración obra eskandalagarria baino bi aste lehenago; azken hori, dantzatua izateko espresuki idatzitako lehen obra izan zen, koreografia Nijinsky berak egin zuen eta azkena izan zen Debussyren orkestrarentzat. Bide batez, aipagarria da dagoeneko hogei urte igaro zirela Debussy beraren orrialdeko première delakotik, zeinak lehenengo musika-partitura inpresionista gisa kokatzeko pribilegio hipotetikoa izan ohi duen: Prélude à l'après-midi d'un faune (1894) obraz ari gara, zeina, garai hartan (1910) dagoeneko Nijinsky ubikuo eta txundigarriak dantzarako birsortu zituen piezen artean gogoangarrienetako bat izan zen.

"Musikan eskola inpresionistarik baden galdetzen badidazu, termino hori ez dudala inoiz musikarekin lotu esan behar dut. Pintura, ah, hori beste gauza bat da! Monet eta bere eskola inpresionistak ziren. Baina haren anaia den arte honetan ez dago haren baliokiderik".

[M. R., 1928ko martxoa; Orensteinen, 1989].

Ravelen borondate anbiguo eta paradoxikoari jarraiki, saihestezina da bera Debussyk hasitako korronte estetiko bereziaren jarraitzaile garrantzitsutzat jotzea; dena den, istorio eta katedrazko orekek eragindako beste konpositore bikote batzuekin gertatzen den moduan, haien berezitasuna anitza zen eta, Ziburuko autore itzelari dagokionez, eklektizismo saiatua nabari da, kutsu neoklasikoa eta instrumentalki birtuosoa duena. Horrek bereizten du Debussyrengandik eta horrek lotu zezakeen beste garaikide batzuekin, frantziar izan ala ez. Beste adibide bat milaka kilometro haratago aurki dezakegu, teklatuarekin eta konposaketan abilezia aparta zuen beste bati so; Serguei Rachmaninov dugu aipagai, nazioartean ospe handia ukan zuen piano-jotzaile ezaguna, zuzendari eta sortzaile izan zena, eta 1875ean bi urte bete zituena. Ravel eta Rachmaninovek, nolabaiteko sinkronismoa izan arren eta profesionalki (pianoa, atril eta mahaia) eta alfabetoari dagokionez hainbat antzekotasun izan arren, modu ezberdinean ulertu zuten azkenetan zen estetika klasiko-erromanikoarekiko konpromisoa; dena den, ez batak eta ez besteak ez zioten muzin egin estetika horri.

Mauricek berariaz itxura ahula izan arren paperaren gaineko erritmoan zehatza zen musika inpresionista gogo betez defendatu zuen berehala, jarrera barnekoi eta sarkastiko samarrean; hala, bere egin zituen bera baino nagusiagoa zen Debussy adiskide olde txarreko eta zalapartatsuaren manifestu, obra eta bereziak. Hala ere, Ravel, erlojugile eta egitura eta tinbrearen maisu, XX. mendeko Bach berrituaren gisan, emaitza onak eskuratzen saiatu zen koartada akademiko paregabea lagun. Kontserbatorioan emandako urteak ez ziren alferrik igaro. Bere bikaintasun gorenak jasotako tonalitatea iraultzen zuen, Andre Gedalge akademiko handiak ofizialtasunez eta zorroztasunez helarazi zion moduan; Gedalge oso ezaguna izan zen kontrapuntua eta fugaren lanketa zela medio. Baina, batez ere, Gabriel Faure modernistak transmititu zion sen hori, Pariseko Kontserbatorioko konposaketarako katedran Massenet ordeztu zuena, eta urteen poderioz hartako zuzendari izango zena.

Faure urte askoko eskola bateko aitalehen apaina izan zen, goitik behera frantziarra, harmonia-gustu oso onekoa eta jarrera arras nazionalista zuena. Faureren eskola horretan Maurice ikasle aurreratua izan zen beste pertsonaia ospetsu batzuekin batera, horien artetik Nadia Boulanger nabarmendu behar da, haren lekukoa hartuko zuena pedagogia arloan. 1911n, hemezortzi urteko gazte bat Granadoseko gomendio-gutun bat eskuan zuela, eserita zain zegoen haren bulegoaren aurrean, Kontserbatorioko zuzendariaren bulego errespetagarriaren aurrean. Lotsak gainezka egin eta alde egin zuen. Gazte hori, gerora bere musikarekin fintasun eta laztasun hori agertu zuena, Federico Mompou zen. Horrenbestez, diziplina handiko akademia gogorra zen, hasiera batean bere planteamendu estetiko eta egiturazkoekin zintzoa; Ravelek, bere maisutasun handia erabiliz eta ahalegin ez txikiagoa eginez, planteamendu hori Frantziako mugimendu inpresionistan batu zuen. Sailkatzen zaila, pertsonala eta, hala nahi ala ez, post-erromantiko eta aberkoia zen mugimendu hori, arte plastikoen aurretik nagusitu egin zen.

Zintzotasun eskolastiko horri esker, bere belaunaldiko lagun Claude Debussy saiatuarekin alderatuz izaera ez hain berezia zuten obrak egin zituen, baina sendoagoak ziren, teknikoki konplexuagoak maiz eta, paradoxikoki, askeagoa formaren ordezko ziren elementu erretoriko sinplistak erabiltzeari zegokionez, izan ere, Debussyk sistematikoki erabiltzen zituen eskala pentatoniko bitxi eta exotikoak edota tonu osoak. Egin gabeko opera batean oinarritutako (Schéhérazade ) "obertura fantástica" obraren estrainaldi goiztiarraren ostean (1899ko maiatzaren 27an estreinatu baitzen bere zuzendaritzapean Société Nacionale delakoan), Ravelek, bere sarkasmo kalkulatuarekin adierazi zuenez, tonu osoz mukuru zegoen, hainbeste non "bizitza osorako adina eta gehiago ere" idatzi baitzuen. Horrela, errepikan oinarritutako ihesbide laburrak, bionomia debussista sistematikoak, oihartzunaren efektu ahitua baliatuta edo gabe, Ravelengan beti tonu aldetik berezko tasuna izan behar zuen, artifiziosotik asko edo gutxi izan. Ezinezko ametsa, betierekoa, tradizioa eta modernitatea orekatzen dituena. Ravel berak bere ikasle eta lagun Roland-Manueli idatzitako orrialdeetan, bere Miroirs direlakoen definizioa eman zuen. Bi Miroir horiek 1928ko urrian aurkeztu zituen Chat noir kabareteko piano-jotzaile itzelak, Erik Satiek, pertsona zalapartatsua eta Mauricek ohoratzen zuena, hura bere alter ego lez defini baitaiteke. Esquisse autobiographique izenburu orokorra duen lekukotza hori La Revue Musicale aldizkariaren ale berezi batean argitaratu zen 1938ko abenduan, Ravelen heriotzaren urteurrena zela-eta.

"Miroirs [Ispiluak] obra inpresionismo gisa ezagutzen den mugimenduan barneratzen da. Ez dut baieztapen hori ukatuko, analogia modura hartzen bada. Analogia gordea, izan ere, itxura batean inpresionismoak ez du esanahi zehatzik pinturaz kanpo. Edozein modutan ere, ispilu hitzak [miroir] ez du iradokitzen nire aldetik arteari buruzko teoria subjetibista bat postulatzeko nahia".

(M. R.: E. a., 1928)

Bere gurasoak Aranjuezen ezagutu ziren, jatorri askotarikoak ziren. Bere aita, Joseph, ingeniari suitzarra zen eta musikalki jakintsua (Ravex, Ravet edo Ravez berezko ortografien arabera). Aitaren aldetik, beraz, jatorri suitzarra zuen eta goi Savoiakoa (Collonges-sous-Saleve). Lurralde horiek 1860an berreskuratu zituen Frantziak. Ama berriz, Marie, jatorri euskaldun-espainiarrekoa zen (Deluarte edo Delouart) eta, berehala, 1875eko udan Parisen kokatu ziren senar-emazteak. Bide batez, aipatu, Maurice ez zela bere jaiolekura itzuli hogeita bost urte pasa ziren arte, oraindik Kontserbatorio Nazionalean hartutako bizioak hartuta eta bere "affaire Prix de Rome" estuaren bezperan.

Han, Parisen, hamalau urte zituela sartu zen Kontserbatorioan. 1889. urtea zen, Pariseko Erakusketa Unibertsal arras entzutetsua burutu zen urtea. Erakusketa hark eragin handia izan zuen hurrengo hamarkadetako artearen geroan, mendebaldearen eta ekialdearen arteko topaketan. Bi ikasturte baino igaro ez zirela Maurice gazteak Charles de Beriot maisuaren piano eskolak jaso zituen. Beriot jotzaile eta pedagogoa zen, jatorri hispaniarra zuen, eta "la Malibrán" kantari ospetsuaren semea zen, alajaina! Hain zuzen, eskola horietan sortu zen bere harreman luze eta emankorrenetako bat, han ezagutu baitzuen Ricardo Viñes hispainiarra. Lleidako piano-jotzailea, Fallaren Noches obrako dedikazioaren xede eta ondoren Poulenc jaunaren maisua. Maurice bezala, 1875ean jaio zen (bien artean hilabeteko aldea besterik ez zegoen), eta interprete ona izateaz gain Ravelen adiskide eta lagun mina izan zen. Parisen estreinatu zituen Mauricek hauek: hari dedikatutako Menuet antique, Érard Aretoan (1898ko apirilak 18), "Velázquez visto por Liszt" [Jankélévitch] obra ezagun eta egileak erdeinatua, Pavane pour une infante défunte eta Jeux d'eau zoragarriak Pleyel Aretoan (1902ko apirilak 5), Miroirs Érard Aretoan (1906ko urtarrilaren 6an Société Nationalek emandako kontzertuan); azken horretako Oiseaux tristes hari eskainia dago eta, azkenik, Gaspard de la nuit pianoz jotzeko "tour de force" delakoa (1909ko urtarrilaren 9an, Miroirs obraren antolatzaile eta areto berean), triptiko ikaragarria zen eta hartako azken eta deabruzko hasperenean (Scarbo), berrogei urte lehenago (1869) Islamey "ekialdeko fantasian" Balakirevek planteatutako zailtasun tekniko izugarriak arintzeko saiakera egiten zen.

Maurice, Viñes eta beste artista batzuek, nahiz arte, literatura eta kritikaren (izan musikariak zein ez) inguruko hainbat pertsonek (bere lehen ikaslea, Maurice Delage; Florent Schmitt konpositorea; Emile Vuillermoz musika- eta -zine-kritikoa; Leon-Paul Fargue poeta; jatorri greziera zuen Michel Dimitri Calvocoressi idazlea; Paul Sordes pintorea - ?..."une sorte de Ravel de la palette" beste anaikide baten arabera; eta Tristan Klingsor poeta, besteak beste) Société des apaches zaildua osatu zuten belle époque garaia puri-purian zela; taldearen ibilia 1900. urtean hasi zen eta Lehen mundu-gerraren astinduek desagerrarazi zuten: "Attention les apaches!". Haien ereserkiak, hala izenda badaiteke, mende hasierako Parisek eta Tsarren Errusiak elkarrekiko zuten jaieraz ohartarazten digu, izan ere, Ravelek hala proposatuta, Borodinen Segunda sinfonía obrako lehen pieza zen. Ravelek Miroirs obran pieza bakoitza "apatxe" taldeko kide bati eskaini zion, omenaldi pertsonal modura. 1904-1906 bitartean konposatutako piano-ziklo horretan osatutako bi orri oparoenak orkestran zuen abileziari zor zaizkio: Une barque sur l'océan (1906) Sordesi eskainia eta bizitasun eta harrabotsaren aldeko deia "La Petrouchka andaluza" [Jankélévitch]: Alborada del gracioso (1919) Calvocoressiri eskainia. Gainerako "apatxe" taldeko kideei egindako eskaintzak honakoak: Noctuelles Fargueri eskainia, La vallée des cloches Delageri eskainia eta, aurrez aipatutako, Oiseaux tristes Ricardori eskainia.

"Ikuspegiak ez du bere burua aitortzen, bidaiatu eta bere burua identifikatzeko ispilu bat aurkitzen duen arte".

[M. R.: Noctuelles de Miroirs. Shakespeareren Julio Cesarren aipua].

Hain zuzen, Ricardo Viñes izan zen, konpositore grina ahul batez (gogoan izan bere Deux hommages obrak; Severac eta Satie konpositoreei eskainiak), bere alboan ageri zena bitan, miretsitako bere maisuekin lehen zertzeladak, ikasgaiak eta aipuak partekatu zituena. Hala, 1891n, hamasei urte bete berriak zituztela, nerabezaro betean, Tres valses románticos para dos pianos interpretatu zuten Emmanuel Chabrier handiaren aurrean; azken hori, une hartan berrogeita hamar urte betetzear zen; bestalde, dagoeneko 1900. urte enblematikoan, Ricardo bikote inpresionista haien tartean sartu zen, Maurice bera baino hamabi urte gehiago zituen Debussyren etxera gonbidatuz. Bikotea zen, baina independentea, izan ere, haien izaerak arras ezberdinak ziren eta horrela ezinezkoa izan zen harreman estuagorik eraikitzea; Frantzian sortu berria zen korrontea Europa erdialdeko jatorria zuen indibidualismo erromantikoaren makurtutako "chez Paris" hutsa zen kutsu modernista batean. Ildo horretatik mundu eslaviarra eta Errusia garaikide eta bereziki inperiala, Asiako berniz ilusiozkoa, nahiz arraza, landa eta folklorea isurtzen zuen Espainia premiazko ihesbide eta benetako inspirazio artistikoaren iturri ziren.

Satiren kasuan, ordea, zeina pertsonaia sailkaezina zen, korronte, eskola eta adostutako musika-zirkuluei iheskor, Joseph, aitari esker elkartu ziren Pariseko La Nouvelle Athenes kafetegi ezagunean. Ordutik Mauricek adeitasun handia senti zuen gizon harekiko. Begirune hori hari eskainitako Bon Maître (1913) lanean islatzen da, Tres poemas Stéphane Mallarmé sortako azkena. Are, bere estilo arduragabea, klixe eta suspentsoa antzeratu zuen bere abestietako batean, esate baterako, Ma mère l'oye delakoan edo, dagoeneko bestelako neoklasizismo bateko ertza urratuz, Concierto en sol delakoan. Ravel-Satie kidetza horrek ez zion beti etekina eman, Alfred Cortot bere ikasle aurreratu, piano-jotzaile eta pedagogoaren hitzetan.

Kontserbatorioan modernismoaren aurkako klan bat sendotu zen, hartako zuzendari, konpositore eta, batez ere, organo-jotzaile Theodore Dubois buru zela. Hori sekulako astindua izan zen Ravelentzat ikuspegi akademikotik so, uko setatsua Erromako Saria irrikagarriari begira: "Ravel afera". Porrot horrek, pixkanaka-pixkanaka eta denboran jauzia eginez, Frantziako konposizio, orkestrazio eta entsegu arloko beste izen handi batekin lotu zuen nahigabe: Hector Berlioz. 1905ean bere maisu eta jagole Faurek hartu zuen Kontserbatorioko zuzendaritza. Ordurako, Mauricek, artean gazte zela, bere obra pertsonaletako bi eskaini zizkion hari, Jeux d'eau pianorako eta bere Cuarteto ezaguna, baina beranduegi zen. 1901eko deialdian bigarrena izan zen (sari partekatua) Myrrha kantatari esker. Andre Caplet gailendu zen orduko hartan, Gabriel Dupontekin "ex aequo". Azken batean lehiaketa eta porrota batu zituen, tartean kaleko laudorio batzuk etorri baziren ere, esate baterako, Camille Saint-Saënsek egindakoa; horri, gainera, azken deialdian gehiegizko adina izateagatik (aste gutxi zirela medio) jaso zuen mespretxu bortitza gaineratu behar zaio, horrek eskandalua sortu zuen. Dena den, maiz adierazi izan da, arrazoi osoz, etsipen horrek ospe gehiago eman ziola saritutako izen ospetsuen zerrendan sartu izanak baino, ondorengo irainei kasu egiten badiegu.

"Ravel jaunak suhiltzaile [pompìers] dei gaitzake hala nahi badu, baina ez gaitu tenteltzat hartuko hargatik zigorrik jaso gabe"

(Frantziako Institutuko Musika Sekzioko kidea, Prix de Rome antolatzen indar handia zuena; 1905ean egindako mespretxua). [Jankélévitch: 1995]

Afera horren ostean, Ravelen bizitza profesionala irauli egin zen erabat eta prestigio handi batek inguratu zuen, gehiago ebatsi ezin izan ziotena. Jazoera andana horrek bat egin zuen bere kontzertu eta sinfoniako obra handien konposizioan ageri den heldutasunarekin (horietako batzuk aipatu ditugu jadanik); halaber, garai hartakoak dira interpretazioarekin egin zituen saiakerak, hala podiumean nola teklatuan (gutxiago oroitu eta balioetsi direnak). Aldi berean, berezko eta beste batzuen obrak baliatuz egindako orkestrazioen katalogo zabal eta funtsatua berezko konposaketek adinako mirespena ukan zuen. Horietako bat Moussorgskyren musika jasankorrean egindako sarraldia dateke, bereziki aipagarri dira Cuadros de una exposición (1922) bertsio arras ezagunean egindakoak, jatorriz pianorako sortuak eta Serge Koussevitzskyk enkargatua; edo aurrez Khovantchina (1913) operan Stravinskyrekin batera egin zuen sarraldia; halaber, aipagarri dira Schumannen musikarekin egindakoak (Carnaval, 1914), anitz miresten zuen Chabrier hartuta (Menuet pompeux, 1918), nahiz Debussy (Sarabande et Danse, 1923) edo Chopin hartuta egindako sarraldiak (Estudio, Nocturno y Vals, 1923). Izan ere, Ravelek goreneko trebetasuna hartu zuen arlo horretan. Hala, aurrez Rimsky-Korsakovekin gertatu bezala, bere orkestrazio zenbaitek jatorrizko obrak ordeztu izan dituzte hainbat hamarkadaz, onerako ala txarrerako, hobeto frantziarraren kasuan errusiarraren kasuan baino. Orkestrazio moderno eta garaikidearen teknika horren aitzindari nagusia Frantzia erromantikoan lekutu behar da, kutsu filogermaniko sakonak izan arren ez zirelarik izaera urrikoak; aurrez aipatu dugun Berlioz koka daiteke korronte horretan, gero teknika San Petersburgoko Kontserbatorio ospetsuko Errusia koloretsu eta exotikoan barneratu zen, azkenik bere jatorri frantziarrera itzultzeko.

1888an Charles-Reneren ikastaroetarako egindako Movimiento de sonata galdutako ariketatik (katalogoan aipatzen den lehen obra) Miroirs (1905) konposatu zuen arte, bere ekoizpenean pianorako musika da protagonista nagusia. Piano hori gehienean soloan agertzen da, zenbaitetan lau eskutara ere agertzen da (Schéhérazade "obertura fantastikoan" esaterako, gerora, bi orkestrazio "antzeko baina ez identiko" jaso zituena, eta baita, beranduago, obra homonimo bat ere) edo ahotsaren derrigorrezko akonpainamendu lanetan ere agertu da pianoa, abesti-ziklo batzuetan. E. T. A. Hoffmannen Der Sandmann kontakizun fantastiko entzutetsuan inspiratutako Olympia opera eta L'Heure espagnole delakorako partzialki berreskuratu zena, eta Erromako Sarirako egindako kantata zapuztuak eta kasuren batean galduak, esaterako, Callerhoe (1900, galdua), Les Bayadères (1900), Tout est lumière (1901), Myrrha (1901), Semiramis (1902), La nuit (1902), Alcyone (1902), Matinée de Provence (1903), Alyssa (1903) eta L'aurore (1905) piano-koadro horretan salbuespenak baino ez dira; hori bai, aparteko salbuespena merezi du bere Cuarteto en fa mayor esentzialak, 1903an sortu zuena eta "dagoeneko musika-egiturarekiko kezka zehatz bat islatzen duena" [M. R.: E. a.,1928]. Pianoarekiko lilura hori teklatuan izan zuen prestakuntza zorrotzaren osagarri modura ernatu zen. Prestakuntza zorrotz horretan ahalegin handiak egin zituen, Margarite Longek bere bizialdiaren azken aroan adierazi zuenez [M. Long, 1971]. Hark, konpositore handiekin sailkatzen zuen Ravel instrumentu horri zegokionez, hemeretzigarren mendean gailendu zena, mende artean profil erromantiko ondorengo ahuldu, ahitu eta espresionista zantzu batzuk agertzen zituena eta hogeigarren mendean ere sartu zena, Scriabin, Busoni, Casella eta, batez ere, lehen aipatutako Rachmaninov handiaren estiloetan eraginez.

Ravelen obrez osatutako xehetasunezko zerrenda (oro zorrozki zedarritua) bikaina da eta hainbat jardun nahasten dira: maisutasunez landutako konpromiso solteetarako konpromisoak, orkestrazioak edo aipatu ditugun obra pertsonalak; azken horien artean, pertsonen artean, aipagarri dira Ballade de la reine morte d'aimer (1894), - très rude - Sérénade grotesque (1894), bi pianotarako Habanera (1895, Viñes eta Marthe Dronek ere Pleyel Aretoan 1898ko martxoan taularatu zutena) eta, batez ere, aurrez aipatu dugun Menuet antique (1895); gerora etorri ziren funtsezko beste obra hauek: Pavane pour une infante défunte (1898, hamabi urte beranduago, 1910an orkestran interpretatu zena), "très doux" Jeux d'eau (1901), eta zirkunstantziala izan arren paregabea den Sonatina (1903-05), berez maila apaleko lehiaketa batean aurkezteko orri bat zen azkenekoa.

1905etik aurrera bere proiekzioak gora egin zuen etenik gabe, azken urteetan gehienbat, bai konpositore gisa bai bere obren interprete legitimo gisa ere; dena den, ez zuen berak nahi zuen maila atzeman, hots, ez zen garaiko beste birtuoso batzuen parera iritsi. Beste genero batzuekiko interesa agertu zuen eta, hala, erlijiozko generoa ez beste guztiak lardaskatu zituen. Nolanahi ere, pianoan konposatzeari ez zion inoiz utzi, instrumentu horren tasun tekniko neketsuenak nabarmenduz, Ondine melodia diabolikoan kasu, harmonia landuz Le Gibet obran edota erritmoa jorratuz Scarbo obran, nahiz "trois poemes pour piano a deux mains d'apres Aloysius Bertrand": Gaspard de la nuit (1908) obran; azken hori, S.I.M [Musikologiako Nazioarteko Elkartea] elkarteko aldizkariak egindako eskaera bati erantzunez sortutako obra eskolastikoa da; horiez gain, pianoz emanak dira Minueto sobre el nombre de Haydn labur eta zehatza Ma mère l'oye obrako "haurtzaroko poesia", lau eskutarako piano etxekoia, 1910eko apirilaren 20an berriki sortua zen Société inauguratzeko kontzertuan estreinatu zena, eta Faurek zuzendutako Nationale: Société Musicale Independant (hurrengo urtean orkestran interpretatu zen, eta 1912an baleterako moldatu zen gehikuntza batzuk egin ostean), S.M.I., kontserbadore eta franckianoaren aurkakoa zena; horiekin batera, Valses aipatu behar da, hartaz Debussyk zera esan zuen: "C'est l'oreille la plus fine qui ait jamais existe", baina geldiezina izaki parodia ere landu zuen À la manière de... direlakoen bidez, bere adore-emaileak, Casellak estreinatu zuena: alla Borodin - Vals bat - eta alla Chabrier - Fausto de Gounoden aria bati buruzko parafrasi bat - ; edo azpimarragarri dira orobat, Le tombeau de Couperin obra (1914-17, 1919an partzialki orkestratu zena) eta bere Toccata, azken horretan teknikaren trebetasuna nabarmentzen da. Amaitzeko, kontzertu solistako bere bi obra nagusiak aipatu behar, bitxia irudi dezakeen arren aldi berean konposatu zituenak (1929-31): Concierto para la mano izquierda en re mayor, Vienako Paul Wittgenstein desagertuaren omenez idatzia eta Concierto en sol mayor ezin hobea, berak pianoz jo nahi izan zuena estreinaldian, nahiz eta, azkenik lehen aipatu dugun Pleyel Aretoan Lamoureux orkestra zuzentzearekin etsi behar izan zuen; haren ordez, Marguerite Long izan zen teklatuan, hots, Concierto horren eskaintzaren jomuga.

"Sekula ez dut nire printzipio estetikoak azaltzeko beharrik izan, ez niretzat eta beste inorentzat. Ezinbestean egin behar banuke, Mozartek horri buruz egindako baieztapen sinplea erabiltzeko baimena eskatuko nuke. Bera musikak dena baitara dezakeela adieraztera mugatu zen, edozer gauza arriska dezake eta edozer pinta dezake, horrenbesteko liluraz, ezen azkenean beti musikak iraun egingo bailuke".

[M.R.: Esquisse autobiographique, 1928].