Pintoreak

Ramos Uranga, Gabriel

Bizkaitar margolari garaikidea. Bilbon jaio zen 1939an, eta hiri hartan hil, 1995ean.

Arkitektura ikasketak egin zituen Bartzelonan, eta baita San Fernandoko Arte Ederretako Eskolan ere, Madrilen, 1965ean. Era berean, kalkografiazko grabatua ikasi zuen Cuencan, 1969an. Grabatzaile gisa, lehen tailerra Armintzan ireki zuen, 1972an, eta hiru urte beranduago, Marrazarri litografia tailerra sortu zuen. 1966an, lehenbiziko erakusketa indibiduala egin zuen, Bilboko Illescas aretoan. Horren ostean, banakako eta taldeko hainbat erakusketetan aurkeztu zuen bere obra, bizkaitar hiriburuan (Arte, Mikeldi eta Ederti galerietan), Donostian, Madrilen, Bartzelonan, Cuencan, Oviedon, Salamancan, Sevillan, Valladoliden, Gasteizen, Frankfurten, Kolonian, Heidelbergen, Menorcan, Mallorcan, etab.

Ibilbide artistikoan zehar, sariak jaso zituen, pinturan zein grabatuetan: Arteder 82 Ohorezko Aipua (Arte Grafikoaren Nazioarteko Azoka), 1982an; Pinturako eta Grabatuko Lehen Saria, Bizkaiko Artean, 1985ean; Gure Artea Lehen Saria Grabatuan, urte horretan bertan eta Gure Artea Pinturako Lehen Saria, 1986an.

Ramos Urangaren obra museo hauetan ikusgai dago: Arabako Probintzia Museoa (Gasteiz), Cuencako Arte Abstraktuko Museoa, Bilboko Arte Ederretako Museoa, Madrileko Kalkografia Nazionalean eta Nurenbergeko Albert Dürer Haus (Alemania) museoan.

Hiru horma irudi egin zituen Lekeitioko Udaletxeko sabaientzat (Bizkaia), 1990an.

Marrazkilari bikaina zen heinean, grafismoa modu oso finean erabiltzen zuen, eta zenbaitetan keinuzko artisten antza izan dezakeen arren, erroak quattrocentoko marrazkian eta garai hartako deskribapen zehatzetan ditu. Grabatzaile bikaina izateak aukera eman zion pinturan teknika landuak ikertzeko, eta, horiei esker, kolore biziak eta gardenak lortzen zituen. Halaber, urrea, hondo beltzak, hondoak eta obaloak erabiltzen ditu, eta horrek guztiak margoei kalitate auliko landua ematen die. Azken urteetan, Ramos Urangaren abstrakzioa mugimendu zabaleko eta perspektiba amaigabeko ikuspegi barroko baterantz hurbilduz joan da, XVIII. mendeko veneziar izpiritu sentsuala, kultua, laikoa eta oparoa berreskuratzen duena.